Breadcrumb

Agenda

BCMaterials zentroko eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileek bakterioek imanak nola fabrikatzen dituzten aurkitu dute

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/04

Irudia

Bakterio askok burdin oxidozko (magnetita) iman nanometrikoak fabrika ditzakete, Lurraren eremu magnetikoan orientatzeko erabiltzen baitituzte, iparrorratz batek egingo lukeen moduan. Nanopartikula magnetiko edo iman nanometriko horiek oso interesgarriak dira aplikazio biomedikoetarako, bai diagnostikorako bai terapiarako. Gainberotze bidezko terapiarako (hipertermia) erabil daitezke, minbizi zelulak akabatuz eta osasuntsuei lehentasuna emanez; edo baita botikak leku zehatz batzuetan bakarrik emateko ere, pazientearen gorputza zeharkako efektu arriskutsuak izan ditzaketen drogaz bete behar izan gabe. Bakterioek sortutako nanopartikula magnetikoek kalitate handia dute egiturari eta kimikari dagokienez. Gainera, biobateragarriak dira, mintz biologiko batez inguratuta baitaude, "magnetosoma" bat osatuz.

BCMaterials zentroko (Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures) eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile talde batek, Mª Luisa Fernandez-Gubieda eta Alicia Muela buru dituela, bakterio horiek burdin oxidozko nanopartikula magnetikoak ekoizteko erabiltzen duten prozedura argitzea lortu du. Ikerketa ezin hobeto kontrolatutako hazkuntza baldintzetan egin dute, eta Europako tresna zientifiko garrantzitsuenak erabili dituzte nanopartikulen osaera prozesuen segimendua egiteko, esaterako: Triesteko Elettra sinkrotroia (Italia) eta Zaragozako Mikroskopia Aurreratuen Laborategiko bereizmen handiko mikroskopia elektronikoa.

Hona hemen ikerlanaren ondorioa: bakterioek kanpoaldetik lortutako burdina pilatzen dute lehenengo, "ferritina" izeneko proteina batean, atari balio jakin batera iritsi arte. Une horretatik aurrera, ferritinako burdina magnetita bihurtzen da, bakterio bakoitzeko burdin kantitatea areagotuz, magnetosomak guztiz eratu arte. Ferritinaren hasierako zeregina funtsezkoa da nanopartikula magnetikoak osatzeko, sinkrotroiaren bidez egindako erradiazioa xurgatzeko esperimentu konplexuek erakutsi duten moduan.

Emaitza hauek ateak irekiko dizkiote bioteknologiaren arloko metodoen bitartez bakterioen nanopartikula magnetikoak kantitate handietan ekoizteko aukerari. Ikerlana nanozientziaren eta nanoteknologiaren arloan kalitate, hedapen eta eragin handienetakoa duen "ACS Nano" aldizkarian argitaratu da.

Taldekideak: Mª Luisa Fernández-Gubieda, Alicia Muela, Javier Alonso, Ana García Prieto, Luca Olivi, Rodrigo Fernández Pacheco eta José Manuel Barandiarán.

BCMaterials BERC zentro bat da (Basque Excellence Research Center), eta propietate elektriko, magnetiko eta optiko aurreratuak dituzten material funtzionalen arloko ikerketaz arduratzen da. Zentroa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Magnetismoaren eta Material Magnetikoaren Taldetik sortu zen, erakunde hauen laguntzarekin: Ikerbasque (Zientziaren Euskal Fundazioa), UPV/EHU eta MCC. Gaur egun, Zientzia eta Teknologia Fakultatean gauzatzen du bere jarduera, baina etorkizunean Leioako Zientzia Parkean egongo da, UPV/EHUren Bizkaiko Campusean.