Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUn Analisi Matematikoko katedraduna den Luis Vega Gonzalezi eman diote 2012ko Euskadi Ikerketa Saria

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/13

Irudia

2012ko Euskadi Ikerketa Saria Luis Vega Gonzalez matematikariari ematea erabaki du epaimahaiak. Bost ikerlarik osatutako epaimahaiak duela minutu gutxi eman du ezagutzera bere erabakia, goiza elkartuta eman ondoren. Aurtengo edizioan aurkeztutako 19 hautagaien artean aukeratu behar izan du epaimahaiak.

Luis Vega Gonzalez (Madril, 1960) Analisi Matematikoko katedraduna da gaur egun UPV-EHUn. 1982an matematikatan lizentziatu zen Complutense Unibertsitatean. 1988an doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Chicagoko Unibertsitatean bi urte egin ondoren, UAMera itzuli zen, eta 1993az geroztik dago Euskal Herriko Unibertsitatean. 1995etik da bertako katedradun.

Egun, Luis Vega mundu guztian da ezaguna deribatu partzialen ekuazioei buruzko lanengatik, eta baita Fourier-en Analisiei buruzkoengatik ere. Vega irakasleak mundu mailako ikerketa talde bat sortu zuen UPV-EHUn, matematiken bikaintasunean diharduena. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko lehen 150en artean kokatu du diziplina honetan.

Epaimahaiak Luis Vega Gonzalezek deribatu partzialen ekuazioen ikerketan egindako lana nabarmendu du. Bere ekarpen zientifikoen kalitatea eta sakontasuna ere azpimarratu ditu, eta baita matematiken arlo garrantzitsu honetan hark egindako lanak izan duen eragina ere. Vega irakaslearen lanak nazioarteko oihartzun zabala izan du eta euskal matematikak ikusgarri egin ditu munduko erakusleihoan. Bere ekarpen zientifikoez gain, Luis Vegak Euskadiko matematikan ere eragin handia izan du. Nazioarte mailako ikerketa talde bat sortu du UPV-EHUn, eta doktoregaien formazioan ere lan esanguratsua ari da egiten.