Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUk eta Bilboko Udalak lankidetzarako hiru hitzarmen sinatu dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/26

Erakunde biak elkarlanean arituko dira etxebizitzarekin, kultura-zabalkundearekin eta garapenerako lankidetzarekin lotutako hiru ekimenetan.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bilboko Udalak hiru lankidetza-hitzarmen sinatu dituzte. Erakunde bien arteko elkarlana sendotzen duten konpromiso hauen bitartez, sendotu eta hobetu ahal izango dira dagoeneko ibilbide arrakastatsua duten hiru ekimen, hala nola, Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat egitasmoa, Kulturbasque UPV/EHU Udako Ikastaroak eta Garapenerako Lankidetzaren inguruko unibertsitate-praktiken edo karrera amaierako proiektuen programa.

Alde batetik, UPV/EHUk eta Bilboko Udal Etxebizitzak -Bilboko Udalaren erakunde autonomoak- Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat egitasmoaren bitartez 2010etik indarrean duten lankidetza handitu egin dute. Ekimen honek, unibertsitateko graduondoko ikasleei etxebizitza merkea eskuratzeko bidea errazten die, trukean Bilboko auzoak suspertzen laguntzen badute. Gainera, abian jarri zenetik egitasmo honek izan duen harrera onari erantzuna emanaz, 2013-2014 ikasturtean handitu egingo da eskainitako etxebizitzen eta plazen kopurua. Hain zuzen ere, guztira 14 etxebizitza eskainiko dira, azken edizioan baino lau gehiago, eta 38 ikasle izango dira ekimen honen onuradunak, azken edizioan baino hamabi gehiago.

Ekimen hau, UPV/EHUko gradu-osteko ikastaroetan matrikulatuta dauden gazteei (35 urtetik beherakoei) dago zuzenduta, eta udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, konpartituta, pertsona bakoitzak hilean 50 euro inguruko prezio sinbolikoa ordainduz. Horren truke, ikasleek, egitasmoaren xede diren auzoetako erkidegoko proiektuetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu behar dute, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Izan ere, datorren ikasturtean eskainiko diren 14 etxebizitzetatik zortzi Otxarkoagan daude kokatuta (zazpi Txotena kalean eta bat Iruminetan) eta beste seiak Bilbo Zaharrean (Mariaren Bihotzaren plazan). Guztiak daude hornituta sukaldearekin eta oinarriko altzariekin.

Datorren uztailean irekiko da Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea. Iaz 60 eskari inguru jaso ziren.

Kulturbasque

Beste alde batetik, Bilboko Udalak ere Kulturbasque UPV/EHU Udako Ikastaroak -lehen BizBAK, Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura zirenak- babesten jarraitzeko konpromisoa ere berretsi du. Udalak eta UPV/EHUk sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren arabera, ekitaldi honetatik hasita, urtero 26.000 euroko laguntza ematera eta udal azpiegiturak ekimen honen antolatzaileen esku jartzera konprometitu da Bilboko Udala.

Kulturbasque UPV/EHU Udako Ikastaroak ekainaren 17an jarri ziren martxan eta, edizio honetan, egitaraua hogei bat ikastaroz osatuta dago, batez ere sozio-ekonomiarekin, komunikazioarekin eta artearen adierazpen desberdinekin lotutakoak. Kulturbasque UPV/EHU Udako Ikastaroak hainbat egoitzatan burutuko dira, besteak beste Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Esperientzia Geletan, Bidebarrieta Liburutegian, Bilbaoarteren egoitzan, Artxandako Ostalaritza Goi Eskolan eta HARROBIA Bilbao-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroan.

Garapenerako lankidetza

Eta, azkenik, UPV/EHUk eta Bilboko Udalak sinatu duten hiru lankidetza-hitzarmenak, Garapenerako Lankidetzaren inguruko unibertsitate-praktiken edo karrera amaierako proiektuen programan parte hartuko duten gazteentzako baldintza ekonomikoen hobekuntza ahalbidetuko du. Ekimen honen bidez, praktikak Euskadiko GGKEek garapen bidean dauden herrialdeetan burutzen ari diren proiektu desberdinetan egiteko aukera ematen zaie ikasleei. Bilboko Udalak 4.500 euroko diru-laguntza emango du, eta ikasleen aseguruen kostua eta bidaia-gastuen zati bat ordaintzeko erabiliko diren 750 euroko sei bekatan banatuko da dirutza hau.