euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Balluerka, Iribar eta Garaikoetxeari EHUk Urrezko Domina emango die

Ikasturte hasierako ekitaldian, irailean, banatuko dira Gipuzkoako Campusean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/10

Ezkerretik eskuinera: Iribar, Balluerka eta Garaikoetxea
Ezkerretik eskuinera: Iribar, Balluerka eta Garaikoetxea | Argazkia: Laura López. Fotomuntaketa EHU

Gaur bertan egin den Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Gobernu Kontseiluan aurkeztu du Urrezko Dominen hiru hautagaien proposamena errektoretza taldeak. Nekane Balluerka EHUren errektore ohia, Jose Angel Iribar Athleticen atezain ohia eta Carlos Garaikotxea lehendakari ohia. Euren gizatasuna eta euskararekiko nahiz herriarekiko konpromisoa azpimarratu ditu, besteak beste, errektoretza taldeak Urrezko Domina emateko.

Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, 1966) EHUk errektore hautatutako lehenengo emakumea izan da eta EHU eraldatzeko jokatu zuen rolaz baliatuta, haren lidergoa goraipatu du EHUk. Errektore zela unibertsitatearen muina diren prestakuntzan eta ikerketan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena egin zuen EHUk: eskaintza igoz eta talentua erakartzeko programa berria sustatuz. Gainera, Shanghai rankinean 100 postu gora egitea lortu zuen unibertsitateak, munduko 400 unibertsitate onenen artera jauzi eginez. “Lider eredugarria, langilea eta maitatua” da Balluerka “feminismoaren eta berdintasunaren alde” lan egin zuen “indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berritu eta ez diskriminazioaren aldeko neurri aitzindariak hartuz; EHU izan zen lehenengo unibertsitatea genero ez bitarra hautatzeko aukera gehitzen ikasleen aukeretan”.  Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak gogoratu du, “urrezko domina lehenengoz emakume bati emango diola EHUk”.

Kirol mitotik harago, Jose Angel Iribarrek (Zarautz, 1943) Euskal Herriarekin eta euskararekin erakutsitako maitasuna eta konpromisoa azpimarratu ditu EHUk, baita haren “konpromiso soziala” ere. “Kirola balore-eskola gisa sustatzen lagundu du etengabe; batez ere, gazteen artean” eta “talde-lana, pertseberantzia, errespetua eta ahaleginaren printzipioak” nola txertatu dituen aitortu dio, “bertakoan errotuta, baina mundura irekietako nortasun kolektiboa islatuz, EHUk berak egin ohi duen legez”. 

Carlos Garaikoetxeak (Iruñea, 1938) zuzendu zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzak egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatea sortzeko urratsa, 1980ko otsailaren 25ean. Goi mailako ikasketen alde egindako urrats garrantzitsu hura aitortzea erabaki du EHUren Gobernu Kontseiluak, “bere ibilbide politikoan herri honekiko erakutsitako konpromisoaren erakusle; hain justu, lehendakari gisa dimisioa ematera eraman zuen herri konpromisoa”.  

Esker ona adierazteko hirurei emango zaie Urrezko Domina irailean Gipuzkoako Campusean egingo den 2025-2026 ikasturte hasierako ekitaldian, irailaren 10ean.

32 medikuntza plaza 

Osasun sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailarekin izandako elkarlanaren ondotik, bi aldeek hartutako konpromisoek ahalbidetuta, EHUk medikuntza plazak gehituko ditu euskarazko adarrean. Hala, irailean hasiko den ikasturtean 32 plaza berri eskainiko dira euskaraz Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Medikuntzako graduan; guztira, 200 euskaraz eta beste 200, gaztelaniaz. Gobernu Kontseiluak ontzat eman du  Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen batzarrak onartutako proposamena. 

Eusko Jaurlaritzak adierazitako konpromiso baten ondotik etorri da akordioa. Izan ere, eta ahalik eta plaza gehien eskaintzeko asmoz, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du eskaintza handitzeko unibertsitateak egindako beharren inguruko txostenak jasotakoari erantzuteko; alegia, azpiegiturei, giza baliabideei eta praktika klinikoei lotutako baldintzak bermatzea. Modu horretan, besteak beste, ikasleek, graduko praktika klinikoa egitera iristen direnean, eskolak euskaraz izan daitezen neurriak hartuko dira. 

Zaintza integralerako zerbitzua 

Unibertsitatean zaintza politikak abian jartzeko proba pilotu baten proiektuaren berri eman du bilkuran Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastidak. Zaintza integralerako zerbitzua, ikaste eta lan baldintzetan laguntzeko unibertsitateko komunitatea. Hala, errespetua, bizikidetza eta zaintza errazteaz gain, zaurgarritasun egoerak atzematea eta ikasleen behar psikosozialak artatzeko. Izan ere, egun komunitatearen zaintzara zuzentzen diren zerbitzuak aztertu eta behar berriak identifikatzeko lan egingo da proiektuaren baitan.

Eragin Fundazioarekin elkarlanean abiatuko du proiektua EHUk, Gasteizen, errektoreordetza dagoen eraikinaren beheko solairuaren 300 m2 gainditzen dituen espazioan. Kokapenean azpimarra jarri du Arabako Campuseko errektoreordetzak, esku-eskura egongo delako, ikusgai eta irisgarri. Egitasmoak aitzindari izan nahi du unibertsitate testuinguruan, bai gertuko nahiz Europako unibertsitateen artean ere.