Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUko Enpresen Kudeaketako Masterra/Executive MBAk bere 25. urtebetetzea ospatu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/27

Irudia

'25 urte masterrean, 25 urte Euskadiko ekonomian eta industrian' lemapean agintari ugari bildu ditu.

UPV/EHUko Enpresen Kudeaketako Masterra/Executive MBAk bere hogeita bostgarren urtebetetzea ospatu du, '25 urte masterrean, 25 urte Euskadiko ekonomian eta industrian' lemapean. Ekitaldian izan dira 25 urte hauetan zegokien legegintzaldia bete duten hiru lehendakariak ere, hots, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez. Masterra Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin sortu zen, eta Jon Landeta izan da masterraren buru, ordudanik. Ekitaldian izan dira, orobat, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao eta UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia.

Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresen Kudeaketako Masterra Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean ematen da 1988/1989 ikasturteaz geroztik. EHUko Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuak antolatzen du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak eta enpresa-ekonomia ikertzeko eta garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioak (FESIDE) babesten dute.

Lehenengo promozioko ikasleek 1989. urtean bukatu zituzten ikasketak eta, ordutik hona, mila ikasle baino gehiago ibili dira MBA master honetako ikasgeletan. Erabaki estrategikoak hartzeko eta lehen mailako zuzendari izateko beharrezko trebetasunak eskuratu nahi izan dituzten pertsonak, hain zuzen. Eta askok bete dute helburua, gaur egun euskal ekonomia berrian esku hartzen duten profesional bikainen harrobi horren bitartez.

Masterra abian jarri zenetik, bertatik igaro dira 1000 ikasle baino gehiago; askotariko arloetatik etorritako 100 irakasle inguru, besteak beste, unibertsitatetik, enpresa-mundutik eta hainbat aholkularitza-arlotatik; 200 konferentzia baino gehiago egin dira (enpresaren arloan edo administrazioetan punta-puntan aritu direnek eman dituzte beti); eta 50 bisita baino gehiago egin dira enpresetara.

EHUko Enpresa Ekonomian katedradun Emilio Soldevilla izan zen lehenengo zuzendaria, 2000. urtean hil zen arte. Masterra martxan jarri zenetik koordinatzaile-lanetan ibilitako Jon Landeta izendatu zuten, orduan, zuzendari, Gerardo Arreguirekin batera. 2006. urtean, Julián Pandok hartu zuen Gerardo Arreguiren tokia, eta Arregui Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko (Sarriko) dekanorde izendatu zuten, eta zuzendarikide ere jardun zuen, Jon Landeta berarekin batera. Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresen Kudeaketako Masterra da EHUk berak sortutako masterretan zaharrena. Gainera, bertakoa da kide gehien dituen Gradudunen Elkartea (400 kide inguru ditu), bai eta aktiboena ere.

Emilio Soldevillak ondasunak Emilio Soldevilla Fundazioari utzi zizkion, enpresa-ekonomia ikertzeko eta garatzeko (FESIDE). 2001. urteaz geroztik, masterra finantzatzen du fundazio horrek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Nolanahi ere, finantziazio-iturri nagusia ikasleek ordaintzen dituzten matrikulak dira. Master publikoa denez, kostuak baino ez dira ordaintzen; alegia, ez da etekinik izaten.

Zenbait enpresak zuzendariak ekartzen dituzte eskuarki, hala nola, Batz, Arteche, Tecnalia, Ingeteam, Euskaltel, Mercedes eta Gamesa enpresek. Lehenago, besteak beste Altos Hornos de Vizacaya eta Ericson enpresetatik ere ikasle ugari etortzen zen. Ikasleen jatorriaren eta haiekiko komunikazioaren bitartez, masterra Euskal Autonomia Erkidegoko bilakaera ekonomiko eta industrialean izan da, eta sartu ere sartu da. Hasieran, ikasle asko eta asko etortzen ziren burdingintzaren sektoretik eta administrazio publiko "hasiberritik". Ondorengo garaian, pisu handiagoa hartu zuten, lehenbizi, sektore industrialagoek; gero, IKTek; eta, gaur egun, teknologia berrien eta eraikuntzaren sektoreek (krisiaren ondorioz, birziklatzea dute xede). Dena den, industria-sektoreak indar handia izan du beti.

Enpresarekiko harremana beste hainbat alderditan ere islatzen da, hala nola, bisitetan, konferentzietan, ikasleek beren enpresei buruz egiten dituzten banakako lanetan eta, duela zenbait urtetik hona, ikasleek master amaierako lan gisa taldeka egiten dituzten benetako enpresa boluntario bati buruzko plan estrategikoetan. Urtetik urtera, ikasleen erdiak, gutxi gorabehera, ingeniariak izaten dira; eta, gainerakoak, zientzia-, ekonomia-, zuzenbide- eta gizarte-arloetakoak. Masterra hasten duten ikasleen batez besteko adina 38 urtetik gorakoa izaten da. Horrek esan nahi du, batez beste, 15 urte baino gehiagoko esperientzia dutela, eta esperientzia hori guztia ikasturte bakoitzeko (40 ikasle) batuta, edizio bakoitzean 600 urteko lanbide-esperientzia metatzen da.

25 urteotan, masterrak ohorezko 19 irakasle izan ditu. Hona hemen aipagarrienak: Manuel Fernández, Babckok Wilcox enpresaren zuzendari nagusia 1992an; José Ignacio Barroeta, BBK-ko zuzendari nagusia 1993an; José Alberto Pradera, Bizkaiko ahaldun nagusia 1994an; Juan José Ibarretxe, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea 1997an; Andrés Arizkorreta, CAF enpresaren zuzendari nagusia 1998an; José Antonio Garrido, Iberdrolako lehendakariordea 1999an; Koldo Saratxaga, Irizar, S.Coop. enpresaren zuzendari nagusia 1999an; Josu Jon Imaz, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua 2000an; Constan Dacosta, Grupo Eroski, S. Coop.eko zuzendari nagusia 2003an; Gabriel Inclán, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua 2004an; José Luis Jiménez Brea, Grupo Artecheko zuzendari nagusia eta Ezagutzaren Klusterreko lehendakaria 2005ean; José Luis Fernández, Bodegas Faustino Martínez enpresako kudeatzailea 2006an; Mikel Urizarbarrena, Panda Softwareren sortzaile eta lehendakaria; Pedro Luis Uriarte, INNOBASQUEn lehendakaria 2008an eta BBK-ko zuzendari nagusi ohia; Juan Ignacio López Gandasegui, Aernnova, Aeroblade eta Orisol enpresetako lehendakaria 2009an; Javier Echenique, Banco Guipuzcoanoko lehendakaria 2010ean; Alberto García Erauzkin, Euskalteleko lehendakaria 2011n; Belén Frau, IKEA Iberiako zuzendari nagusia 2012an; eta Josu Ugarte, Mondragon Internacionaleko lehendakaria aurten, 2013an.

Ohorezko 19 irakasle horiez gain, goi-mailako eta askotariko jatorrietako hizlariak izan ditugu masterreko ikaslgeletan. Besteak beste, irakasle aritu ziren Eusko Jaurlaritzako zenbait arduradun, hala nola, Ana Aguirre, Jon Darpon, Gabriel Inclán, Josu Jon Imaz, Bernabé Unda, Carlos Aguirre, Juan José Ibarretxe, Ramón Jaúregui eta, Espainiako Gobernuaren izenean, Carmen Alborch. Kirol-munduko ordezkaririk ere izan da: Edurne Pasabán, Unai Basurko, Fernando García Macua (Athleticeko lehendakaria), José Luis Astiazaran (Real Sociedad taldeko lehendakaria) eta Gorka Arrinda (Bilbao Basketeko lehendakaria), esate baterako.

Bankuen arloko zenbait ordezkarik ere izan dute tokia masterrean: Mario Fernández (Kutxabank), Pedro Luis Uriarte (BBVA), Javier Echenique (Sabadell-Guipuzcoano), Carlos Oses (Ipar Kutxa), Txomin Garcia (Caja Laboral - Euskadiko Kutxa), Elias Atutxa (Caja Laboral - Euskadiko Kutxa) eta José Ignacio Barroeta (BBK) izan dira bertan. Eta enpresa sozialek honako hauen jakintza eta esperientzia eskaini dute: Mikel Rentería (WOP), Francisco Recio (Medicos del Mundo - Munduko Medikuak eta Proyecto Hombre), Txema Franco (Lantegi Batuak) eta Peru Sasiarena (Fiare).

Denbora honetan guztian, enpresaburu eta industrialari euskaldun zenbaitek ere eskaini diote beren ezagutza masterrari: Koldo Saratxaga, Javier Ormazabal, Iñaki López Gandasegi, Álvaro Bidegain, Luis Cañada, Jesús Esmoris, Juan Luis Laskurain, Constan Dacosta, Fabián Bilbao, Agustín Arambarri eta Jon Fernándezek, besteak beste.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapenerako Sailak betidanik eman izan du masterraren finantziazioaren zati bat. Lehen bi ahaldunak PSOE alderdikoak izan ziren (Rafael Iturriaga eta Juan Llorens); gero, José Luis Bilbao etorri zen, EAJ alderdikoa; haren ostean, EAko bi egon ziren (Sabin Arana Arana eta Izaskun Artetxe) eta, azkenik, EAJko ahaldunak berriz: Eusebio Larrazabal, Iñaki Hidalgo eta Imanol Pradales. Bakoitzaren atxikipen politikoa alde batera utzita, ahaldun horiek guztiek konfiantza izan dute Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresen Kudeaketako Masterrean.