Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUko ikertzaileek alkoholak detektatzeko gai den material berrerabilgarri berri bat sortu dute

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/04

Irudia

Unibertsitateak patentatu duen sentsore horri esker, zenbait prozedura optimiza daitezke, adibidez, alkoholemia-testak edo elikagai-iruzurren kontrola.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Mineralogia eta Petrologia Saileko eta Kimika Ez-organikoa Saileko ikertzaile-talde batek material berri bat sintetizatzea lortu du. Material hori urarekiko eta alkoholekiko sentikorra da, fase likidoan zein lurrun-fasean. Emaitzak erakusteko, kolorez aldatzen da, eta bere egitura transformatu egiten da. UPV/EHUk patentatu duen sentsore horrek, funtzionatzeko, ez du behar ez kanpoko energia-iturririk, ez eta inolako erraktiborik ere (katalizatzaileak edo entzimak), eta, horrez gain, berrerabilgarria da.

Material berri horri aurrez ikusten zaizkion aplikazio ugarien artean, elikadura-iruzurrak kontrolatzeko prozeduren edo alkoholemia-testen optimizazioa nabarmendu daiteke. Izan ere, erraz baztertu ahal izango dira 0,0 ematen duten alkoholimetriak (egiten diren testen % 95 dira), eta, horrela, proba bakoitzean ahoko berriak erabili behar izatea saihestu egingo litzateke; gainerakoei protokolo osoa aplikatuko litzaieke, odoleko alkohol-kopurua zehatz detektatzeko.

Material berri hori hauts-formako produktu deshidratatua da, eta metal batek eta bi estekatzaile organiko bakun eta komertzialek osatzen dute. Disolbatzaileekin kontaktu egitean (urarekin edo metanola, etanola edota isopropanola bezalako alkoholekin), kolorez aldatzen da, eta, horri esker, lehen begiratuan detekta daiteke zein substantziarekin jarri den kontaktuan. Jatorrizko egoeran, materiala berdea eta amorfoa da, eta, uraren edo alkoholen presentzia detektatzean, kolorez aldatzen da; horrela, materiala gris (etanolaren kasuan), beltz (metanola), berde ilun (isopropanola) edo urdin (uraren kasuan) bihurtzen da. Horrez gain, egitura kristalino desberdina hartzen du kasu bakoitzean. Transformazioaren ostean, apur bat berotu eta gero, materialak jatorrizko egoerara itzultzeko gaitasuna dauka (egitura amorfoa eta kolore berdea), eta berriz erabili ahal izateko prest dago.

Material hori sortu duten ikertzaileen taldea honako hauek osatzen dute: María Isabel Arriortua (2010eko Euskadi Ikerketa Saria), Karmele Urtiaga, Gotzone Barandika, Begoña Bazán eta Ainhoa Calderón; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko EIDOS ikerketa-taldeko kideak dira guztiak. Ikertzaileek azaldu dutenez, "material berri honek daukan aparteko ezaugarria da aldi berean azaltzen diren hiru gaitasun dituela: bere egitura porotsuak ematen dion absortzio- eta desortzio-gaitasuna; urarekin edo alkoholekin erreakzionatzean kolorez aldatzea; eta jatorrizko egoerara oso erraz itzularazteko aukera. Horri esker, berrerabilgarria da. Hiru fenomeno horiek, bakoitza bere aldetik aztertzen baditugu, ez dira ezohikoak, baina, kasu honetan aldi berean gertatzen direnez, material hau oso interesgarria da eta aplikazio ugari ditu".

Unibertsitate-ikerketen emaitzak merkatura transferitzeaz arduratzen den UNIVALUE enpresa, dagoeneko, material hau estatuko eta nazioarteko sektore ezberdinetako enpresen artean aurkezten eta sustatzen hasi da. Ur- eta alkohol-sentsoreak funtsezko elementuak dira hainbat arlotan egiten diren jarraipen- eta kontrol-prozeduretan, esaterako: ingurumena, laneko segurtasuna, elikagaien sektorea edota kalitatearen kontrola, besteak beste. Dituen ezaugarriei esker, gailu honek abantaila garrantzitsuak ditu gaur egun merkatuan dauden sentsoreekin alderatuta. Izan ere, "industria-munduan oso garrantzitsua da materialek jasaten dituzten transformazioak erraz bistaratu ahal izatea eta, gainera, honelako sentsore batek berrerabiltzeko aukera ematen duenez, kostuak asko merkatzen dira", esan dute EIDOS taldeko kideek.

UPV/EHUko ikerketa-talde hau 1981etik ari da lanean, konposatu eta material berriak aztertzen. Hain zuzen ere, maila molekularrean material porotsuen portaera aztertzen duen talde honen ikerketa-lerroetako baten ondorioa izan da material hau sortu ahal izatea. María Isabel Arriortuak azaltzen duenez, "gure ikerketak ez daude jakintza aplikatura zuzenduta; bikaintasun-jakintza bilatzen dugu, hau da, jakintza bera. Hala ere, logikoki, azkenean jakintzak ia beti aplikatu egiten dira".