Breadcrumb

Agenda

Medikuntza Historiaren Euskal Museoa, munduko 30 unibertsitate-museo miresgarrienetako bat

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/16

Irudia

Ostirala, maiatzak 17, ateak zabaltzeko eguna egingo da larunbatean ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginaz.

Rankingen bidez unibertsitateei buruzko argibideak ematen espezializatuta dagoen "Best Colleges Online" webguneak, UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa sartu du munduko 30 unibertsitate-museo miresgarrienen zerrendan. Ranking hau osatzeko unean kontuan izan dituzte erakunde horien arkitektura, baliabideak eta, batez ere, bilduma funtsak edota unibertsitatearen baitan betetzen duten irakaskuntza-funtzioa bezalako ezaugarriak.

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak Bizkaiko Foru zerrenda horretan agertzen den Estatuko zentro bakarra da. Bere aipamenean azpimarratzen den bezala, "XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herriko sendagileek, ospitaleek eta beste erakunde batzuek erabili dituzten 6.000 objektu baino gehiagoz osatutako bilduma bat dauka, eta baita aldi bereko medikuntza entziklopedia eta liburuez osatutako liburutegi handi bat ere, medikuntza garaikidearen historia kolektiboa gordetzen duena". UPV/EHUkoarekin batera, zerrenda horretan, besteak beste, Estatu Batuak, Kanada, Britainia Handia, Alemania, Frantzia, Italia, Australia, Singapur edo Israel bezalako herrialdeetako unibertsitate-museoak ere agertzen dira.

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa bere ezaugarriak dituen bakarra da Espainia osoan. 1982. urtean fundatu zuen José Luis Gotik eta, gaur egun, Anton Erkoreka irakaslea da zuzendaria. Ondare zientifikoa gordetzeaz gain, Museoak, zentro unibertsitarioa den neurrian, ikerketa eta irakasle betebeharrak ere baditu. Ikerketa arloan, geofisika, meteorologia edo gaixotasunen historia bezalako gaien ikuspegi globala tokian tokiko errealitatearen interesarekin batzen ditu osasun eta zientzia arlo desberdinetan. Eta irakaskuntza arloan, Mintegi Gelan klase magistralak eta mintegiak ematen dira eta osasun arloarekin zerikusirik duten titulazio ikasgai desberdinei buruzko praktikak ere egiten dira.

Museoen Nazioarteko Eguna

Beste alde batetik, ostiralean, maiatzak 17, UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak ateak zabaltzeko eguna egingo du (UPV/EHUko Biblioteka Nagusiko 3. solairuan, Bizkaiko Campusa, Sarriena auzoa z/g, Leioa) larunbatean, hilak 18, ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginaz. Museoa irekita egongo da 9:00etatik 14:00etara bitartean, eta 11:00etan bisita gidatua eskainiko da.