Breadcrumb

Agenda

Lantegi Batuakek UPV/EHU saritu du urritasunen bat duten pertsonen gizarteratzean duen konpromisoagatik

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/29

Irudia

Lantegi Batuak-ek, urritasunen bat duten pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen alde lan egiten duen gizarte entitateak, bere 30. urteurrenarekin bat eginaz, Bizkaian urritasunen bat duten pertsonen laneratzea gehien babestu duten 22 erakundeak saritu ditu (11 enpresa eta 11 instituzio). Sarituen artean, UPV/EHU ere badago, Lantegi Batuak-eko arduradunen esanetan, "kolektibo honi ikuspena emateagatik unibertsitatearen ingurunean, gazteak errealitate honetara hurbilduz eta desgaitasunen normalizazioa erraztuz".

Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak jaso du saria Txema Franco Lantegi Batuak-eko zuzendari nagusiaren eskutik.

Gaur egun, Lantegi Batuak entitatea lorezaintza zerbitzuaz arduratzen da Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan eta garbiketa eta lorezaintza zerbitzuez Plentziako Itsas Estazioan. Leioa-Erandio Eremuan, 6 lagunez osatutako talde batek lorezaintzarekin lotutako lan guztiak burutzen ditu, hala nola, berdeguneen garbiketa, belardien sega, ureztapena, zuhaitzen kimaketa, zuhaixken mozketa, plazetan jarritako jardineren mantentze lanak eta lore parterreen landaketa. Bestalde, Plentziako Itsas Estazioan 3 lagun arduratzen dira lorezaintzaz eta beste 5 eraikinaren gune desberdinen garbiketaz.

UPV/EHUz gain, Lantegi Batuak-ek saritutako erakundeak honako hauek dira: instituzioen atalean, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao, Kutxabank, eta Ermua, Amorebieta, Mungia, Durango, Zalla, Derio eta Getxoko Udalak; eta enpresen atalean, Velatia-Grupo Ormazabal, Arteche Group, Mesa-Schneider Electric, Vicrila, Rothenberger, Cikautxo, Pronutec-Gorlan Team, ZIV, Eika, Legrand eta Salica-Campos.