Breadcrumb

Agenda

Neurozientzietako Euskal Ikerketa-Komunitatearen lehenengo biltzarra Bilbon izango da

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/08

Neurogune 2013 sortu da garuna ikertzen duten diziplinak aldizka elkartzeko biltzarra izateko asmoz.

Achucarro ikerketa-zentroak (Achucarro Basque Center for Neuroscience) neurozientzietako euskal ikerketa-komunitatearen lehenengo biltzarra antolatu du. Biltzarra Bizkaia Aretoan uztailaren zortzian izango da.

Neurozientziak garuna ikertzen duten ezagutza-arloak dira, besteak beste, neurologia, psikiatria, psikologia eta baita neurozientzia kognitiboa eta neurobiologia ere, batzuk aipatzearren.

Informazioari eta ordenagailuei lotutako adibide bat ematearren, biltzar honetan jakitera emango dira garunaren hardwarearekin eta softwarearekin zerikusia duten lanak, bai garunaren oinarrizko mailei (geneak, molekulak, zelulak) buruzkoak, bai sistematzat hartuta, garunaren funtzionamendua aztertzen dutenak (kognizioa, psikologia, psikiatria).

Zientzia-foro honek neurozientzien arlo guztietako ikerketaren urteroko hitzordu bihurtu nahi du, ikerketa-komunitateari kohesioa ematen laguntzeko asmoz. Ikertzaileek euren espezializazio-arloetako lanak azaldu, etorkizuneko ikerketa-egitasmoak eztabaidatu eta baliabide teknikoak konpartitu ahalko dituzte.

Euskal ikerketa-komunitatea 400 bat ikertzailek osatzen dute. Ikertzaileek ?ikasleen eta senior zientzialarien bitarteko eskarmentu-maila guztietakoek? ikerketa biosanitarioko unibertsitateetan, ospitaleetan eta institutuetan, ikerketa- eta teknologia-zentroetan eta enpresa eta ekimen pribatuetan jarduten dute. Pertsona horien guztien erdiak baino gehiago Neurogune biltzarraren lehenengo edizio honetan elkartuko dira.

Biltzar honek bereziki tokiko komunitateko kideak batu nahi baditu ere, hizkuntza ofiziala ingelesa izango da, hainbat arrazoi direla eta: esparru horretako zientzia-komunikazioak egiteko hizkuntza ofiziala da; eta, horrez gain, neurozientzietako euskal ikerketa-komunitatea jada osatzen dute hainbat jaioterritako pertsonek, euren ikerketa Euskadin garatzea aukeratu dutenek.

Biltzarraren egitaraua

Biltzarrean 30 proposamen artean aukeratu diren zortzi ahozko komunikazio aurkeztuko dira. Komunikazio horiek, batetik, gaur egunean gehien eztabaidatzen diren ikerlanen berri emango dute; eta, bestetik, gai garrantzitsuenak eta erakundeen lana azalduko dituzte.

Horren harira, komunikazio horien egileak Achucarro zentroari, UPV/EHUri, Madrilgo Cajal Institutuari, BCBLri (Basque Center on Cognition, Brain and Language), BioCrucesi, Inbiomedi, BioDonostiari, Hospital Donostia-Donostia Ospitaleari eta Deustuko Unibertsitateari atxikita daude.
Gainera, biltzarrean 98 poster aztertu eta eztabaidako dira, bi saiotan antolatuta. Bestalde, osoko hitzaldia Christian Giaume-k emango du. Christian Giaume Parisko ospe handiko Collège de France ikerketa-zentroko entzute handiko irakaslea da, eta neuronen elkarreraginean konexio astroglialek egiten duten ekarpenari buruz hitz egingo du (Contribution of astroglial connexions to neuroglial interactions).

Bertaratuko direnei buruzko datu batzuk:

  • Etorriko direnen %60k Bizkaian garatzen du bere ikerketa-lana, %30k Gipuzkoan eta gainerako %10k Araban.
  • Bertaratuko direnen %50 inguru UPV/EHUri atxikita dago zenbait sailetan, zentrotan edo campusetan. %10 Deustuko Unibertsitateko eta BioDonostiako ordezkariak dira. CIC bioGUNEkoek etorriko direnen %6 osatzen dute, BCBLkoek eta Inbiomedekoek %4 bana eta gainerako erakundeek gainontzeko %16.
  • Aukeratu diren komunikazioen %75 Bizkaiko ikerketa-taldekoak dira, %18 Gipuzkoako taldekoak eta gainerako %7 Arabako taldekoak.
  • Achucarro guneko taldeek 13 ikerlan aurkeztuko dituzte; BCBLkoek 3; BioDonostiakoek 9; bioGUNEkoek 4; biomaGUNEkoek 1; Gaiker-IK4koek 1; unibertsitate-ospitaleei dagokienez: Basurtokoek 1, Gurutzetakoek 1, Donostiakoek 2; Arabako Unibertsitate Ospitalekoek 3; Inbiomedek 2 ikerlan ditu; Deustuko Unibertsitateak 12; UPV/EHUk, hiru campusetan eta zenbait sailetan egindako ikerlanak aintzat hartuta, guztira 39 ikerlan; Biofisikako Unitateak (CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) 1; euskal taldeekin elkarlanean ari diren Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek 3; eta, azkenik, Friburgoko Unibertsitatean dagoen euskal ikertzaile baten lana ere aurkeztu da.

ACHUCARRO BASQUE CENTER FOR NEUROSCIENCE

Achucarro Basque Center for Neuroscience BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerketa-zentro bat da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatua. Patronoak honako hauek dira: Ikerbasque, Zientziarako Euskal Fundazioa; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea; eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa (Bioef).

Achucarro zentroa neurozientzietako ikerketara bideratuta dago, eta azkeneko helburua garuneko endekapenezko gaixotasunak eta gaixotasun autoimmuneak zaintzeko tratamendu eta terapia berriak garatzeko erabilgarria izango den ezagutza sortzea da.

NICOLÁS ACHÚCARRO (BILBO 1880 - NEGURI 1918)

Zentroak Nicolás Achúcarro Bilboko neurozientzialariaren izena darama. Nicolás Achúcarro garunaren eta garuneko gaixotasunen ikerketan aitzindari izan zen. Santiago Ramón y Cajal-en eta Alois Alzheimer-en ikasle eta adiskide izan zen, eta nazioartean ospe handia duten Europako eta AEBetako zentro batzuetan bere ikerketak garatu zituen. 37 urte zituela, bere aparteko ibilbide intelektuala bertan behera geratu zen, berak bere buruari diagnostikatu zion Hodgkin linfoma bat zuela eta.