2025-26 ikasturtea Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta genozidioa salatzeko minutu bateko isilunearekin hasi da EHUn
Bengoetxea errektoreak unibertsitatearen konpromiso soziala eta nazioartekotzea sustatzearen alde egin du
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/11
“Salatu dezagun Palestinaren kontra Israel egiten ari den erasoa. Dei diezaiegun gauzei beren izenez: bakearen alde eta genozidioaren kontra” esanez eta minutu bateko isilunea eskatuz hasi du Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak 2025-2026 ikasturtearen irekiera ekitaldian. “Israelgo gobernua Gazan praktikatzen ari den gosete, suntsiketa eta hilketak salatzeko” eta “Palestinako herritarrekiko elkartasuna adierazteko” isilunearen ondotik, irekiera ekitaldi berezia dela aitortu du errektoreak: “Gure lehenengoa delako; unibertsitatea gizartera are gehiago gerturatzeko kanpoan egin dugulako eta gure unibertsitateak banatzen dituen urrezko domina-ematea berreskuratu dugulako, gaurko egun handiarekin bat eginez”.
Hiru ardatz
Zabaltzen den ikasturtean “unibertsitateko komunitatearen beharra eta zaintza nahiz EHUren erronka estrategikoak iparrorratz izango ditugu”, adierazi du Bengoetxeak. Izan ere, ikasturtea hiru ardatzetan oinarrituta egongo dela esan du: 2026ko aurrekontuak, 2026-28 urteetarako plan estrategikoa eta unibertsitatearen estatutu berriak. Asmo horiei begira, Jaurlaritzarekin “elkarrizketa zintzo eta leiala” izateko prestutasuna adierazi du, eta elkarlana aldarrikatu du, “komunitate senari eusteko giltzarri baita”.
Sen horri segika, bikaintasuna mugarri, euskal unibertsitate sistema lideratu eta Europan eta, oro har, nazioartean erreferentziazko unibertsitatea izateko lan egingo dutela azaldu du errektoreak. Mugaz Gaindiko campusa, Arku Atlantikoa, Enlight, Bakearen aldeko unibertsitate sarea eta Itsas Gaindiko campusa aipatu ditu. Eta, eskertu egin dio Imanol Pradales lehendakariari EHU eta Boise State University unibertsitateek sortuko duten Itsas Gaindiko Campusa eratzeko adierazitako babesa.
Bestalde, Imanol Pradales Lehendakariak, bere hitzaldian, euskal unibertsitate-sistemaren eredua eta, bereziki, EHUren bide akademikoa. “Unibertsitate bikaintasunak esan gura du erakundeak bere oinarrizko funtzioak betetzea eta bikaintasunez betetzea; betiere konpromiso irmoa izanik, bai bere ikasleen prestakuntza osoarekiko, bai gizartearen aurrerapenarekiko”, adierazi du.
“Euskal Herriko Unibertsitatea urrats sendoak ematen ari da, adibidez, horren froga garbia da Shanghaiko indizearen arabera, munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatuta jarraitzea lortu duela”, nabarmendu du Lehendakariak.
2024-2025eko memoria akademikoa
EHUren idazkari nagusi Leire Garmendiak irakurri du aurreko ikasturteko memoria, ikerketan eta transferentzian izandako emaitzez gain, lurraldean izandako eragina azpimarratuz. Azaldu duenez, % 9 doktorego tesi gehiago irakurri dira (guztira, 546; horietatik 268k nazioarteko aipamena) eta 53,6 milioi euroko itzulera lortu dira ikerketari laguntzeko deialdi lehiakorretan eta beste 12,55 nazioarteko ikerketa-deialdietan. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Espainiako Ministerioaren “Ezagutza sortzeko” deialdiko 14 milioi ere eskuratu ditu EHUk.
Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du; hala, EHU 2.400 enpresarekin aritu da elkarlanean eta kanpoko eragileekin egindako kontratupeko 13,9 milioi euroko diru-sarrerak egon direla gogoratu du.
Halaber, EHUko egresatuen laneratze tasa altua goraipatu du idazkari orokorrak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoaren azken datuen arabera, 2021eko promozioko tituludunen % 90 lanean ari da graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera (ikasitakoarekin lotura zuzena duen lanpostu batean % 87). Gainera, 10 ikasletik 6 urtebete baino gutxiago behar izan du lehenengo lana lortzeko.
Jarraian, Kimika Fakultatearen 50. urteurrenarekin bat eginez, Maria Paulisek, ikastegi horretako irakasle eta POLYMAT Institutuko zuzendariak, "Zientzia emultsioan: aniztasuna batzeko artea" izeneko ikasturte hasierako hitzaldia eskaini du.
Balluerka, Iribar eta Garaikoetxea
Irekiera ekitaldia baliatu nahi izan du errektoretza taldeak EHUren urrezko dominak banatzeko, Nekane Balluerka EHUko errektore ohiari; José Ángel Iribar Athleticen atezain ohiari eta Carlos Garaikoetxea lehendakariari, “gizatasunaren baloreak gorpuzten dituztelako”, azaldu du errektoreak.
Hain zuzen ere, asko zor dio Euskal Herriko Unibertsitateak Nekane Balluerkari, formakuntzan, irakaskuntzan, ikerketan, transferentzian eta kudeaketan egin duen lan nabarmenagatik. EHUko lehen emakume errektorea izan zen, 2017-2021 urte artean. Ikertzeko talentua unibertsitatearen nortasunaren oinarri dela erakutsi zuen eta horren alde lan egin, baita unibertsitate publikoa, haren komunitatearekin batera, bikaintasunera eramateko ere. Bere agintaldian inpronta feminista eta euskarekiko konpromisoa ere erakutsi zituen, eta baita COVID-19 pandemiari azkar erantzuten asmatu zuen, eta eskolak bermatu. 2021ean Euskadi Ikerkuntza saria jaso zuen.
“Hunkitua eta bihotzez eskertuta” jaso du Nekane Balluerka errektore ohiak domina eta “oso harro” dagoela “beirazko sabaia apurtu eta EHUko lehenengo errektorea” izateagatik. Gogoratu duenez, EHUk 350.000 pertsona formatu ditu eta “benetako erreferente soziala dela gogoratu du “goi mailako formazioan, ikerketa eta ezagutzaren transferentzian nagusi izateaz gain, demokratizazioaren eta ezagutzaren balioak sustatzen dituen eraldaketarako beneko agente delako”.
José Ángel Iribar Athletic Clubeko atezaina izan zen 1962tik 1979ra bitartean. Futbolari ibilbidea amaitutakoan, entrenatzaile lanetan jarraitu zuen: harrobiko taldeekin, Athleticeko lehen taldearekin eta baita Euskal Selekzioarekin ere, besteak beste. Bere handitasuna atezain bikaina izatetik harago iritsi da, Euskal Herriaren ikur bihurtzeraino, gizarte erantzukizun, euskara eta kirolaren baloreen alde egindako lan eskergagatik. Hunkituta, esker ona agertu du domina jasotzean.
Carlos Garaikoetxea Gernikako Estatutua onartu ondorengo lehenengo lehendakari izan zen eta egokitu zitzaion herri honen erakundetzea sustatzea. Prozesu horretan, euskal nortasun kultural eta nazionalaren alde, hezkuntza, formazioa eta pertsonaren garapen intelektuala oinarri, Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrera abiatu zuen. Bere printzipioei eutsiz, lehendakaritza utzi zuenean, europar zaletasunak mugituta, Herrien Europaren defentsan ahalegindu zen, eta politika aktibotik aldenduta, eutsi zion herrigintzari eta bakearen alde lan egiteari, jarrera etiko irmoz.
Domina jasotakoan, Garaikoetxeak azpimarratu du unibertsitatearen balioa: “Nazio aurreratu batek unibertsitate bikaina behar du, irakaskuntzan eta ikerketan, bere herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturala sustatzen duena.
Ordezkaritza zabala
Euskal gizartearen ordezkaritza zabala elkartu da EHUko ikasturte irekiera ofizialean. Jaurlaritzatik, esaterako, Imanol Pradales lehendakariaz gain, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torres eta Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Donostiako alkate Eneko Goia. Arlo akademikotik, berriz, Juan Jose Etxeberria eta Bixente Atxa, Deusto eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak; NUPeko idazkari nagusi Roldan Jimeno eta Eva Eguiguren Euneizeko errektorea; eta EHUko errektore ohi Manuel Montero, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka eta Eva Ferreira nahiz unibertsitateko komunitatearen hainbat kide, eta EAJ, EH Bildu eta PSEko legebiltzarreko ordezkaritza zabala.
