Breadcrumb

Agenda

Gizarte-erantzukizuna motibaziorik handienetarikoa hizkuntza gutxituetan diharduten EITBko eta BBCko irrati-kazetarientzat

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/01

Irudia

Hizkuntza gutxituak lanabes dituzten irrati-kazetariak aztertu ditu Irati Agirreazkuenaga UPV/EHUko ikertzaileak.

Irrati-kazetari euskaldun eta eskoziar gaelikoen profil, lan-ohitura, jarrera eta pertzepzioak aztertzeko, metodologia berri bat garatu du UPV/EHUko Irati Agirreazkuenaga Onaindia ikertzaileak. Ikerketan ondorioztatu denez, gizarte-erantzukizuna da EITBko zein BBCko kazetariek duten motibaziorik handienetariko bat.

Iaz Euskadi Irratiak 30 urte bete zituen. Hizkuntza gutxituetan diharduten kazetariak nolakoak diren eta nola lan egiten duten aztertu da. Horretarako, UPV/EHUko Irati Agirreazkuenaga ikertzaileak Euskadi Irratiko eta Eskoziako BBC Radio nan Gàidheal-go kazetariak alderatu ditu. Euskadi Irratiaren adin bertsukoa, 1985ean sortu zen BBC Radio nan Gàidheal, eta Eskozia osoan eguneko 24 orduz gaelikoz aritzen den irrati bakarra da.

Agirreazkuenagak, batetik, aztertu du euskaraz eta eskoziar gaelikoz ari diren irrati publikoetako kazetariak nor diren eta zein ikuspegi duten beren lanari buruz, eta, bestetik, zelan egituratzen diren Euskadi Irratiko (EITB) eta Eskoziako BBC Radio nan Gàidheal-go kazetarien ekoizpen-prozedurak. Horretarako, tresna kualitatiboak (behaketak eta aurrez aurreko sakoneko elkarrizketak) eta kuantitatiboak (inkestak) uztartu ditu. Horrek balio-erantsia eman dio ikerketa-lanari.

Gizarte-erantzukizuna

Kazetariak aztertzeko metodologiak, inkestak eta adierazleak egon badaude, baina gehienek hizkuntza menderatzaileak hartzen dituzte kontuan. Gainerako hizkuntzak itzalean geratzen dira, eta metodologia horiek bere horretan ez dute balio hizkuntza gutxituetan diharduten kazetarientzat. Horrenbestez, "metodologia propioa garatzen saiatu naiz lan honetan", dio Agirreazkuenagak.

EITBk zein BBCk, biek ala biek hizkuntza gutxitua lanabes izaki, hasteko, jakin nahi zuten nola baldintzatzen duen hizkuntzak irrati batean lan egiteko modua. Euskadi Irratian, adibidez, bizpahiru belaunalditako kazetariek lan egiten dute elkarrekin. Radio nan Gáidhealen, beste hainbeste. Belaunaldi bakoitzak hizkuntzaren bilakaera era ezberdinean hautematen badu ere, "kazetariek komunikazio-dinamika edo estrategiak lehenesten dituzte hizkuntza-irizpideen gainetik, eta horrek profesionaltasuna berresten du", dio Agirreazkuenagak. Halaber, gizarte-erantzukizuna da aztertutako kazetarien jarreretan eragiteko faktorerik indartsuena, ikerketan ondorioztatu denez. Hain zuzen ere, beste hedabide batzuekin duten lehian gizartearen onarpena eta sostengua jasotzeko beharra da EITBko zein BBCko kazetariek duten motibaziorik handienetariko bat, beren lana hobetzeko eta baliabide eta autonomia gehiago eskatzeko. Euskadi Irratia, esaterako, Gipuzkoan lehenengo irratirik entzunena izan zen 2012an, bere gaztelerazko lehiakideen aurretik.

Agirreazkuenagak adierazi duenez, edukiak erabakitzeko orduan autonomia handiagoa hautematen dute gai espezializatuetako kazetariek irrati batean zein bestean. Zenbat eta espezializatuagoa izan kazetaria, orduan eta independenteagoa da editore eta programazio-buruekiko; gaiak proposatzeko ahalmen handiagoa izango du. Autonomia-pertzepzioa handiagoa da, bestalde, edukiak lantzeko denbora nahikoa dutela adierazten duten kazetarien artean. Alegia, "zenbat eta denbora gehiago izan edukiak lantzeko, orduan eta autonomia-pertzepzio handiagoa hautematen da", zehaztu du. Horrenbestez, "kazetarien espezializazio tematikoa giltzarria da gaur egun dituzten hiru arazo garrantzitsuri aurre egiteko, autonomiaren, denbora faltaren eta iturri anizkoitzak erabiltzearen erronkei hain zuen", azpimarratu du Agirreazkuenagak.

Bestalde, BBCn eskoziar gaelikoz aritzen diren kazetariek, aldi berean, telebistarako albistegiak ekoizten dituzte. Euskadi Irratian ez da hori gertatzen; irratirako bakarrik aritzen dira. Aldi berean telebistarako lan egiteak irratia aberastu egiten duela adierazi dute Radio nan Gàidheal-go kazetariek. Alde batetik, iturriak lehen eskukoak direlako, eta, beste alde batetik, gero eta zabalduago dagoen bulegoko kazetaritzatik ihes eginez, mugikortasun eta malgutasun handiagoa eskaintzen dielako.

Asetasun-mailari dagokionez, hiru faktore nagusi hauek eragiten diote modu positiboan kazetarien asetasun-mailari: sortzeko denbora nahikoa, lerro editorialarekiko autonomia eta korporazioaren sostengua izatearen sentsazioa. Era berean, ikerketa-lan honek beste autore batzuen baieztapenekin bat egiten du. 60ko hamarkadan ezarritako usteei aurre eginez, ondorioztatzen du asetasun pertsonala onuragarria dela profesionaltasunean.

Egileari buruz

Irati Agirreazkuenaga Onaindia (Bilbo, 1986). UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikertzailea da gaur egun, Kazetaritza II sailean. Bertan egin du "Euskadi Irratiko (EITB) eta Radio nan Gàideheal-go (BBC ALBA) kazetarien profil eta jarreren alderaketa / Comparing profiles and attitudes of Euskadi Irratia (EITB) and Radio nan Gàideheal (BBC ALBA) journalists" izeneko doktore-tesia; UPV/EHUko José Larrañaga Zubizarreta eta Universitat Pompeu Fabrako Javier Díaz Noci irakasleak izan ditu zuzendari. Besteak beste, "The role of the media in empowering minority identities: Basque-language radio during the Franco dictatorship (1960s-1976) and their influence as identity catalysts" izenburuko artikulua argitaratu du Media Culture & Society nazioarteko komunikazio-arloko aldizkarian. Artikulu horretan, Loiolako Herri Irratian ibilitako kazetari euskaldunak izan ditu aztergai.