Breadcrumb

Agenda

"Ciencia en Acción" lehiaketak "¿Son raras las mujeres de talento?" antzezlana eta Pikasle aldizkaria saritu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/05

Irudia

Ciencia en Acción (zientzia ekinean) gaztelaniaz eta portugesez hitz egiten den herrialdeetako nazioarteko lehiaketak, XV. edizioan, UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko bi ekimen saritu ditu, emakumeek zientzia arloan izandako eginkizuna eta dibulgazio zientifikoa aldarrikatzen dituztenak, hurrenez hurren. Sarituek urriaren 6an jasoko dituzte diplomak, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Lehenengo saria joan den martxoaren 8an Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan antzeztutako "¿Son raras las mujeres de talento?" lanarentzat da; Anne Rougée egileak eta Eneko Lorente eta Marta Macho Stadler irakasleek aurkeztu zuten, modalitate honetan: "Zientzia dibulgazioko, metodo zientifikoko eta pentsamendu kritikoko lanak" (ARP-SAPC saria, Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico elkartea). Epaimahaiak kontuan hartu zuen zientzia arloan aitzindari izan diren emakume batzuen bizitza eta beren aparteko gaitasun zientifikoak garatzeko izan zituzten zailtasunak taularatzeko proposamen interesgarria, eta lan honi ohorezko aipamena egitea erabaki zuen.

Bestalde, Pikasle aldizkariak (http://pikasle.com), Zientzia eta Teknologia Fakultateko Josué Tonelli Cueto eta Ricardo Grande Izquierdo ikasleek sustatutakoak, Granadako Unibertsitatearen UGR saria irabazteko merezimenduak egin ditu, "Zientzia dibulgazioko lanak. Hedabideak" modalitatean. Pikasleri emandako sariak UPV/EHUko ikasle hauek eginiko argitalpenaren kalitatea aintzatesten du; ikastegiko matematika arloko jardueren eta matematikari loturiko beste albiste askoren komunikazio foro bihurtu da.

"Ciencia en Acción" lehiaketa honako hauek sustatu dute: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua, Matematika Zientzien Institutua, Fisikaren Espainiako Errege Elkartea, Espainiako Geologia Elkartea eta Urruneko Hezkuntza Unibertsitate Nazionala. Programa honek publiko zabalarengana hurbiltzen ditu zientzia eta teknologia, modu dinamiko, erraz eta atseginean. Helburu nagusia zientzia modu erakargarri eta motibatzailean aurkeztea da, gazteengan eta, oro har, jendearengan interesa pizteko eta lehiaketan zehar gozatzeko aukera emateko, hitzaldiekin, behatuz eta esperientzia handi honetan bat eginez.