Agenda

Axlorko harri-koskorrak neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoa eta grafikoa eta konplexutasuna frogatuko lituzke

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/02

Irudia

Journal of Anthropological Research aldizkarian aurkikuntza deskribatzeko argitaratu den artikuluak beste ebidentzia bat gehitu du neanderthalen portaerari buruzko eztabaidan .

Ameriketako Estatu Batuetako Mexiko Berriko Unibertsitateko Antropologia Sailak argitaratzen duen Journal of Anthropological Research aldizkariak Neanderthal Graphic Behavior: The Pecked Pebble from Axlor Rockshelter izeneko lana argitaratu du azken zenbakian. Artikulu hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Marcos García, Blanca Ochoa eta Ignacio Barandiarán irakasleek egin dute. Artikuluak beste ebidentzia bat gehitu dio neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoari eta konplexutasunari buruzko eztabaida irekiari.

Lan horretan Erdi Paleolitoan grabatu zen hareharrizko harri-koskor baten azterlana aurkeztu da; harri-koskor hori Dima inguruko (Bizkaia) babes harritsu bat den Axlorko aztarnategian aurkitu zen, orain dela 30 urte baino gehiago. Aurkikuntzaren unean, pieza nahita aldatu zela deskribatu zen, baina harrezkero ahaztuta egon da. Argitaratu berri den artikuluan piezaren deskribapen berria eta dokumentazio osagarria eskaini dira, eta zalantzan jarri dira bai haren izaera antropikoa bai haren esanahia Goi Paleolitoaren aurreko, hau da, Homo sapiensaren aurreko hominidoen taldeen portaera grafikoaren erregistro murritza baina fidagarriari lotuta egoteko aukera.

Axlorko harri-koskorrak 45.000 urte ditu, gutxienez, eta X baten forma du grabatuta; ebidentzia horrek neanderthalen Europako portaera grafikoaren eta sinbolikoaren osagai lineala dauka. Forma horrek ikurren pixkanakako erabilera soziala irudikatzen du, ikusmen-pertzepzioan oinarritutako eraikuntzen bidez. Lineen egiturak eta sekuentzia erritmikoak Afrikako eta Ekialde Hurbileko Homo sapiens sapiens gizakiaren populazioetan ere agertu zen ez figurazko portaera kontzeptualizatua adibidez adierazten dute. Beraz, pentsamendu grafikorako gaitasunaren agerpena ez da gure espeziearen berariazko eta berezko fenomenoa.

Neanderthalen portaera sinbolikoaren ebidentziak ez dira ugariak Erdi Paleolitoan Europan. Ez dago ageriko ebidentziarik figurazko jarduera artistikoei buruz, eta apaingarri pertsonalerako elementuak urri-urriak dira, adibidez, Arcy-sur-Cureko aztarnategietakoak, hor ere orain dela 40.000 urte hezurrezko tresnak lineez dekoratu zituztela.

Axlorko harrian irudikatutako gai lineala hain maiz agertzen ez ziren eta ziur aski neanderthalen populazioen artean tradizio grafiko linealak bezalako eragina ez zuten beste adierazpide batzuekin (adibidez, La Ferrassieko kupulak eta La Roche Cotardeko figurazko pieza berezi bat) batera agertu zen; izan ere, tradizio grafiko linealak nolabaiteko sozializazio-maila erakutsi zuen Europan orain dela 60.000 urte, gutxienez, eta itxurazko dentsitate demografiko handiagoa egon zen unean gertatu zen. Tresna horiek Homo sapiens sapiens gizakiaren aurreko espezieek "arte higigarria" sortzeko eta erabiltzeko zuten gaitasun sinboliko-grafikoa berretsiko lukete. Ebidentzia horiek azken neanderthalen artean "jokabidearen modernitatea" agertu izanaren froga dira.

Axlorko aztarnategia Dima udalerrian (Bizkaia) dagoen haitzulo bat da, eta José Miguel de Barandiaránek aurkitu zuen 1930eko hamarkadan. Induskatutako maila arkeologikoek informazio ugaria eman dute neanderthalek harrizko tresnak (puntak, karrakailuak, aiztoak...) fabrikatzeko zuten moduari, jaten zuten faunari, ehizatzeko erabiltzen zituzten metodoei eta bizitegiak eta lantokiak antolatzeko zuten moduari buruz. Pieza hori Paleolitoko jokabide artistikoei eta sinbolikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta mendebaldeko Europan portaera horiei lotutako arrazoiei eta espezieei buruzko proiektu baten esparruan berrikusi da.

Laburbilduta, lan horrek arte higigarriko objektu berri baten berri eman digu neanderthalen testuinguruan, Erdi Paleolitoan. Horrela, Axlorko ebidentzia azken boladan neanderthalen populazioetarako zein sapiensen lehenengo populazioetarako metatu diren beste batzuei gehitu zaie. Gauzak horrela, eztabaida eta interpretazio elementu berrituak eman ditu Erdi Paleolitotik Goi Paleolitorako, hau da, Homo Neanderthal gizakitik Homo sapiens gizakirako trantsizioa eta tradizioan gure espezieari beren-beregi esleitu zaion jokabide modernoaren osaera ulertzeko. Axlorko harri-koskorrak eta antzeko beste ebidentzia batzuek neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoa eta grafikoa eta konplexutasuna frogatuko lituzkete, ia zalantzarik gabe.