Zitek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programak antolatutako Think Big 2025 Enpresa Ideien Lehiaketaren sari-banaketa ospatu da Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Aurtengo deialdira 43 proiektu aurkeztu dira eta horietatik lauk sari nagusiak jaso dituzte eta beste hiruk accesitak jaso dituzte.
‘ONCOFIBER’ proiektuak lehen saria irabazi du Think Big 2025 lehiaketan
EHUko Bizkaiko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea du helburu lehiaketak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/12
Lehenengo saria, 3.000 eurokoa, ‘ONCOFIBER‘ enpresarentzat izan da. Teknologia hori Lucero Mescli Hernándezek Joel Villatoro irakaslearekin, bere tesi-zuzendaria, lankidetzan garatu du. Proiektu honi esker, medikuek denbora errealean identifika ditzakete ehun kantzerigenoko guneak ebakuntza kirurgiko batean. “’ONCOFIBER’-ek zuntz optiko oso finak erabiltzen ditu, ile baten tamainakoak, tumore-zelulekin kontaktuan jartzean kimikoki erreakzionatzen dutenak. Zuntz horiek tresna kirurgikoetan integratzen dira, eta berehala bidaltzen dute informazioa; horri esker, kirurgialariek zehaztasun handiagoz erabaki dezakete zer ehun erauzi eta zein ez”, azaldu du Lucero Mescli Hernándezek.
Ez da Lucero Hernandezek lehiaketa hau irabazten duen lehen aldia.. Iaz ere lehen saria irabazi zuen bere 'FOS Detection’ proiektuari esker. Hala ere, osasun arloko profesionalekin partekatu ondoren, ondorioztatu zuen “ ez zegoela gaur egun merkatuan ezartzea justifikatzen zuen benetako beharrik”. Ikaskuntza horrek bere ikerketa norabide berri batera bideratzera eraman zuen, eragin kliniko handiagoa zuen teknologia baterantz, eta horrela sortu zen ONCOFIBER. “Harrotasun handia sentitzen dut aitortza honekin. Aurrera egiten jarraitzera eta ez etsitzera bultzatzen nau. Babes hau jasotzeak jarraitzeko are gogo handiagoa ematen dit”, adierazi du Lucero Hernándezek.
Bigarren saria, 2.000 eurokoa, ‘SensoLeaf’-ek irabazi du. Sentsore ultrafina, malgua eta ingurumenarekiko errespetuzkoa da, artoaren deribatuekin egina baitago. Gailu hau gai da deformazio mekanikoak detektatzeko, txikiak izan arren, eta seinale elektriko bihurtzeko. Sentikortasun horri esker medikuntzan, robotikan edo gailu elektroniko berritzaileetan aplikazioak izan ditzake.
Hirugarren saria, 1.000 eurokoa proiektu bakoitzerako, BIOTEK eta Aether Composites taldeentzat izan da. BIOTEK-ek Euskadin gaur egun inportatzen diren laborategiko erreaktiboak, ikerketa biomediko eta bioteknologikorako funtsezkoak direnak, ekoitzi nahi ditu. Bere proposamenak modu merkeago, jasangarriago eta atzerriko patenteen menpe egon gabe egitearen alde egiten du, eta horrek tokiko sektore zientifikoa indartuko luke. Bestalde, Aether Composites enpresak karbono-zuntz birziklatuz egindako erresistentzia handiko piezak sortzen dihardu. Ekoizpen-metodo aurreratuekin, automobilgintzan, aeronautikan edo kirolean hain erabilia den material horri bigarren bizitza bat eman nahi dio, ingurumen-inpaktua murriztuz eta industrian aukera berriak irekiz.
Hiru accesit
Gainera, epaimahaiak 500 euroko hiru accesit eman dizkie potentzial handiko beste ekimen batzuei. ‘Zumba y Recolecta’ enpresak landalurretan, nekazal lurretan edo basoetan erlauntzak jartzea proposatzen du, eztia ekoizteko eta saltzeko inbertsio osagarri gisa. ‘Pontxovid’-ek berrikuntzak sartu ditu mahastizaintza eta ardogintza jasangarrian, mahatsa deshidratatzeko eta ardo berez gozoak egiteko mahats-mordoak ur libretik babesten dituen estalki iragazgaitz mugikor baten bidez. Azkenik, ‘Itsas Baserri’ proyectuak gune produktibo bat eraikitzea planteatzen du, non itsas espezie desberdinen rol ekologikoak aprobetxatuko diren kalitatezko elikagaiak eta produktuak ingurumen inpaktu minimoarekin lortzeko.
Ekitaldian izan dira Estitxu Garai, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea; Noemí Peña, EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziako zuzendaria; Joseba Mariezkurra, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia; eta Olatz Goitia, BEAZko zuzendari nagusia, Bizkaian ekonomia eta berrikuntza sustatzeko sozietate publikoa. Gonbidatuek, lehiaketaren garrantzia azpimarratu dute, unibertsitateko ikasleen artean ekintzaile-espiritua bultzatzeko eta Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzeko.
Irudi galeria
-
Iñigo Dueñas Las Cuevas, 'Itsas Berri' proiektuaren sortzailea accesita jasotzen -
Mikel Ortega, 'Pontxovid' taldeko kidea, accesita jasotzen -
Pablo Revillas Rojo, 'Zumba y Recolecta' proiektuaren kidea, accesita jasotzen -
Andrés Echevarria, 'Aether Composites' taldearen kidea, 3. saria jasotzen Olatz Goitiaren eskutik -
Adrián Fajardo Baró, 'BIOTEK' taldearen kidea, 3. saria jasotzen Olatz Goitiaren eskutik -
Richard Schönlein, 'SensoLeaf' proiektuaren sortzailea, 2. saria jasotzen Joseba Mariezkurraren eskutik -
Think Big 2025 Enpresa Ideien Lehiaketaren partaideak
