Breadcrumb

Agenda

Etxean heztea: aztertzeko aukera bat

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/21

Irudia

Madalen Goiria UPV/EHUko doktoreak irtenbide posible batzuk proposatzen ditu etxean hezteak duen lege-aitorpen falta gainditzeko.

Etxean heztea zer egoera juridikotan dagoen aztertu du Goiria doktoreak tesi batean, Espainiako estatuko legeek arautzen ez duten errealitate bat baita hori. Gainera, deseskolaratzearen arrazoiak ikertu ditu, eta irtenbide posible batzuk aurkeztu ditu seme-alabak etxean hezteko bidea hautatzen duten familiek zailtasunak gainditu ditzaten. Horretarako, arreta bereziz erreparatu dio Flexi scholing edo denbora partzialeko heziketari.

Madalen Goiria La opción de educar en casa blogaren egilea da. Adierazi duenez, "etxean hezteari buruzko gaztelaniazko erreferentziazko blog bilakatu da". Zuzenbidean doktorea izanik, blogaren zati handi bat hezkuntza-aukera horren lege-alderdiei buruzkoa da, baina pedagogiako, soziologiako, antropologiako gaiak ere lantzen ditu, besteak beste. "Zeharkakoa da", dio egileak.

Nolanahi ere, etxean hezteko aukerarekin erlazionatutako gaiei buruz informazioa nahi dutenentzako erreferentzia baino zerbait gehiago da bloga. Izan ere, abiapuntua eta oinarrizko tresna ere bada doktore-tesi horrentzat, deseskolaratzearen mugimendua hasiera-hasieratik aztertzeko, gaur egun seme-alabak etxean hezteko hautua egiten duten familien motibazioak analizatzeko, Espainiako barne-ordenamendu juridikoan duen lege-egoera ikertzeko, eta lege-aitorpenik ez izateak seme-alabak etxean hezten dituzten familiei sortzen dizkien zailtasunak gainditzeko irtenbide posibleak proposatzeko.

"Hasiera batean, etxean hezteko hautua egiten zuten familiekin komunikatzeko kanal bat izateko beharrak eragin zuen bloga sortzeko ideia, administrazioaren zigorraren arriskuaren beldur direnez ez baita erraza izaten haiekin harremanetan jartzea", azaldu du Goiriak. 2007ko apirilean argitaratu zuen lehen sarrera blogean. Gaur egun, 700 sarrera baino gehiago ditu, eta egunean, batez beste, 300 bisita izaten ditu; egilearen arabera, "tesia egiteko oinarrizko iturria izateaz gainera, nahitaezkoa da epe laburrean eta ertainean sortuko diren errealitate berriak ikertzen jarraitzeko".

Denbora partzialean eskolaratzea, irtenbide bat

Zehazki, tesiak agerian utzi du etengabe aldatzen ari den errealitatea. "Orain arte ez zegoen azterketa enpirikorik, jakiteko zer familia-motak erabakitzen duten etxean heztea eta zergatik. Egin dudan lanean, aitzindari deitzen diedanak ezagutu ahal izan ditut. Gehienak atzerritarrak dira, baita kontsumismoaren aurkakoak ere; horregatik aukeratzen dute seme-alabak sistematik kanpo heztea. Gaur egun, ordea, familiek beste profil bat dute; aipatzekoak dira etxean heztea erabakitzen dutenak hezkuntza-sistemak haien beharrei erantzuten ez dielako, bai seme-alabek eskola-porrota edo bullying-a jasan dutelako, bai kultura-desberdintasuna dela medio egokitu ez direlako, esate baterako.

Nolanahi ere, Goiriak uste du familiak egoera zailean daudela, aukera horren aitorpen faltagatik. "Europako ordenamendu juridiko batzuetako araudiaren azterketatik etor litezke irtenbideak, haietan aukera hori onartuta baitago".
Doktoreak proposatzen duen aukeretako bat da Flexi schooling edo denbora partzialeko heziketa. Britainia Handian sortutako proposamen bat da, eta seme-alabak ikastetxera bidaltzen dituztenentzat nahiz etxean hezten dituztenentzat zuzendua dago. "Han, hezkuntza-sistemaren barnean, denbora partzialean eskolaratzeko aukera ematen dute ikastetxe batzuek, beste batzuek haurtzaindegi-zerbitzua edo eskolaz kanpoko zenbait jarduera eskaintzen dituzten bezala", azaldu du Goiriak. Horrenbestez, ikasleek ikastetxean jasotzen dute heziketaren parte bat, gainerako ikaskideekin batera, eta etxean osatzen dute hura.

Goiriak onartzen du ezen, denbora partzialeko eskolaratzea ezartzeko, nahitaez sistema aldatu beharko litzatekeela, "baina aldaketa hori ez litzateke izango erabatekoa". Hain zuzen, Espainiako konstituzioak ez dio eskolaratzea nahitaezkoa eta presentziala izan behar duenik; 6 urtetik 16ra bitartean nahitaezkoa dena heziketa da". Are gehiago, ikasketak urrunetik egiteko aukera ematen die sistemak ikastetxera joan ezin direnei, Urruneko Hezkuntza Berritzeko eta Garatzeko Zentroaren bidez (CIDEAD).

"Azken batean, etxean heztea eta eskolaratzea ez dute zertan izan hezkuntza-paradigmaren ikuspegi kontrajarriak. Alderantziz, bata bestearen osagarri izatera jo beharko lukete, denbora eta espazioa malgutzeak familia ingurune aldakor batera egokitzera behartzen duen mundu honetan", gaineratu du Goiriak.

Datu gehigarriak

Madalen Goiriak (Zornotza, 1958) Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu du La opción de educar en casa. Implantación social y encaje del homeschool en el ordenamiento jurídico español ("Etxean hezteko aukera. Homeschol aukeraren gizarte-ezarpena eta Espainiako ordenamendu juridikoan duen lekua") izeneko tesia, Jacinto Gil Rodriguez Zuzenbidean katedradunaren zuzendaritzapean. Gaur egun Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako irakasle titularra da.