Breadcrumb

Agenda

Zientzia eta Teknologia Fakultateak "Fullereno" eskultura inauguratu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/25

Irudia

Egiturak 12 pentagono eta 20 hexagonoz osatuta dago, 2,5 metroko diametroa du eta 130 kg pisatzen du.

Gaur "Fullerenoa"-ren, 2,5 metroko diametroa duen Fullereno molekularen eskulturaren, inaugurazioa egin da Bizkaiko kanpuseko Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatearen (UPV/EHU) hall nagusian.

Kimikaren Nazioarteko Urtea dela sortutako ekimenaren ondorioz egindako eskultura da. Jendearengan kimikaren erabileraren inguruan interesa piztuko duen material berriak erakusten dituen sinbolo bat sortu nahi zuten. Fullerenoa Juan Manuel Gutiérrez-Zorrilla eta José Luis Vilas Kimikako doktoreek eta Víctor Serna arkitektoak diseinatu dute. Pedro Pérez, UPV/EHUko Arkitektura eta Lanen zerbitzuko arduraduna, eskultura eraikitzeaz eta muntatzeaz arduratu da.

Fullerenoak guztiz karbonoz osatutako molekulak dira eta haien egitura geometrikoa esferikoa edo elipsoidala izan ohi da. 1985ean, Harold Kroto, Robert Curl eta Richard Smalley ikerlariek (1996ko Nobel Saridunak) lehenengo Fullerenoa aurkitu zuten, C60-a. 12 pentagonoz eta 20 hexagonoz osatuta dago eta erpinetan karbono atomo bana du. Izena Buckminster Fuller arkitektoaren omenez jarri zioten, izan ere, neurri batean, fullerenoek arkitektoak diseinatu zituen domo geodesikoen antza dute. Molekula interesgarri horiek izarrarteko espazioan aurkitu dira.

Fullerenoak 12 pentagono eta 20 hexagono ditu, eta gaurdanik, Zientzia eta Teknologia Fakultatean toki garrantzitsua hartu du. 2,5 metroko diametroa du -hasieran aurreikusi zena baino metro erdi gutxiago- eta 130 kg pisatzen du. Eskultura eratzeko erabili diren material ugariak kimikak biltzen dituen aspektu guztien isla dira. Beraz, karbono atomoak pagoz egindako bolak dira, horien arteko loturak aluminiozko barrak, eta egurra eta metalaren arteko krokadurak erretxina polimerikoz eta poliuretanozko zilindroez egin dira. Ondoren, azkeneko ukitua emateko, eskultura margotu dute eta berniza eman diote. Proiektua Kimikaren Nazioarteko Urtearen diru-sailen bitartez finantzatu dute. Horien barruan, UPV/EHUko Kanpuseko Errektoreordetzak emandako sailak nagusi dira.

Inaugurazioan Carmelo Garitaonandiak, kanpuseko errektoreordeak; Esther Domínguezek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak, eta Juan Manuel Guiérrez Zorrilla eta José Luis Vilas irakasleek parte hartu dute.