Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUk aurtengo aurrekontua onartu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/20

Aurrekontu berriak bermatu egiten ditu orain arteko lanpostuak, ikerketa eta irakaskuntza.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2013ko aurrekontua onartu du gaurko bileran, joan den apirilean egin zen bileran aurkeztu zen aurreproiektuaren ondoren organo horretako kideek planteatu dituzten hainbat zuzenketa onartu eta gero.

Euskal gizarteak bizi duen krisi ekonomiko latzaren eraginez, eta administrazio publikoen aurrekontuetan egon diren murrizketen ondorioz, UPV/EHUren kontuak txikiagoak dira aurten. 2012ko ekitaldiarekin alderatuta, murrizketa % 9,24koa da, hau da, 40 milioi euro.
UPV/EHUren 2013ko aurrekontuaren lehentasunak dira unibertsitateak ikerketaren, graduko eta graduondoko ikasketen, nazioarteko harremanen eta euskararen alde egindako apustua sendotzea, betiere oso garbi izanik lanpostuak mantentzearen alde jokatuko dela. Ondorioz, langileen gastuei dagozkien kapitulua ez da ukitu.

Ordainetan, murrizketa handiena inbertsioen kapituluan egin da. Zehatzago esanda, Inbertsioen Urte Anitzerako Planaren barruan % 53,11ko murrizketa egon da eta 2012an 17 milioi egon baziren, aurten 7,9 milioi egongo dira. Hori dela eta, aurreikusitako lanetako batzuk aldi berriak izango dituzte eta horrek atzeratu egingo du horietako batzuk gauzatzea.

Bestalde, programa kontratuen barruan, % 14,96ko murrizketa egon da. Guztira, aurtengo aurrekontu aurreikuspena 392.960.000 eurokoa da.
Gobernu Kontseiluaren gaurko bilerako Ikerketako errektoreordeak, Fernando Plazaola jaunak zuzendu du, bera baita errektorea ordezkatzen duen errektoreordea, hura bajan dagoen bitartean denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik.

Dokumentuaren aurkezpena egin duenean, Fernando Plazaola errektoreordeak esan du aurrekontua egitean erantzukizunez eta zuhurtasunez aritu direla. "Hau ez da aurkeztu nahiko genukeen aurrekontua" adierazi du kontseiluan, "murrizketak izateaz gain, aurrekontu honekin ezin ditugu bete bere osotasunean eta hitzartutako epeetan Unibertsitate Planeko helburuak. Dena den, lanean jarraituko dugu helburu horiek etorkizun hurbilean bete ahal izateko".

Errektoreordeak azaldu duenez, aurrekontua zuhurtasunez egiteak ekarri du gastuaren mugak argi eta garbi ezartzea: "Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren ordainketa aginduetara egokitu ditugu zenbakiak, diru sarreren atal guztietan. Izan ere, zenbateko handiagoak onartuz gero, edota iazko aurrekontua luzatuz gero, ondorioak oso larriak izango ziratekeen epe ertainean; hezkuntzaren arloko gastua arrazionalizatzeko premiazko neurriak zehazten dituen 14/2012 Legegintzako Errege Dekretua errespetatu behar dugunez, erabaki horrek erabat hipotekatuko zukeen 2014ko aurrekontua. Funtsezkoa den erantzukizun printzipioa aintzat hartuta, ezin genituen hartu hurrengo ekitaldirako gabezia handiagoak ekarriko zituzten neurri horiek".

Errektoreordeak espresuki eskertu dio unibertsitate komunitateari aurrekontua bere egiteko eta, erantzukizunez, dakartzan baldintzei aurre egiteko egin duen ahalegina. Plazaolak adierazi du, halaber, unibertsitateak jakin badakiela zein den gure egoera ekonomiko eta soziala, eta oinarrizko gaietan erakundea egiten ari den ahaleginen erakusle dela ikasleen matrikularako onartu den gizarte funtsa. 250.000 euroko funts horri esker pertsona guztiek hezkuntzarako duten eskubidea bermatu ahal izango da.
Gobernu Kontseiluak aurrekontua onartu ondoren, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onespena eman diezaion uztaileko bileran.

'Osasun Psikologia Orokorra' masterra
Bestalde, 'Osasun Psikologia Orokorra' unibertsitate masterra onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Osasun psikologo orokor bezala aritzeko gaitzen du master horrek. Osasun lanbide hori titulatua eta arautua da.

Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, masterraren ikasketek kanpoko agentzia ebaluatzaileen onespena jaso beharko dute, eta, gero, Eusko Jaurlaritzak baimendu behar du masterraren ezarpena. Datorren ikasturtean UPV/EHUk Jardun profesionalerako gaitasuna eskaintzen duten beste hiru master emango ditu: 'Abokatutza' masterra; 'Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntza' masterra, eta 'Laneko Segurtasun eta Osasuna' masterra.