Breadcrumb

Agenda

Ínsula aldizkari prestigiodunak gaur egungo euskal literaturaren panoramika marraztu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/14

Irudia

UPV/EHUko LAIDA ikerketa taldeak egin ditu artikuluak, Argentinako eta Estatu Batuetako unibertsitateetako bi irakaslerekin batera.

Ínsula aldizkariaren azken zenbakia, 797.a, gaur egungo euskal literaturaren monografikoa da. UPV/EHUko irakasle Jon Kortazar eta Xabier Etxanizek aldizkariak biltzen dituen lanak koordinatu dituzte. Gaur egungo euskal literaturaren ikuspegi zabala ematen dute artikuluek. Gaur egungo literaturari buruzko Ínsula aldizkaria arlo horretako zaharrena da, 1946an sortu baitzen. Europako eta Ameriketako hispaniar ikasketen sailetan zabalkunde handia lortu du, eta alor akademikoan prestigio handienetakotzat jotzen dute.

Ínsula aldizkariak euskal literaturari buruzko lehen monografiko bat egin zuen 1998an eta zenbaki hau da, nolabait ere, orain 15 urte kaleratu zen horren jarraipena, 2000. urtetik orain arteko euskal literaturaren panorama aurkezten du.

Literatura Vasca: Puertos Abiertos du izena monografikoak. Informatikaren munduko metafora hori erabili du -ataka irekiak dira informatika ekipoak elkarren artean komunikatzeko erabiltzen dituzten bideak- eta informazio ireki eta plurala eskaini nahi du. Nolarebait, duela gutxi Benjamín Prado nobelagileak esan zuenari -"zerbait gertatzen ari da euskal literaturan"- erantzuna eman nahi dio.

Ínsulak bildu dituen lanak UPV/EHUko LAIDA (Literatura eta identitatea) ikertaldeak egin ditu. Jon Kortazar irakasleak zuzentzen du talde hori, eta 2003tik euskal literaturari buruzko ikerketa lanak egiten ditu. Helburu nagusia Egungo Euskal Literaturaren Historia egitea da. Izango dituen zortzi liburukietatik sei kaleratu ditu dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak. Ínsularen zenbaki honetan La Platako Unibertsitateko Mariela Sánchez, eta Michigan State Universityko (AEB) Joseba Gabilondo irakasleek ere parte hartu dute.

Hain zuzen ere, lanak bi taldetan banatzen dira. Alde batetik azken urteotako euskal literaturaren historiari buruzkoak daude, bere lorpen eta problemei buruzkoak, eta Egungo Euskal Literaturaren Historiaren ondorioak laburbiltzen dituzte. Hortaz, euskal nobela eta poesiaren (Jon Kortazar eta Javi Rojo), ipuinaren (Álvaro Rabelli), haur eta gazte literaturaren (Xabier Etxaniz), itzulpenaren (José Manuel López Gaseni) mapak eta ikuspegi orokorra (Joseba Gabilondo) egiten dira.

Bigarren taldean LAIDAk beste lan batzuetan jorratu dituen gaiak agertzen dira: memoria historikoa (Amaia Serrano, Mariela Sánchez), emakume idazleen presentzia gaur egungo sorkuntzan (Iratxe Esparza), nortasuna eta literatura gaia Harkaitz Cano eta Kirmen Uriberengan (Paulo Kortazar) Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela argitaratu berria (Iñaki Aldekoa).

Aldizkariaren azal eta kontrazaleko irudiak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Susana Jodrarenak dira.