-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Marta Barandiaran Landin
Sormena gara daiteke?
Pintura Saileko irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/09
Azken garaietan sormen kontzeptua modan jarri da, askotan artearekin soilik lotuta agertu arren. Ez dago inolako zalantzarik artistek, zentzu zabalean, sormena erabiltzen dutenik eta oso garatuta dutenik, baina artistak dira sormena erabiltzen duten bakarrak? Nola garatu dute?
Lehenengo galderari ezetz biribila eman behar diogu. Badaude leku guztietan adin eta lanbide desberdinetako pertsona asko oso sortzaileak direnak, baina badira asko ere sormen gaitasuna garatu gabe dutenak eta egoera hori aldatu behar da. Aditu batzuek esaten digute sormenaren garapena alfabetizazioa bezain garrantzitsua dela, gure mundua oso arin aldatzen ari baita eta, ikusten dugunez, krisialdi sakonei aurre egin behar izango baitiegu. Horretarako sormena ezinbestekoa da. Gainera, arlo gehienetan gaur egun ikasten ari garena epe laburrean guztiz zaharkituta geratuko da. Horregatik, trebatzen ari garen profesionalek modu sortzaile batean pentsatzeko abilezia behar izango dute, egoera berri horietara egokitzeko eta arazo berriei irtenbidea bilatzeko.
Baina, nor da sortzaile? Pertsona askok erantzungo lukete ez direla sortzaile jaio izan, eta egia izan daiteke genetikoki desberdintasunak egon daitezkeela, baina egia ere bada denok garela sortzaileak, nahiz eta gure sormena, askotan, izkutatuta izan. Gainera, uste baino gehiago eta egunero erabiltzen dugu gaitasun hori. Baina frankotan sormena modu kontziente batean adierazi nahi badugu, porrot egiteko eta barregarri geratzeko beldurrak geldiarazi gaitu, nahiz eta ondo jakin porrota ezinbestekoa dela aurrera egiteko.
Zer behar dugu, orduan, edozein arlotan sortzaile izateko? Hasteko, ezagutza. Ziur egon askok Fisika kuantikoaren arloan ez dugula inoiz ezer sortuko, arrazoi nabariengatik. Gero, motibazioa, sortzeko grina, pasioa, egiten ari garen horretan guztiz murgildurik gaudela eta denbora ez dela igarotzen sentitzeko, eta pertseberantzia. Eta bukatzeko, modu sortzaile batean pentsatzeko trebetasuna. Azken hau bai landu ahal dela. Beraz, bigarren galderari erantzuten saiatuko gara: Nola garatu sormena?
Hezkuntzarekin lotutako adituak izanda, arlo horretan egin ahal duguna azaltzen saiatuko gara. Horretarako oso garrantzitsua izango da bi kontzeptu hauek desberdintzea: irakaskuntza sortzailea eta sormena garatzeko irakaskuntza, nahiz eta lotuta egon.
Lehenengo kontzeptua garatzeko irakasle sortzaile bat behar da, trebetasun zehatzak garatu dituena eta berauek egoera desberdinetan erabiltzeko gai dena. Ezagutza ondo barneratuta dauka modu pertsonal batean igorri ahal izateko eta irakasteko estiloa eta estrategiak aldatzeko malgua da, arriskuak hartzeko prest egonez. Erabiltzen dituen metodologiak eta baliabideak sortzaileak dira eta, kasu gehienetan ikasleei sortzaile izaten lagunduko die. Baina posible ere bada irakaslearen sormen maila oso altua izanda eta metodologia edo materialak oso berritzaileak izanda, ikasleari sormena erabiltzeko leku gutxi uztea. Hau argi ikusten da, adibidez, haur txikientzako Matematikako liburu batean non batuketak eta kenketak labirinto batean aurre egiteko erabiltzen diren. Emaitzaren arabera korridore bat edo beste bat aukeratzen da eta horren arabera irteera topatzen da. Kasu honetan, ariketa aurkezteko modua sortzailea da, baina ikasleak ez du sormena ezertarako erabili behar, bakarrik eragiketa matematikoak ebatzi. Hori bai, jolasa erabiltzen ari da eta umeentzat dibertigarriagoa izan ahal da, eta eraginkorragoa, zergatik ez, baina sormena ez da bereziki garatzen. Gauza berbera gertatu ahal da irakasleak oso dantza orijinala asmatzen badu, haurrek kopiatu behar dutena. Nor da sortzailea hor? Irakaslea edo haurrak? Eta haurrei uzten badiegu nahi duten dantza asmatzen?
Berriz, sormena garatzeko irakaskuntzan irakaslearen papera ere oso garrantzitsua da, baina kasu honetan ikasleengan jarrera eta sinesmen batzuk bultzatu behar izango ditu. Haiek sortzeko duten ahalmenean sinetsi behar izango du eta saia daitezen segurtasuna eman, nahiz eta lehenengoan ez asmatu, arriskuak hartzeko aukera eskaini, jakinmina piztu eta, batez ere, motibatu. Gainera, ikasle bakoitzaren indarguneak identifikatzen lagundu behar izango du, denok arlo guztietan sortzaileak ez garelako. Trebetasun batzuk garatzen lagundu behar izango die: arazoak ebazteko gaitasuna, pentsamendu dibergentea, norbanako antolakuntza, kritika.
Ikusten dugunez, asko dira kontuan hartu beharreko alderdiak, ata askotan ez dira maneiatzeko errazak. Horregatik, UPV/EHUk koordinatutako CREANOVA proiektu europarrean lau kategoria desberdinetan banandu genituen. Horrela, lau talde hauek erabilita ikasleen sormena garatzen lagunduko dugu:
- BEHARRA: sortzera eramaten gaituena, pasioa, barruko motibazioa edo kanpokoa (jaso dugun enkargua).
- ASKATASUNA: nahi dugun bezala lan egiteko, aukeratzen dugun lekuan eta ordutegian.
- ELKARREKINTZA: talde-lana bultzatuz, jakinda pertsona oso desberdinen ekarpenak aberasgarriagoak izango direla.
- INGURUNEA: lekua, gelatik kanpo lan egiteko aukera, bisitak, baina giro psikologikoa ere bai: umorea, erronkak jartzea, estres negatiboa kentzea, ikaskuntza aktiboa bultzatzea.
Beraz, egia da denok sortzaileak garela, gure gizarteak gure sormena behar duela eta hau garatu ahal dela. Hori egiteko lehenengo pausua sortzaileago izaten kontzienteki saiatzea da. Bigarrena ingurogiroa aldatzea da, zentzu zabalean, eta horretan aipatutako CREANOVAko lau faktoreak sartzea. Izan ere, ingurugiro egoki batean edozein pertsona izan ahal da sortzaile.