Breadcrumb

Agenda

Frogatu dute nanopartikula lipidikoak egokiak direla geneak eta botikak bideratzeko

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/28

Irudia

Nanoteknologia xede terapeutikoetarako erabiltzen ari dira EHUko ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Farmazia Fakultatean, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko ikerketa-taldea nanoteknologia erabiltzen ari da terapia genikoan eta farmakologian aplika daitezkeen formulazio berriak garatzeko. Hain zuzen, nanopartikulak diseinatzen dituzte, geneak eta botikak beren ekintza-lekura iritsi eta eragina izan dezaten.

Ikertzaile-taldeak urteak daramatza nanopartikula lipidikoekin lanean, eta terapia genikoan bektore gisa jokatzeko egokiak direla frogatu du. Terapia genikoa etorkizun handiko aukera da orain arte tratamendu eraginkorrik ez zuten gaixotasunen kasurako. Terapia horretan, azido nukleiko bat ematen da -adibidez, gene terapeutiko bat- gaixotasun jakin batean aldatuta dagoen proteina baten adierazpena modulatzeko. Hala, leheneratu egiten da asaldura biologikoa.

Oztopo nagusia da material genetikoa ezin dela formulatu ohiko farmazia-formetan, degradatu egiten baita organismoan eta ezin baitu bere eginkizuna bete. Oztopo hori gainditzeko, bektore biralak erabiltzen dira normalean, eta, haiei esker, gene terapeutikoa iristen da jomuga diren zeluletara. Hala ere, Alicia Rodríguez doktoreak azaldu duenez, "bektore birikoek desabantaila handi bat dute, tumoreak garatzeko ahalmen handia baitute. Hori dela eta, interes handia dago biralak ez diren bektoreak garatzeko, hala nola nanopartikula lipidikoetan oinarritutako bektoreak".

"Horren harira -jarraitu du doktoreak-, urteak daramatzagu erretinako endekapenezko gaixotasunak tratatzeko formulazioak garatzen, gaur egun ez baitago tratamendu eraginkorrik, sendatzailerik edo aringarririk gaixotasun horientzat. Ondorioz, pazientea itsu uzten dute, kasu askotan oso pertsona gazteak izanik". Egin dituzten ikerketak jada hasiak dira fruituak ematen; izan ere, dagoeneko lortu dute, arratoien begietan botika bat emanez, begian proteina bat agerrarazteko gai den bektore bat garatzea. Lan horretatik bi patente sortu dira, eta zenbait artikulu argitaratu dituzte ospe handiko aldizkari zientifikoetan; besteak beste, Human Gene Therapy aldizkarian.

Helburua: botikak hobeto xurgatzea
Disolbatzen edo xurgatzen zailak diren botikak emateko formulazio berriak garatzeko ere balio dute nanopartikula lipidikoek. Rodríguez doktoreak honela azaldu du zein den botika horien arazoa: "Kalkulatzen da farmakologikoki aktiboak diren molekula berrien % 40 disolbaezina dela edo zaila dela uretan disolbatzen; ondorioz, aktiboak izan daitezkeen molekula horietako asko ez dira inoiz klinikara iristen, formulazio seguru eta eraginkorra garatzeak dakartzan arazoak direla eta".

Farmazia Fakultateko ikertzaile-taldeak frogatu du eraginkorra dela botika-mota horiek nanopartikula lipidikoetan sartzean datzan estrategia: "Lipidoekin osatutako esferak dira, oso partikula-tamaina txikikoak, botika biltzen dutenak. Hala, ahotik hartutako botika hobeto xurgatzen da", azpimarratu du Rodríguez doktoreak.

Ikerketa horren zati bat Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) Véronique Préat doktorearen ikerketa-taldearekin lankidetzan egin da. Han, nanopartikulek hesteen mintza zeharkatzeko eta, ondorioz, botikaren iragazkortasuna handitzeko duten gaitasuna ikertu dute. Lan horren emaitzak Journal of Controlled Release aldizkarian argitaratu dira (espezialitate horretan ospe handia duen aldizkaria da).

Horrez gain, bi arloetan (terapia genetikorako bektoreak, eta botika disolbaezinak hobeto xurgatzea) aurrerapen garrantzitsuak lortzeari utzi gabe, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko taldeko ikertzaileak C hepatitisari lotutako arlo bat ari dira lantzen, eta hor ere emaitza positiboak lortzeko itxaropena dute.

Datu gehiago
Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko taldeak egindako ikerketak UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Sailean egiten dira, baita Lascaray ikergunean ere (UPV/EHU).

Talde hauekin aritzen dira lankidetzan:
Bernhard H. F. Weber doktorea, Regensburgoko Unibertsitatea (Alemania)
Véronique Préat doktorea, Lovainako Unibertsitate Katolikoa (Belgika)
Carmen Evora doktorea, La Lagunako Unibertsitatea (Tenerife)
Ignacio F. Trocóniz doktorea, Nafarroako Unibertsitatea

Argazki-oinak:
1. Irudia: terapia genikoa: Erretinoskisina proteinaren adierazpena (berdez), erretinaren epitelio pigmentudunaren lerro zelular batean (ARPE-19) RS1 genea sartu ondoren, nanopartikula lipidikoetan oinarritutako formulazio batekin. Urdinez, zelulen nukleoak. (Egilea: farmakozinetika, nanoteknologia eta terapia genikoko taldea)
2. Irudia: Alicia Rodríguez Gascón (ezkerretik, lehena) eta UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko ikerketa-taldea.

Aldizkari espezializatuetako argitalpenak:
- Beloqui A, MA Solinís, A del Pozo-Rodríguez, AR Gascón, A des Rieux, V Preat. Mechanism of transport of saquinavir-loaded nanostructured lipid carriers across the intestinal barrier. Journal of Controlled Resease 2013, doi.org/10.1016/j.jcon
http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/23266764

- D Delgado; A del Pozo-Rodríguez; MA Solinís; M Avilés; BH Weber; E Fernández; AR Gascón; Dextran and protamine-based solid lipid nanoparticles as potential vectors for the treatment of X linked juvenile retinoschisis. Human Gene Therapy 2012; 23:345-355.
http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/22295905

- D Delgado, AR Gascón, A del Pozo-Rodríguez, E Echevarria E, AP de Garibay, JM Rodríguez, MA Solinís. Dextran-protamine-solid lipid nanoparticles as a non-viral vector for gene therapy: In vitro characterization and in vivo transfection after intravenous administration to mice. International Journal of Pharmaceutics 425: 35-43 (2012).
http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/22226874

- D Delgado; A del Pozo-Rodríguez; MA Solinís; AR Gascón. Understanding the mechanism of protamine in solid lipid nanoparticle-based lipofection: the importance of the entry pathway. European Journal of Pharmaceutics and Biopharmaceutics 79: 495-502 (2011).
http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/21726641

- Del Pozo-Rodríguez A, Delgado D, Solinís MA, Pedraz JL, Echevarría E, Rodríguez JM, Gascón AR. Solid lipid nanoparticles as potential tools for gene therapy: In vivo protein expression after intravenous administration. International Journal of Pharmaceutics 385: 157-162 (2010)
http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/19835940