euskaraespañol

Redes sociales campusa

Mark Shuttleworth, ingeniaria eta enpresaburua, Canonical Ltd erakundearen sortzailea

«Espazioan askatu egiten da jendearen sormena: zer den lorgarria, nola zabaldu daitezkeen esplorazioaren mugak...»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/02

Mark Shuttleworth elkarrizketa egiten zuen bitartean. Foto: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Canonical Ltd. erakundearen sortzailea izateagatik da ezaguna, batez ere, Mark Shuttleworth; software libreari lotutako hainbat produktu sortu dituzte bertan, Linuxen Ubuntu banaketa ezaguna, besteak beste, baita erabiltzaile arruntei zuzendutako bestelako produktuak ere. Munduko bigarren espazio-turista ere izan zen, Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS) egindako misio batean hartu baitzuen parte 2002an.

Mundu osoko 200 aditu inguru bildu zituen UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, Telekomunikazioak Estandaritzatzeko Europako Institutuaren (ETSI) jardunaldi batzuetan. "Beste garatzaileen parean aritu zen Mark, gai teknikoak arbelean eztabaidatuz", dio Eduardo Jacob jardunaldien antolatzaileak. Gertuko azaldu zen egindako elkarrizketan, eta agerian utzi zituen, bere ustez, lan libreak posible egiten dituen garapena eta aurrerapenak.

44 urte dituzu, eta, zure ibilbidean, egiaz, oso azkar egin duzu aurrera, meteoritoen antzera. Nolatan egin ahal izan zenuen hain azkar aurrera?
Espero dut horrek esan nahi ez izatea gainbehera joango naizenik! Beti interesatu izan zait nola aldatzen den mundua, eta aldaketa interesgarrien parte izaten saiatu naiz beti. Eta zorte handia izan dut suertatu zaizkidan, eta aprobetxatu ditudan, aukera batzuekin.

Espazio-turista gisa egindako bidaian, zer izan zinen gehiago, turista edo ingeniari? Ekarpenen bat egin zenion espedizioari?
Noski, ni beti naiz ingeniaria, zientzialaria. Lau esperimentu egin nituen, fisiologiari, proteinen kristalizazioari eta metabolismoari lotutakoak. Oso interesgarria izan zen halako programa zientifiko batean parte hartzea. Halaber, niretzat garrantzitsua izan zen Lurra biziki gustuko duen eta espazioarekin hunkitzen den jende asko aurkitzea. Espazioan askatu egiten da jendearen sormena: zer den lorgarria, nola zabaldu daitezkeen esplorazioaren mugak...

«Berrikuntza asko eta asko desblokea dezakegu, baldin eta ideien emaria azkarra izatea lortzen badugu»

Joan gaitezen software librearen atzeko filosofiara. Kode irekiko softwarea garatzetik askoz harago doa. Noraino eragiten du horrek zure erakundean?
Horren guztiaren erdi-erdian dago Ubuntu sortu zuen enpresa: beste pertsona batzuen lan irekia behar dugu, eta geuk posible egiten dugu lan ireki gehiago egin ahal izatea. Azken batean, berrikuntza asko eta asko desblokea dezakegu, baldin eta ideien emaria azkarra izatea lortzen badugu. Historikoki, egunerokoan erabiltzen genituen tresnetan eragin zezaketen pertsona bakarrak izan dira tresnok fabrikatzen zituzten enpresetan lanean zihardutenak. Lan ireki eraginkorrak, berriz, aukera ematen du aldaketak egiteko, eta edonondik egiteko. Eta oso garrantzitsua da hori. Unibertsitatean, eta zientzian, adibidez, aspalditik dakite zientziak azkarrago egiten duela aurrera modu irekian egiten bada.

Software libreak mundua aldatu du. 2004an uste zenuen gaur egun lortu duen zabalpena izan zezakeenik?
Bai eta ez. Bai, ziur nengoelako softwarea ikuspuntu horretara bideratzeak berrikuntza gehiago ekarriko zuela. Eta ez, ezin nuelako aurresan nolako berrikuntzak garatuko ziren. Gaur egungo telekomunikazioei buruz ari gara.
Nire ustez, une honetan pil-pilean dauden bi gaiak dira, alde batetik, hodeia, edonork erabiltzen dituen plataformak alda ditzakegulako, eta, bestetik, gauzen Internet, gaur egun gehien jorratzen ari den gaia baita. Eta hor egin nahi dugu software-ekarpena, eta seguru iraunarazi nahi ditugu. Horretan egin nahi dugu berrikuntza, eta horri lotuta egin nahi ditugu negozioak.

Kode irekiko softwarea mundu guztiarengana iritsi da. Linux, berriz, erabiltzaile aurreratuei mugatuta dago oraindik orain. Erabiltzaileak Linux eskolan, etxeetan, erabiltzera iritsiko dira?
Linuxek berrikuntzak egiteko aukera ematen die erabiltzaileei. Modu berean, fisika ezinbestekoa da gailuak garatzeko, baina ez dago fisikaria izan beharrik haiek erabiltzeko. Orain, eskolei dagokienez, honako galdera honi erantzun beharko genioke: zer sortu nahi dugu, Prezi bat eta Power Point aurkezpen bat egiten dakiten pertsonak, edo berritzen dakitenak? Erabiltzaileek teknologia berritu ahal izatea lortu nahi baduzu, aldaketak egunero egin ahal izateko lekua eskaini behar diegu. Hori da funtsean egin beharreko hautua. Teknologia-aitzindariak sortu nahi baditugu, horretarako tresnak jarri behar ditugu haien eskura.

Jendeak gailu elektroniko bat erosten duenean, atzean duen softwareari erreparatzen diola uste duzu: kode irekikoa den edo ez?
Bai, azken batean, jendea bere motibazioei jarraika mugitzen da, badakite zer nahi duen. Zientzialari eta ingeniari gisa, uste dut oso garrantzitsua dela arreta jartzea jendeari nahi duen horretan laguntzen. Erabiltzaile gisa, uste dut ingeniariek ez dutela ahaztu behar garatzen duten horrek erabilgarria eta erabilerraza izan behar duela.

Eta garrantzitsua da, halaber, gailuen fabrikatzaileak konbentzitzea?
Fabrikatzaileak nahiko pragmatikoak izan ohi dira: funtzionatzen duen, saltzen den eta erabilgarria den horretan erabiltzen dute kode irekia. Eta ezin hobeto iruditzen zait hori, ongi deritzot.
Egun hauetan unibertsitatean antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartzen ari naiz, eta telekomunikazio-teknologia nola estandarizatu eta  sortu ditu ardatz: nola lortu telekomunikazio-operadoreek eragiketak bizkorrago egitea. Hala, teknologiak askoz azkarrago garatu ahal izango dira.

«Gazteek aldaketan eragina izan nahi badute, jakin behar dute teknologiak eragiten duela aldaketa, hein batean»

Ez da oso ohikoa unibertsitate bat halako biltzarretan parte hartzea. Zer deritzozu?
Nire ustez, aukera bat da ikasleek arreta jar dezaten industrian gertatzen ari diren gauzetan, eta, gainera, aukera ematen dio industriari merkatuko presioetatik urruntzeko, hein batean, eta egin daitekeenaren hurbilketa akademikoago eta intelektualagoetan zentratzeko. Poztu egiten nau eta eskertzen dut unibertsitatea izatea bilera horren anfitrioia.

Unibertsitatean egiten den ikerketak bide horri jarraitu beharko lioke?
Nire ustez, oro har, diziplina garrantzitsua da benetako arazoetan oinarritutako ikerketa eta produktuak sortzeko helburu duen ikerketa. Eta ingeniarientzat bereziki onuragarria dela iruditzen zait. Unibertsitate-aldia ikuspuntu komertzialetik eta modu askean pentsatzeko aukera gisa ikusarazi beharko litzaieke ingeniaritza-ikasleei: ariketa komertzial bat izan behar du ingeniaritzak, baina baita modu librean pentsatzeko aukera bat ere, merkaturako produktu zehatzen berehalako mugetatik aske.

Nola bultzatuko zenituzke gazteak Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak hautatzera?
Zaila da, ezin baita etorkizuna iragarri. Baina, nire ustez, aldaketan eragina izan nahi badute, jakin behar dute teknologiak eragiten duela aldaketa, hein batean. Baita gizartean ere. Gizarteak aldatzen dira bide hobeak aurkitzen ditugulako garbi adierazteko zer izan nahiko genukeen. Hala, onerako edo txarrerako, Twitter eta Facebook gizarte-aldaketak dira. Eta gizarteko aldaketa horiek teknologiari zor zaizkio, neurri handi batean. Jendeak gustuko duen hori egin behar du, interesgarri zaion hori. Eta egiten duten horretan handizale izan behar dute, eta ez diote beldurrik izan behar presioari. Uste dut jendeak ez duela handinahirik, eta hori da arazoa (barrez).