Breadcrumb

Agenda

Estitxu Garaik eta Itxaro Perezek irabazi dute #txiotesia sariketa

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/28

Irudia

Estitxu Garaik eta Itxaro Perezek irabazi dute "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" edo #txiotesia sariketako lehen sariak. UEUk antolatutako lehiaketa horren helburua norberaren doktorego tesia 6 txiotan kontatzea zen, euskaraz, eta guztira 86 ikerlarik parte hartu dute.

Estitxu Garai, 28 urteko gordexolarra, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko ikerlaria da eta "Txiolari ulergarriena" saria irabazi du. Garai UPV/EHUn lizentziatu zen Publizitatea eta Harreman Publikoetan, eta, egun, tesia egiten dabil Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailean. "Euskarazko publizitatea zertzeko prozedura eta hizkeraren kalitatea" du tesiko gaia, eta 2014ko amaieran aurkezteko asmoa du. Eusko Jaurlaritzako PREDOC programako ikerketa-kontratu batekin ikerlari dabil UPV/EHUn.

Hauek izan dira #txiolari ulergarrienaren txio irabazleak:

  1. "Euskarazko publizitatea zertzeko prozedura eta hizkeraren kalitatea". Gaiaren hautua, kezka larri batetik da sortua #txiotesia
  2. Euskarazko publizitatea? Esne gaingabetua, gatzik gabeko itsasoa, kafeinarik gabeko kafea? Gaztelerazko katea, hori da kaltea #txiotesia
  3. HIPOTESI hori abiaburu, publizitatearen prozedura osoa, agentzian hasi eta hartzaileen gogoan buka, aztertzea dugu HELBURU #txiotesia
  4. Ikerketan askotariko METODOAK darabiltzat: (1) zertze-prozedura zehazteko sakoneko elkarrizketak hartu ditut aintzat #txiotesia
  5. (2) eduki-analisia eta (3) talde-eztabaida, erakargarritasuna neurtzeko modu hoberik ez baita. Hartzaileak gogatu ala gogaitu? #txiotesia
  6. ONDORIOA: gaur egun sortzen den bezala sortzen delarik publizitate elebiduna, kolokan da euskarazko iragarkien eraginkortasuna #txiotesia

Itxaro Perez 32 urteko beasaindarra da eta Biokimikako ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta "Txiolari originalena" saria irabazi du. Tesia Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Sailean egin zuen eta 2011n doktoratu zen. Tesiaren gaia "Peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko neoplasietan" izan zen eta egun Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan da irakasle. Denbora duenean Fisiologia Sailean ikertzaile lanetan jarraitzen saiatzen da.

Hauek izan dira #txiolari originalenaren txio irabazleak:

  1. Ama,irakurriko ipuin hau?-Bai maitia:peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko minbizietan2011.-Eta zer dira peptidasak?#txiotesia
  2. Gorputzean ugariak diren entzimak.-Ta zergatik ikertu heste lodiko minbizian?-Gizartean oso ohikoa eta eredu aproposa delako.#txiotesia
  3. Nola ikertzen da hori?-Peptidasen aktibitatea neurtuz kasu hauetan:odolean eta ehun osasuntsu-adenoma-minbizi sekuentzian.#txiotesia
  4. Eta emaitzak,amatxo?-Aldaketak daude lagin osasuntsu eta kaltetutakoak konparatzean eta selektiboak dira peptidasaren arabera.#txiotesia
  5. Eta hau dena zertarako?-Minbizia ahalik eta azkarren detektatzeko eta pronostikoan laguntzeko, minbiziari aurre egiteko.#txiotesia
  6. Alaa!! Ze ondo! Ama, handitan ikerlari izango naiz.-Ziur?Ikusiko dugu handitzean...Eta hala bazan... #txiotesia pic.twitter.com/5W706H00Sq