euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Anatolian eta K.a. 7.000 urtean kokatu dituzte erle argizariaren lehenengo erabilerak gizakien artean

Naturek argitaratu duen artikulu honetan parte hartu dute UPV/EHUko irakasle Alfonso Aldayk eta Lydia Zapatak (zendua).

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/12

Indusketa lanak Atxosteko aztarnategian, Araban.
Proceso de excavación en el yacimiento de Atxoste, Álava.

Noiz eta non sortu zen erleen inguruko interesa? Naturek "Widespread Exploitation of the Honeybee by Early Neolithic Farmers" artikulua argitaratu berri du. Nazioarteko talde batek egin du (UPV/EHUko bi ikertzailek parte hartzen dute), eta Turkiako Anatolia penintsulan eta K.a. 7.000. urtean kokatu ditu argizariaren lehenengo erabilerak.

Gaur egun, erleak galtzen ari dira, pestiziden, birusen eta parasitoen ondorioz, eta horrek kontzientzia sortu du erleen garrantzi ekonomikoaren eta nekazarien gizarteetan duten ezinbesteko zereginaren inguruan. Erleekin dugun harremana nekazaritza modernoa baino askoz ere zaharragoa da; hori adierazten dute, esate baterako, Egipto zaharreko hainbat errepresentaziok, baita, denboran are atzerago eginez, Iberiar Penintsulako historiaurrekoek ere: Bicorp-eko (Valentzia) Arañako harpeko panel ospetsuak, kasurako. Alabaina, orain arte inork ez zekien zuzenean noiz eta non sortu zen erleen eta erle produktuen inguruan dugun interesa. Horri buruzkoa da lan hau.

Erleen argizaria lipidoen konplexu paregabea da, eta bere "aztarna biologikoa", erresistentzia handia duena higaduraren aurrean, kokagune arkeologikoetan kontserbatutako hondakin organikoak aztertzean identifika daiteke. Horretarako, nazioarteko ikertaldeak (Bristolgo Unibertsitateko School of Chemistryk zuzendu du) Ekialde Hurbileko, Europako eta Afrikako iparraldeko Neolitikoko zeramikazko ontziak aztertu ditu. "Orain badakigu erleen argizaria etengabe ustiatu zela Kristo aurreko zazpigarren milurtekoaz geroztik, ziur asko zenbait tresnaren osagai gisa, erritualetan, kosmetikan, medikuntzan, erregai gisa eta ontziak iragazgaizteko" azaldu du Alfonso Aldayk, Historiaurrearen arloko irakasleak, Lydia Zapata zenduarekin batera. UPV/EHUko kide izanik, biek parte hartu zuten ikerketan.

Nekazaritza Neolitikoan sortu zen Ekialde Hurbileko zenbait lekutan, eta egoera batzuetan aurreikusi gabeko ondorioak izan zituen: lurrak eta larreak lortzeko basoak ireki zirenean sortutako paisaietan, zuhaixka eta loreek erleentzako inguru egokiak sortu zituzten. Nolabait, erleak "nekazaritzaren atzetik" ibili ziren, eta beren habitata zabaldu zuten, laborantza lur gehiago prestatzen ziren heinean.

Historiaurreko 6.400 ontzirekin baino gehiagorekin eginiko lanak definitu du non eta noiz erabili zen lehenengoz erlearen argizaria. Orain badakigu ebidentzia zaharrena Anatoliako (Cayonü) Neolitikoko aztarnategietan dagoela, Kristo aurreko zazpigarren milurtekoan; hots, eremu hartako zeramika kultura zaharrenez geroztik. Eremu horretan bertan dago Çatalhöyük-eko kokalekua, erle habia baten irudikatze piktoriko zahar baten jatorria. Halaber, atzeman da Anatoliako ipar-mendebaleko historiaurreko herrietan erleen argizaria erabiltzen zela, K.a. 5.500-5.000 urteen artean, sarritan hausnarkarien koipearekin nahastuta.

Europako lehenengo aurkikuntza ezagunak apur bat berankorragoak dira: Grezian, 4.900-4.500 urteen artean; Errumanian, 5.500-5.200 urteen artean; Serbian, esate baterako, 5.300-4.600 urteen artean. Badakigu data haietan Europa erdialdean erabiltzen zela; zehazki, Austriako eta Alemaniako kultura neolitikoan. Berriagoak dira Frantziako eta Esloveniako kasuak. Iberiar Penintsulan, aztertutako 130 ontziek ez dute argizariaren aztarnarik; beraz, ikertzen jarraitzen dute, Levanteko artean erleen zenbait irudikatze daudelako: "aintzat hartu behar da ontzien barnean lipidoen oso aztarna gutxi aurkitu direla, eta Iberian ikertutako ontzien kopurua oso txikia dela oraindik, baina logikoa da erleek Penintsulan ere ingurumen egokiak aurkitu izana beren garapenerako, nekazaritza sortu zenetik; hots, orain dela 5.500 urte" gehitu du Aldayk.

Beste alde batetik, lanak frogatu du hala Danimarkan nola Britainiar Uharteetan uste baino lehenago erabili zirela erle produktuak; bestalde, 57. paraleloaren gainetik edo estepa euroasiarrean ebidentziarik ez egoteak adierazten digu, ziur asko, erleen kolonien muga ekologikoa.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Mélanie Roffet-Salque, Martine Regert, Richard P. Evershed, Alan K. Outram, Lucy J. E. Cramp, Orestes Decavallas, Julie Dunne, Pascale Gerbault, Simona Mileto, Sigrid Mirabaud, Mirva Pääkkönen, Jessica Smyth, Lucija ŠOberl, Helen L. Whelton, Alfonso Alday-Ruiz, Henrik Asplund, Marta Bartkowiak, Eva Bayer-Niemeier, Lotfi Belhouchet, Federico Bernardini, Mihael Budja, Gabriel Cooney, Miriam Cubas, Ed M. Danaher, Mariana Diniz, László Domboróczki, Cristina Fabbri, Jesus E. González-Urquijo, Jean Guilaine, Slimane Hachi, Barrie N. Hartwell, Daniela Hofmann, Isabel Hohle, Juan J. Ibáñez, Necmi Karul, Farid Kherbouche, Jacinta Kiely, Kostas Kotsakis, Friedriech Lueth, James P. Mallory, Claire Manen, Arkadiusz Marciniak, Brigitte Maurice-Chabard, Martin A. Mc Gonigle, Simone Mulazzani, Mehmet Özdoğan, Olga S. Perić, Slaviša R. Perić, Jörg Petrasch, Anne-Marie Pétrequin, Pierre Pétrequin, Ulrike Poensgen, C. Joshua Pollard, François Poplin, Giovanna Radi, Peter Stadler, Harald Stäuble, Nenad Tasić, Dushka Urem-Kotsou, Jasna B. Vuković, Fintan Walsh, Alasdair Whittle, Sabine Wolfram, Lydia Zapata-Peña‡, Jamel Zoughlami
  • Widespread Exploitation of the Honeybee by Early Neolithic Farmers
  • nature 15757
  • DOI: 10.1038