Breadcrumb

Agenda

'Homofobia iraganeko kontua da' erakusketa Leioako Campusean ikusgai egongo da biharko Homofobiaren aurkako Egunera arte

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/16

Irudia

Homofobia iraganeko kontua da erakusketa maiatzaren 17an ospatzen den Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu diren ekintzen barnean dago, eta UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko hainbat ikastegitan egongo da ikusgai. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak eta UPV/EHUren Bizkaiko Ikasleen Kontseiluak antolatuta dago, eta Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren eta ALDARTE elkartearen laguntza du.

Homofobia iraganeko kontua da erakusketa ibiltaria Bizkaiko Campusetatik dabil apirilaren 22tik. Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoan egon da ikusgai, eta bihar, maiatzak 17, arte ikusi ahalko da UPV/EHUren Biblioteka Zentralean, Leioa-Erandio eremuan. Gero Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan egongo da.

Erakusketa horren bidez, sexu eskubideak giza eskubideak direla, eta, ondorioz, unibertsalak izanik, ez daudela ohituren edo sinesmen kulturalen menpe aldarrikatu nahi da. Halaber, sexu aniztasunarekiko fobia, gizatasuna kentzeaz gain, munduan zehar zabalduen dagoen gorrotoetako bat dela azaltzen da, hainbat herrialdetan gobernuek beraiek LGTTBI pertsonak (Lesbiana, Gay, Transexual, Transgenero, Bisexual eta Intersexualak) hil eta jazartzen dituztelako.

Erakusketa 13 panelez osatuta dago. Bertan LGTTBI kolektiboaren sexu eskubideek izan duten bilakaera azaltzen duten datuak aurki daitezke, euskaraz eta gaztelaniaz.

  • Giza eskubideez hitz egiten ari gara
    Sexu eskubideak giza eskubideak dira.
  • Giza eta sexu eskubideak unibertsalak dira: inork ez du lehentasunik bestearen aurrean, eta ez daude ohituren edo sinesmen kulturalen menpe.
  • Sexu aniztasunarekiko eta LGTTBI (Lesbiana, Gay, Transexual, Transgenero, Bisexual eta Intersexualak) pertsonekiko fobia munduan zehar zabalduen dagoen gorrotoetako bat da.
  • Oraindik ere zenbait herrialdetan LGTTBI pertsonak hil eta jazartzen dituzte.
  • LGTTBI pertsonei giza eskubide oinarrizkoenak, hau da, bizitzeko eskubidea eta askatasunerako eskubidea, ukatzen jarraitzen duten estatuak aipatu eta salatu behar dira.
  • Urtero gero eta herrialde gehiagok prestatzen dituzte pertsonen artean adostasun osoz dauden sexu jarduerak jazartzeko edozein moduren aurka borrokatzen duten lege antidiskriminatzaileak, nahiz eta oraindik ere aurrera egin behar den
  • LGTTBI pertsonenganako jazarpenak eta erasoak gizatasuna kentzen digute.
    Indarrak batu

Homofobiaren aurkako aurtengo kanpainak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Ikasleen Kontseiluaren eta UPV/EHUko Iñaki Goirizelaia errektorearen beraren laguntza izan du. Izan ere, errektoreak bere irudia laga du karteletan ager dadin.

Homofobiarik ez, No a la homofobia titulu generikoa izanda, aurten ekimenak hezkuntza arloan jarriko du arreta. Publizitate-kanpainaz, udalek eta mankomunitateek sinatu duten erakunde adierazpenaz eta erakusketaz gain, material didaktikoa prestatu da, Bigarren Hezkuntzako ikasleen tutoretza-orduetan garatzeko.

Material didaktikoa power point formatuan dago. Aldundiak 500 CD bidaliko ditu Bizkaiko ikastetxeetara, Berritzeguneen (hezkuntza prestakuntzarako eta berrikuntzarako laguntza zentroak) bidez. Aurkezpena tutoretza-ordu batean garatzeko moduan prestatu da. Jarduera osagarrietarako loturak ditu, gaietan sakontzeko.

Maiatzaren 17aren aurrekariak
Maiatzaren 17an homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako eguna ospatzen da, 1990eko maiatzaren 17an, hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako.

Ospatze horrek helburu bat baino gehiago ditu: alde batetik, homofobiaren aurkako sentsibilizazioa lortzea; eta, beste aldetik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ofizialtasuna ematea egun horri. Eskaera hori, LGBT elkarteek ez ezik, erakunde publiko askok ere defendatzen dute.

NBEk aurrerapauso handia eman du, Batzar Nagusiaren bilera batean eztabaidatu baitzen zigor kodeetan jardun homosexualei zigorra kentzeko proposamena. Hala ere, bozketan botoen % 35 baino ez ziren aldekoak izan, eta hori ez da nahikoa. Dena den, nabarmendu behar da proposamenak harrera ona izan zuela, eta horrek Bizkaiko Foru Aldundia bultzatu du gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko borrokarekin bat egitera.