Breadcrumb

Agenda

Medikuntzan eta Odontologian diplomak emateko ekitaldi akademikoa

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/10

Irudia

Ikasturteko lizentziak emateko ekitaldi akademikoa egin du UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateak. Bertan, 275 ikaslek -medikuntzako 230 ikaslek eta Odontologiako 45ek- diplomak jaso dituzte, fakultate horretako kolore "akademikoak" (alegia, horia eta fukzia) soinean zituztela. Euskalduna Jauregian egin da Medikuntzako 40. promozioaren eta Odontologiako 23. promozioaren inbestidura-ekitaldia, eta Francisco Etxeberria doktorea izan da ekitaldiaren babesle. Medikuntzako promozioko Amaia Camara eta Mikel Gallego ikasleek; eta Odontologiako promozioaren ordezkari Jon Aracok eta Alfonso Gilek hitz egin dute ikasleen izenean. Ingeniarien Elkarteko abesbatzak ohiko Gaudeamus Igitur himnoa abestu du, bertan bildutakoekin batera.

Iazko ikasturtean lizentzia lortu zutenen batez besteko nota 8,64 izan zen Medikuntzako lizentzian, eta 8,15 Odontologiakoan. 2011/2012 ikasturteko espediente onenak Irati Telleria Bereciartuarena (Medikuntzan) eta Iratxe Amenabar Ulangarena (Odontologian) izan dira.

Lehen promozioa 1974koa izan zen, eta ikasturte haren amaieratik uneko ikasturte honetara arte, Medikuntza eta Odontologia Fakultateak 10.000 mediku baino gehiago trebatu ditu, Osakidetzarekin lankidetzan. Bi erakundeek batera egin dute lan, eta horri esker, Europan onenen mailan dauden mediku espezialistak trebatu dituzte. Modu sinbolikoan, promozio horretako Naia Larrinaga Dañobeitia ikaslea omendu dute.

Halaber, Lilly Fundazioak Sir William Osler (1849-1919) idazlearen Un estudiante en Alabama y otros ensayos biográficos lanaren ale bana eman du. Ekimen horrekin, Lilly Fundazioak bokaziozko mediku haren pentsamenduko eta obrako alderdi aipagarrienetako zenbait gogorarazi nahi izan dizkie etorkizunean mediku izango direnei, hala nola: irakaskuntza pazientearen alboan, hezkuntza medikoa eta ikerketa sustatzea ikasleen artean, historiaren eta humanismoaren gaineko ezagutza, gaixoari maitasuna helaraztea medikuntzaren bitartez eta barne-medikuntzak diziplina integratzaile gisa duen garrantzia.

Ekitaldi akademikoan 1500 gonbidatu bildu dira. Talde akademikoaren buru UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da, eta honako hauek egon dira mahai instituzionalean: Guillermo Viñegra, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea; Agustín Martínez Ibargüen, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko dekanoa; Miren Begoñe Urrutia Barandika, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria; eta promozioaren babeslea Francisco Etxeberria doktorea.