Bizkaiko ibilbide geologikoa

Bizkaiko ibilbide geologikoa

IBILBIDE GEOLOGIKOA, BIZKAIKO ARROKA ADIERAZGARRIENEN BARRENA

Ibilbidea 19 arroka sedimentarioz eta bolkanikoz osatuta dago, eta Javier Elorza doktoreak (Mineralogia eta Petrologia Saila, UPV/EHU) egin zuen, 1988an, Emilio Barbera errektorea zela. Asmoa zen Bizkaiko arroka bereizgarrienak ezagutzera ematea bai herritar guztiei bai ikasleei. Era berean, erabilera didaktikoa ematen zaio Zientzien Fakultatean eta, bereziki, Lizentziaren lehen zikloan (biologia eta geologia). Hala, ikasleek gaia landu dezakete, geologia orokorreko irakasgaietako "landa-irteerak" egin aurretik. Arroka-lagin bakoitzak honako informazio hau biltzen du: izena, arroka mota (ebaporitikoa, detritikoa, kareharria, bolkanikoa, etab.), gutxi gorabeherako adina -milioika urtetan adierazita-, zer herritan jaso den, non jaso den, eta, hala behar izanez gero, zer enpresak eman duen.

Ibilbidearen hasieran, Bizkaian azaleratutako material zaharrenak daude (Trías-Keüper,≈215 milioi urte), gero Jurasikoko, Kretazikoko eta Eozenoko materialak, eta amaitzeko Kuaternarioko materialak. Bertan daude, halaber, mundu osoan ezagunak diren Gallartako sideritako eta burdin oxidoko meatokien mineralizazioak. Kuaternarioko materialak (50 urte baino gutxiago dituztenak) giza jardueraren hondakinak dira, Bizkaiko Labe Garaien zepak baitira, itsasora botatakoak eta itsas korronteek berriro ekarritakoak. Material horiek zementazio karbonatatu bizkorra izan dute (aragonitikoa), eta gaur egun hainbat metro potentziako barrak eratzen dituzte, Arrigunaga lurmuturra-Galea lurmuturra-Aizkorri-Barinatxe (Sopela) korridoreko labarretan eta badietan kokatuak. Arrigunagako hondartzan barra horiek kendu zituzten, hondartza eraberritzeko Bakio inguruko hondarpe natural bateko sedimentu hareatsuekin.

Ibilbidea osatzeko, azalpen-taula bat jarri da, Zientzia eta Teknologiako Fakultatean. Barneko argiztapenez baliatuta, irudi mikroskopikoak erakusten dira, konposizio mineralogikoa, arroka sedimentarioen eduki fosila, mikroegiturak eta begiratu hutsean ikus ezin daitezkeen beste alderdi batzuk ikusi ahal izateko. Horrez gain, jasotako lagin bakoitzaren kokaleku geografikoa adierazten da, dagokion azalpenarekin.

Hasiera batean, errepidearen eta UPV/EHUko Leioa-Erandio unibertsitate-campusa bereizteko hesiaren artean kokatu zen, eta gero, arboretuma egitean, askoz egokiagoa den leku honetara ekarri zen.