Breadcrumb

Agenda

Krisia immigrazioaren aurkako jarrera areagotzen ari da Euskadiko biztanleen artean

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/20

  • 2012ko Ikuspegiak berretsi du immigrazioaren ikuspegi instrumentala eta positiboa, arlo ekonomikoan eta laboralean dituen onurekin oso lotuta dagoena, indarra galtzen ari dela.
  • Euskadiko herritarren artean ongizate-egoerari eusteak sortzen ditu zalantza eta errezelo gehien.
  • Euskadiko herritar gehienentzat lan-kontratua edukitzea berme nahikoa da etorkinak irits daitezen baimentzeko.

Azken urteotan Euskadiko biztanleek jokabide anbibalenteak izan dituzte etorkinei dagokienez. Oro har, jokabide ireki eta toleranteekin batera veste uzkurrago batzuk ere izan dira, eta, anbibalentzia hori oraindik ezaugarri bada ere, 2012ko Ikuspegiaren datuek erakusten dute joera-aldaketa txiki bat izan dela, krisialdiarekin lotuta adituen iritziz.

Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendari José Luis Madrazok eta Euskadiko Immigrazioaren Behatokiko zuzendari Gorka Morenok aurkeztu dute gaur Bilbon Ikuspegiaren azken barometroaren datuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiarekin batera; datuok berresten dute immigrazioaren ikuspegi instrumentala eta positiboa, arlo ekonomikoan eta laboralean dituen onurekin oso lotuta dagoena, indarra galtzen ari dela.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak finantzaturiko Ikuspegiak zerbitzuak egindako txostenak berresten du jarrera horiek, gure inguruko beste batzuen antzera, erradikalizatzen ari direla, bai eta Euskadiko herritarrak etorkinei dagokienez gero eta murriztaileagoak direla ere. Hain zuzen, azken urteotan gero eta gehiago dira gizarteratzeko ahalegina gehienbat etorkinen aldetik etorri behar dela eskatzen dutenak (% 72,4k uste dute etorkinek ahalegina egin behar dutela gure ohiturak hartzeko). "Tolerantziaindizea eta etorkinekiko jarrerak, oro har, unean uneko egoera ekonomikoarekin oso lotuta ageri dira", adierazi du Gorka Morenok. "Oparoaldi ekonomikoan aldekoagoak dira, eta atzeraldian, negatiboagoak".

Hala eta guztiz ere, inkestaturiko gehienek ez dute immigrazioa garrantzi handiko arazo pertsonaltzat jotzen. Esate baterako, langabezia (% 53,5), bizitzaren kostua (% 12,7) eta pentsioak (% 9,1) aurretik daude oraindik (% 4,6).

Eusko Jaurlaritzako immigrazio-arloko arduradun José Luis Madrazok azken datu horren balorazio positiboa egin du, immigrazioaren fenomenoa euskal herritarren kezka nagusitik urruti jartzen baitu, "are gehiago talde sozial jakin batzuetan errudunak bilatzeko tentaldian erortzeko oso egokiak diren krisigaraiotan".

Immigrazioaz hitz egitean, Euskadiko herritarren artean ongizate-egoerari eusteak sortzen ditu zalantza eta errezelo gehien, zalantzarik gabe. Horri dagokionez, aurreko urteekin alderatuta aldeko iritziak nabarmen murriztu direla egiaztatzen du 2012ko barometroak, bereziki osasun- eta lege-laguntzari zein hezkuntzari dagokienez. Hala, 2011n % 70ek esaten zuten atzerritar guztiek eskubide horiek eskuratu behar zituztela, urtebete geroago, ordea, ehuneko hori % 57,5era jaitsi da osasun-laguntzan, % 52,8ra hezkuntzan eta % 26ra lege-laguntzan.

Erregulazioa
Oro har, eta aurreko urteetako emaitzekin alderatuta, euskal gizarteak uste du eskubideetara jo ahal izateko administrazio-egoera erregularra eduki beharra dagoela. "Txostenaren datuak ikusita, jarrera hori indarra irabazten ari da sarbide unibertsalaren aldekoen aurrean", adierazi du Behatokiko zuzendariak.

"Lan-kontratuak ziurtasuna sortzen du, eta errezeloak ezabatzen ditu", gehitu du Madrazok. Horregatik, hain zuzen, Euskadiko herritar askorentzat lankontratu bat edukitzea berme nahikoa da etorkinak irits daitezen baimentzeko, eta datu horrek 2011tik 15 puntu behera egin badu ere, baldintza hori betez gero, % 61,2 sartzen uztearen aldeko dira oraindik. Herritarren % 8,7, bestalde, etorkinak iristeko lege-oztoporik ez jartzearen alde daude; ehuneko berak, aitzitik, sarrera edonola eragotziko lieke.

Ildo horretatik, Euskadiko Immigrazioaren Behatokiko zuzendari eta EHUko irakasleak hauxe adierazi du: "Krisialdi ekonomikoak enpleguaren funtzionaltasunean oinarrituriko immigrazioaren diskurtso legitimatzailea higatu du; hala, aipatu du 2004an Euskadiko herritarren % 80k uste zutela etorkinak beharrezkoak zirela sektore jakin batzuetan lan egiteko. "Datu hori % 36,6koa da 2012an", nabarmendu du.

Lan-merkatuaren beharren arabera, etorkinen beste gazte- eta lan-injekzio bat beharrezkoa izango da etorkizunean; horregatik, Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak hauxe nabarmendu du: "Eskubide- eta erantzukizun-berdintasunetik aniztasunean kohesionaturiko gizarte bat eraikitzen laguntzeko inklusio-politikak ezartzea erronka bat da erakunde guztientzat eta, bereziki, egungo Eusko Jaurlaritzarentzat".

Gai horren gainean, Gorka Morenok adierazi du "euskal gizartearen barruan integrazioaren ikuspegi asimilazionista bat nagusitzen" dela. Ikuspegiaren azken barometroaren datuek baieztapen hori berresten dute: % 54,6k uste dute hobea dela pertsona guztiok ohitura eta tradizio berak partekatzea. 2010ean ehuneko hori % 39,2 zen.

Azken datu ofizialen arabera (Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren Atzerriko Etorkinen gaineko Inkesta 2010), Nazio Batuen Erakundea (NBE) osatzen duten 193 herrialdeetatik % 85 daude ordezkatuta Euskadin. Data hartan 179.582 atzerritar inguru zeuden erroldaturik, biztanleriaren % 8,2, gehienak latinoamerikarrak (% 42,4) eta EBkoak (% 24,9). Haien artean Errumaniatik zetorren atzerritar gehien (% 11,2), ondoren Marokotik (% 10,08) eta Kolonbiatik (% 8,4). Gure artean ordezkari gutxien dituztenak, berriz, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea dira, hirurek Euskadiko etorkinen % 0,3 baitituzte.

Sexuaren arabera, gizonak dira % 51,4, eta emakumeak % 48,6.