Breadcrumb

Agenda

Frankismoan zeharko udal korporazioko politikoak eta beren jardun administratiboa aztergai tesi batean

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/26

Ikerketak azpimarra berezia egiten dio Gasteizko udalak 1936 eta 1975 artean sinbologiaren arloan garatutako tokiko politikari.

Gasteizko udala frankismoan zehar aztertzea du helburu Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Garaiko historia sailean Virginia López de Maturana doktoregaiak 'Vitoria: Poder local y política simbólica durante el franquismo (1936-1975)' izeneko doktorego-tesiak. Ikuspegi historiografiko eta metodologikotik so eginik, historia politikoaren arloko ikerketa da, Gasteizko udal korporazioko pertsonal politikoa zein administrazio-jarduna oro hartuta aztertzen dituena, baina bereziki, arlo politikoa, Frankismoa bezalako diktaduran halakorik egin zitekeen heinean beti ere. Hortaz, egileak erkatzen du Gasteizko egoera Espainiako beste hiri batzuekin eta, zehazkiago, Iruñearekin; izan ere, tokiko administrazioa aski homogeneoa zelarik ere Frankismoan, erregimenaren ezaugarriak aintzat hartuta, Gasteiz eta Iruñearen kasuan oso baitira antzekoak, eta hortik datorkio harreman honi interesgarritasuna, López de Maturanaren ustez.

Doktorego-tesi honetan berebiziko arreta merezi du gasteiztar udalak bere tokikotasunean 1936 eta 1975 urteen bitartean garatu zuen politika sinbolikoa; bide publikoen izen-aldaketak, etapaz etapa altxatutako monumentuak, hitzaldi politikoak, omenaldiak, oroimen-ekitaldiak eta beste analizatuz. Era honetara, ikerketak itxura klasikoagoko historia politikoa osatzea erdietsi du arlo politikoaren historia kulturala, gertakariak aztertuz baina harago joanda, gizarte-eragile ezberdinek sustatutako eraikuntza sinbolikoari heltzen diolarik.

Egitura kronologikoari jarraiki, tesia zazpi kapitulutan banatzen da. Hauetako lehenengoan, lehenengo gestio-batzordearen eraketa aztertzen da Gerra Zibilaren hasieran: osaera, arlo sinbolikoan izandako jarduna eta beste erakundeekiko harremanak (diputazioa, gobernu zibila eta mugimendua). Bigarren atalean 1941.ean hasi eta 1949. urtera bitarteko epea aztertzen da, lehendabiziko gestio-batzorde hartatik demokrazia organikoaren lehendabiziko udal hauteskundeak iritsi bitartean. Bertan analizatzen da nola sartu zen Falange udal jokoan eta gasteiztar eskuineko indar tradizionalak erakunde-boteretik baztertzeko egin zituen ahaleginak. Hirugarren kapituluak Pedro Orbearen alkatetza-aldia jorratzen du, Frankismoan zehar hauteskundeak egin ostean izendatutako lehendabiziko alkatea izanik. Ezin izan gutxiago eta bozketa hauek, nola ez, botere frankistaren egiturak gertutik kontrolatuta egon ziren, baina, hala eta guztiz ere, joerak, aldaketa, jarraikortasunak eta botere-gatazkak ere antzeman daitezke emaitzetan. Halaber, aztertzen dira hemen foru-diputazioarekiko lehendabiziko tirabirak, udalak elizbarrutiaren banaketaren aurrean izan zuen jarrerak 1949-1950 urteetan eta 1951eko grebak izan zuen eragina, Luis Martín Ballestero gobernadore zibila, frankismoan zehar karguan gehien iraun zuena, negatiboki markatu zuena. Laugarren, bosgarren eta seigarren kapituluetan Gonzalo Lacalle eta Luis Ibarra alkatetza-aldiak dira aztergai, egungo Gasteizen zimenduak hein handi batez jarri zutelarik.

Hauekin batera, industrializazioari ekin zitzaion, Gasteizi garapen ekonomiko nabarmena ekarri ziona. Hazkunde honen harira etorkinak iritsi ziren beste probintzia batzuetatik eta agintariek populazio berri honentzako etxebizitzak eraikitzeari ekin beharra izan zuten, halabeharrez ekin ere.

Honetara, kale berriak ireki ziren eta kaleon izenetik bertatik datorkigu, besteak beste, etorkin hauen iritsieraren berria. Azkenik, zazpigarren kapituluak Frankismo berantiarraren urteak ditu ardatz, hain zuzen ere, industrializazio-prozesu honen eraginez, gizarte eta lan-gatazka batzuen sorrera bizi izan zuen garaia, eta, hauen kariaz, kandidatuek gizarte-gaietara askoz ere bideratuagoko programak aurkeztu zituzten hauteskundeetan.

Eremu publikoaren konkista
Gasteizko udala eratzen lehendabizikoa izan zen Espainia matxinatuan, Bigarren Errepublikaren aurka 1936.eko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ostean. Hortaz, uztailaren 19an bertan Tomás Alfaro Fournier behin behineko alkate errepublikanoak aginte-makila utzi zion Rafael Santaolalla militar erretiratuari eta, hirian, eragin askiko enpresa-gizonari.

Santaolalla buru zuen batzorde gestoreak, osatu bezain pronto, eremu publikoaren konkistari ekin zion urratsez urrats kausa nazionalaren alde eta asko eta asko izan ziren udalaren esku hartzeak Gasteizko kale-eremuan. Beste euskal hirietan gertatu ez bezala -Bilbon, esaterako-, kale-izendegian egindako aldaketak ez ziren izan lar erradikalak. Arlo honetan, udal batzorde gestoreak, hasiera batean, errepublikanismoaren eta ezkerraren inguruko zenbait izen aldatu besterik ez zuen egin -bai eta euskal nazionalismoaren ingurukoak ere, Sabino Arana kalea kasu- eta lehengo izenak berreskuratu.

Ordoñoren alkatetzan zehar, bai falangistek nola tradizionalistek lortu zuten eremu publikora ateratzea zeinek bere buruzagiaren izenak: José Antonio Primo de Rivera eta Carlos VII.a. Honela, hiriaren kale nagusietako bik, Prado eta Florida kaleek izena mudatu zuten, oraingoan jatorri politiko hutseko izenak jarrita.

Geroago, industrializazio eta populazioaren hazkunde eta hiriaren zabaltzearen ondorioz, kale berriak sortu ziren Gasteizen, Lacalle eta Ibarra alkatetza-aldietan, eta kaleotan jarritako izenen bidez, kontu hutsala ezertan ere ez delarik, gasteiztar hiriaren identitatea finkatu nahi zen.

Nagusi izan ziren, hortaz, bertakoari egindako erreferentziak (bai gasteiztarrak nola arabarrak), geografiari eta erlijioari hertsiki lotutakoak. Salbuespenak, gai politikoei erreferentziarik egiten zietenak, bakan batzuk besterik ez ziren izan, Avenida del Generalísimo handia edo, División Azul kalea, hirurogei urteko hamarkadan espainiar boluntarioek osatu eta Alemania naziaren eskutik Sobiet Batasunaren aurka Bigarren mundu-gerran ari zen unitate hari oroimen eginez. Ikertzaileak dioenez, agintariak gai izan ziren Frankismoaren goraipamena egiteaz batera tokiko identitate sendoa azpimarratzen, populazio osoa sinbolo hauen inguruetara ekarrita.

Kale-izendegi eta abarrez gain, nabarmentzekoak dira zenbait jai eta efemerideren inguruan osatutako ospakizun arranditsuak (Ama Birjina Zuriaren 1954.eko koroatzearena, esaterako, edo Gasteizko Batailaren 1963.eko 150. urteurrena edo, urte batera, XXV urtetako bakea), horietan aztertu ahal baita erregimenak toki mailan agertu nahi zuen irudia -modernotasuna, bakea eta askatasuna nagusi-, orduko programa eta agintari ezberdinen diskurtsoak bitarte; nahiz eta, Virginia López de Maturanak azpimarratzen duenez, aztertu behar den, irudi horren errealtasunaz harago, populazioak bere egiten ote zuen.

Bideoan, Virginia Lopez de Maturana bera ikusi ahal da, tesiaren inguruko zenbait xehetasun emanez (https://ehutb.ehu.eus/eu/video/index/uuid/514c236891c5b.html).