Breadcrumb

Agenda

32 ikaslek eskatu dute UPV/EHUren Gizarte Funtsaren laguntza, matrikula ordaindu ahal izateko

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/19

Joan den uztailaren 10ean, 2012/13 ikasturteko matrikula ordaintzeko zailtasunak izan dituzten ikasleentzako laguntza itzulgarriak eskatzeko epea amaitu zen. Laguntza horiek sortu ziren, hain zuzen, egoera ekonomikoan bat-batean izandako gorabeheren eraginez zailtasunak izan dituzten ikasleentzat. Iñaki Goirizelaia errektoreak gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran jakinarazi duenez, 32 ikaslek eskatu dute Gizarte Funts horren laguntza. Funtsa aurtengo maiatzean eratu zuen lehengoz UPV/EHUk.

Laguntza horiek eskuratu ahal izateko, eskatzaileek hainbat baldintza bete behar zituzten: ikasturtea hasi ondoren haien egoera ekonomikoa nabarmen aldatu izana; 2012/13 ikasturtean bestelako laguntza ekonomikorik jaso ez izana; eta, unibertsitateko titulurik ez izatea, gradura egokitzeko ikasketak edo lanbidean aritzeko gaitasuna ematen duten masterretako bat egiten ari ziren ikasleen kasuan izan ezik.

Eskaerak ebaluatu dituen batzordeak oniritzia eman die dagoeneko 18 eskaerari, eta, hainbat arrazoi direla eta, 14 geratu dira ebazpenaren zain.

Laguntzaren zenbatekoa ikasturte honen matrikula ordaintzeko geratzen den kopuru osoa izango da, eta esku-dirutan ordaindu beharko da, UPV/EHUk eta pertsona onuradunak adosten duten moduan. Halere, aurreikusi da ere zatiren bat itzuli ahal izatea, unibertsitaterako beste jarduera batzuk eginez. Guztira, 32 eskaerek zorpetutako kopurua 30.000 eurokoa da. Irailean, UPV/EHU onuradunekin bilduko da, jasotako laguntzak nola itzuliko dituzten erabakitzeko.

Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren Arloko errektoreorde Maite Zelaiak oso balorazio positiboa egin du, jasotako eskaeren kopuruaz: "Aurreikusitakoa baino nabarmen txikiagoa izan da, baina agerian utzi du familiak egiten ari diren ahalegina beren seme-alaben goi-mailako hezkuntzaren gastuei aurre egiteko, eta, era berean, erakusten du gizarteak egiten duen ahalegina matrikularen zati handi bat finantzatzeko kasu guztietan. Nolanahi ere, Gizarte Funtsak bere helburuak bete ditu: arrazoi ekonomikoengatik ikasketak utzi behar dituen ikasle bakar bat ere ez dagoela bermatzea".

Modu berean, Gobernu Kontseiluak onartu egin du 2012. urteko ekitaldiaren txosten ekonomiko ikuskatua, eta Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onarpena eman diezaion.