Breadcrumb

Agenda

Euskal Herriko Unibertsitateak bere euskarazko liburuen uzta erakutsiko du Durangoko Azokan

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/04

Testu zientifiko eta akademiko aipagarrien itzulpenak eta jatorriz euskaraz idatzitako liburuak osatzen dute eskaintza.

Ohiturari eutsiz, aurten ere Euskal Herriko Unibertsitateak azken urtean zehar euskaraz argitaratu dituen liburuak erakutsiko ditu abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko den 48. Durangoko Azokan. Guztira, UPV/EHUko Euskararen arloko Errektoreordetzak 2013. urtean 17 titulu argitaratu ditu, horietarik 5 jatorriz euskaraz idatzitakoak eta gainerako 12ak itzulpenak. Azpimarratzekoa da Unibertsitateak ahalegin berezia egiten duela jakintza-arlo desberdinetan garrantzi berezia duten testu zientifiko eta akademikoen itzulpen lanean, publiko zabalarentzako ikusgarria izan ez arren, euskara zientifiko-akademikoa zabaltzeko ezinbesteko bidea baita. Xabier Etxaniz UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, "euskara jakintza arlo guztietara eta maila zientifikoan zabaltzen jarraitzen dugu, egunero gure lanean eta, argitalpen hauen bidez ere bai. UPV/EHUk urteak daramatza euskararen esparrua zabaltzen, instituzio akademiko moduan hori delako gure betebeharra, baina baita gizartearekin dugun loturari erantzunez".

UPV/EHUk Durangoko Azokara eramango dituen argitalpen guztien artean Jon Suduperen "Oi, Europa" liburu saritua azpimarratu behar da, 2013ko Euskadi Literatura Sariaren irabazlea izan baitzen euskarazko saiakera atalean eta, aurretik, baita Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketaren irabazlea ere.

Beste alde batetik, bildumei dagokienez, zientziaren dibulgaziorako Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratzen den ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumaren zenbaki berria nabarmendu behar da: Jerry A. Coyne-ren "Zergatik den egia eboluzioa" (ZIO 17). Euskal Literatura Sailak ere bere 13. alea dakarkigu nobedadeen artean, Jon Kortazarren zuzendaritzapean argitaratutako "Egungo euskal saiakeraren historia". Bestalde, pentsamenduaren historian garrantzitsuak izan diren autoreen obrak euskaraz biltzen dituen Limes bildumaren liburuki berri bat ere aipatu behar da: Banuch Spinoza-ren "Tratatu politikoa" (20. zenbakia). Eta, era berean, Legeak/Leyes bilduman, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren laguntzarekin, elebidun argitaratzen ditu Unibertsitateak Espainiako ordenamendu juridikoko lege testu garrantzitsuenetako batzuk. Aurten 15. liburua kaleratu da (bertsio digitalean eta doan), "Gizarte arloko jurisdikzioan erabiltzen diren hainbat ereduren bilduma elebiduna/Colección bilingüe de formularios utilizados en el ámbito jurisdiccional social".

Beste hizkuntza batzuetatik euskarara itzulitako liburuen artean aipatu daitezke Yunus A. Çengel-en "Bero- eta masa-transferentzia. Hurbilketa praktikoa", J. Susan Milton-en "Biologia- eta osasun-zientzietako estatistika metodoak", Robert M. Grant-en "Egungo estrategia-analisia", Antonio Lucas Marín eta Pablo García Ruiz-en "Erakundeen soziologia", William D. Nesse-ren "Mineralogiaren hastapenak", F. Comín, M. Hernández eta E. Llopis-en "Munduaren historia ekonomikoa. X.-XX. mendeak", Vanesa Fernandez eta Miren Gabantxo editoreen "Lurraldeak eta mugaldeak", eta Leire Urkidi eta Eneko Garmendia editoreen "Euskal zor ekologikoa: ondorio sozial eta ekologikoak Hegoaldean".

Eta, azkenik, jatorriz euskaraz idatzitako liburuen artean Koldo Zuazoren "Mailopeko euskara" eta Pako Suduperen "Eusebio Osa. Belaunaldi baten lekuko" azpimarratu daitezke.

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da, halaber, UPV/EHUko Euskararen arloko Errektoreordetzak jakintza-arlo desberdinetako 25 ikasmaterial argitaratu dituela urte honetan formatu digitalean, http://testubiltegia.ehu.es helbidean deskargatu daitezkeenak.

Euskal Herriko Unibertsitateak presentzia garrantzitsua izango du Durangoko Azokan aurten ere. Hain zuzen, bere erakusmahaiak hiru modulu beteko ditu (Goienkale 69-71).

Bestalde, Unibertsitateak hiru aurkezpen ere egingo ditu Azokako Areto Nagusian:

Eguna: abenduak 7, larunbata.
Ordua: 15:00.
Izenburua: "Eusebio Osa: belaunaldi baten lekukoa" liburuaren aurkezpena.
Partaideak: Pako Sudupe (idazlea) Xabier Etxaniz (UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordea) eta Txipi Ormazaetxea (hizkuntzalaria).

Eguna: abenduak 7, larunbata.
Ordua: 15:20.
Izenburua: "Mailopeko euskara" liburuaren aurkezpena.
Partaideak: Koldo Zuazo (egilea) eta Xabier Etxaniz (UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordea).

Eguna: abenduak 7, larunbata.
Ordua: 15:40.
Izenburua: Euskal Herriko Unibertsitateak 2013. urtean euskaraz argitaratu dituen liburuen aurkezpena.
Partaideak: Xabier Etxaniz (UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordea) eta Jesus Mari Makazaga (UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria).