euskaraespañol

Redes sociales campusa

2025eko Batxilergoko 16 sari berezietatik hamaika EHUn ikasten ari dira

Sarituek askotariko graduak aukeratu dituzte: Fisika eta Matematikatik Publizitate edo Zuzenbideraino

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/28

Alvaro, Iñigo, Nora eta Ugaitz. | Argazkia: EHU

Espediente on bat azala baino ez da. Zerbait esaten du, baina ez du dena kontatzen. Atzean azterketa orduak, zalantzak eta erabakiak daude. Prestakuntzaren funtsezko etapa bat itxi ondoren, gaur egun, 2024-2025 Batxilergoko 16 sarietatik hamaikak EHUn ikasten jarraitzen dute. Bostek gradu bikoitzak aukeratu dituzte (hiruk Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbidea, batek Business + Economics eta besteak Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa); beste hiruk Fisika ikasten dute; beste batek Matematika; beste batek Ingeniaritza Mekanikoa eta beste batek Publizitatea eta Harreman Publikoak. Lehen lauhilekoko azterketak igaro ondoren, unibertsitatera jauzi egiteak zer esan nahi duen jakiten hasi dira, horrek dakartzan erritmo berriekin eta eguneroko erronkekin.

2024-2025 ikasturtean, 32.321 ikaslek egin zuten Batxilergoko 2. maila EAEn. Horietatik 655ek Hezkuntza Sailak Batxilergoko sari bereziak emateko antolatzen dituen probetan parte hartu zuten, ekainaren 12an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Probetan modalitateko berariazko ariketa espezifiko bat egin zuten, beste bat Gaztelania eta Literatura arlokoa edo Euskara eta Literatura arlokoa, eta hirugarren bat Atzerriko Hizkuntzari dagokiona. Aintzatespen publikoaz gain, ikasle sarituek 1.235 euroko dirulaguntza jaso dute.

Horietako batzuekin hitz egin dugu.

Iñigo Fernández de Prado (Sopela, Bizkaia)

Iñigo

«Batxilergoan egindako lan eta ahaleginaren aitortza handia izan zen», azaldu du Iñigo Fernández de Pradok, gaur egun Ingeniaritza Mekanikoko ikaslea denak Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Aldi berean, unibertsitatea konfiantza handiagoz hasteko pizgarri gehigarria ere izan zen.

Saria lortu aurreko prozesuan exijentzia izan zen nagusi. USaP (Unibertsitatera Sartzeko Proba) egin berria zuen eta prestakuntza handirik behar izan ez zuen arren, aitortu du presioa sentitu zuela, ohikoa baino azterketa konplexuagoa zelako. Bere kasuan, gakoa ez zen une jakin bateko prestaketa, baizik eta denboran zehar egindako lana. «Konstanzia eta eguneroko ahalegina funtsezkoak izan ziren», azpimarratu du, eta ezinbestekotzat jo du familiak eta irakasle “bikainek eta bokazio handikoek” sortutako giroa. Batxilergotik unibertsitatera egindako jauzia motibagarria iruditu zaio: «Harrigarria da ikustea nola lotzen den teoria aplikazio errealekin».

«Motibazio pertsonalak ezartzen du zailtasunen aurreko aldea»

Ingeniaritza Mekanikoa aukeratu zuen hainbat interes uztartzen zituelako. Betidanik gustatu izan zaizkio matematika eta fisika, baina ikuspegi praktikoa bilatzen zuen, autoekiko duen zaletasunarekin lotua. Ideia argi horrekin irudikatzen du bere etorkizuna: urte batzuk barru automobilgintzaren sektorean lanean, ibilgailuen diseinuan eta probetan parte hartzen, eta egungo teknologien eraginkortasuna eta diseinua hobetzeko ingeniaritza aplikatzen.

Gaur egun Batxilergoa ikasten dutenei eta antzeko bide bat jarraitu nahi dutenei mezu argia helarazten die: «Zailtasunak heltzen direnean, motibazio pertsonala da aldea markatzen duena».

 

Nora Vaquero Sotelo (Errenteria, Gipuzkoa)

Nora

Nora Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Publizitate eta Harreman Publikoetako Gradua egiten ari da, eta aitortza hau une egokian iritsi zela nabarmendu du. «Ohore handia izan zen, noski, baina batez ere oso bultzada handia». Bere ustez, baieztapena izan zen: «Urte hauetako lan eta ikasketa guztiak fruituak ematen ari dira».

Ibilbide akademiko osoan ikasitakoan oinarrituta joan zen azterketara. «Urtean zehar ikasitakoarekin joan nintzen —edo hobeto esanda, bizitza osoan ikasitakoarekin—», eta baieztatu du «funtsezkoak direla kultura orokorra eta loturak eta erreferentziak egiteko gaitasuna».

Helburua lortzeko erabakigarriak izan ziren jakin-mina eta ikasteko etengabeko gogoa. «Ezinbestekoa iruditzen zait antena guztiak piztuta izatea kanpotik datorren edozein informaziori arreta jarri eta zalantzan jartzeko», adierazten du.

«Askotan, ikasketa 'konplexuetan' edo 'arrakastatsuetan' jartzen zaituzte automatikoki, benetan gustatzen zaizuna kontuan hartu gabe»

Batxilergotik unibertsitatera igarotzeak aldaketa ekarri dio antolatzeko moduan eta proiektuak aurrera ateratzeko eran. «Batxilergoan ohituta geunden edukiak ‘murtxikatzen’ eta azterketetan askatzen», hausnartzen du. Unibertsitatean, berriz, erronka ikasitakoa berreskuratu eta zentzuz aplikatzea da. «Askotan automatikoki kokatzen zaituzte ‘ikasketa konplexu’ edo ‘arrakastatsuetan’, benetan gustatzen zaizuna kontuan hartu gabe», deitoratzen du. Berez autoexijentea den arren, etorkizunean lan duina izateak kezkatzen du; hala ere, badago are gehiago kezkatzen duen zerbait: «Asko kezkatzen nau lan horretan zoriontsua ez izateak».

Publizitate eta Harreman Publikoak aukeratzea ez zen berehalakoa izan, baina azkenean konbikzio argi batek gidatu zuen: «Sormenaren alde egin nuen apustua». Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du sormena aldarrikatzea, eta bereziki baloratzen du gradua irekia izatea, irteera askorekin eta bidaiatzeko aukerekin. Etiketetak gustuko ez dituen arren, aitortudu une honetan moda eta diseinuaren arloak bereziki erakargarriak egiten zaizkiola. Handi amets egiteak ez dio beldurrik ematen: ilusioz irudikatzen du bere burua Vogue bezalako aldizkari bateko zuzendari sortzaile gisa lanean, ikus-entzunezko ekoizpenetan parte hartzen edo, agian, idazketan aritzen.

Gaur egun Batxilergokoei mezu argi eta lasaia helarazi die: ez daitezela besteen iritzien arabera arrastaka eraman, eta benetan gustatzen zaienaren alde egin dezatela.

 

Ugaitz Zabala Gandiaga. (Sopela, Bizkaia)

Ugaitz

Ugaitzek ilusioz gogoratzen du Batxilergoko Ohorezko Sariaren sarituen artean bere izena ikusi zuen unea, umore ukitu bat ezkutatu gabe: “Baita sariaren diruagatik ere, ez dugu geure burua engainatuko”. Une hartan, gainera, jada ziurtatuta zuen EHUko Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitzean sartzeko plaza.

Probak lasaitasunez egin zituen, USaP amaitu eta astebetera eskas, eta prestaketa zehatzik gabe. “Zehazki, Ohorezko Sariko azterketetarako ez nintzen gehiegi prestatu”, azaldu du, Batxilergo osoan zehar egindako lan etengabean oinarrituta. Bere ustez, lortutako emaitza metodoaren, jarraikortasunaren eta ingurukoen babesaren uztarketa da. “Batxilergo osoan, ikasteko metodo bat izatea ezinbestekoa da”, dio, eta gaineratu du “lagunen eta familiaren babesa ere funtsezkoa dela”.

«Nahiz eta orain eduki gehiago izan ikasteko, nik lasaiago hartzen dut»

Unibertsitaterako jauzia bizigarria izan zaio, bere interesekin bat datozen edukiak lantzeko aukera eman baitio eta gutxieneko notaren presioa atzean utzi duelako. Orain eduki gehiago izan arren, lasaiago hartzen du: “Orain ikasteko eduki gehiago izan arren, nik lasaitasun handiagoz hartzen dut”. Aldaketa hori ikasteko moduan ere islatu da, orain ulermenean gehiago oinarrituta baitago: “Aurten ez da hainbeste buruz ikasi behar, baina irakurtzen dena ulertu egin behar da”.

Sariak ez dio presio gehigarririk sortu, eta etorkizunari begira jarrera lasaiari eusten dio, unibertsitatearen, ikerketaren edo industriaren arteko aukerak irekita utzita. “Egiten dudana egiten dudala, zerbaitetarako baliagarria izatea gustatuko litzaidake”. Batxilergoa egiten ari diren ikasleei mezu argia helarazi nahi die: estresak ez ditzala eraman, eta aukera badute, anima daitezela parte hartzera, izan ere, “saiatzeagatik ez da ezer galtzen”.

 

Sophie Vasquez Heredia. (Loiu, Bizkaia)

Sophie

 

Sophie Vasquez Heredia Donostiako ADE eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslearentzat Batxilergoko Ezohiko Saria «batxilergoan egindako lanaren aitortza eta aurrera jarraitzeko eta tinko irauteko pizgarria» izan zen. Prozesua lasaitasunez bizi izan zuen. Izan ere, azterketak USaPren ondoren egin zirela eta eduki asko aldez aurretik landuta zituela.

Atzera begiratuta, lortutakoa konstanzia, bokazioa eta familiaren babesa uztartzearen emaitza dela uste du. Unibertsitatera igarotzea «trantsizio gogorra» izan da berarentzat, eskakizun eta erantzukizun handiagoek markatua. Antolaketa eta eguneroko plangintzaren garrantzia azpimarratu du: «Orain askoz lehenago planifikatzen dut», eta argi dio «gauza guztiak azken unera uzteak ez duela funtzionatzen unibertsitatean».

«Etika legala ez da anbiziorako muga bat, esfortzuak benetan merezi duen gizartea eraikitzeko oinarri sendoena baizik»

Bereziki baloratu du klaseen dinamika, etengabeko arreta eta apunte onak eskatzen baititu, eta ikasketa eta atsedenaren arteko oreka mantentzeko beharra nabarmendu du: «Kirola egitea eta lagunekin denbora pasatzea gustatzen zait». Sariak itxaropenak sortu dituela onartzen badu ere, lasaitasunez hartzen du egoera, familiaren babesarekin «bere onena eman» duela sinetsita.

ADE eta Zuzenbideko gradu bikoitza interesagatik eta etorkizun profesionalaren ikuspegitik aukeratu zuen, eta bere burua etorkizunean zuzenbide ekonomikoaren arloan irudikatzen du. Prestakuntza horretatik abiatuta, gizarteari ekarpena egin nahi dio ikuspegi etiko eta arduratsu batekin, irmo sinetsita baitago «etika juridikoa ez dela anbizioaren muga, baizik eta ahaleginak benetan merezi duen gizarte bat eraikitzeko oinarri sendoena». Batxilergoko ikasleei, azkenik, aholku argia ematen die: beren lanean konfiantza izan dezatela, konstanteak izan daitezela eta ez daitezela soilik notetan zentratu.

 

Álvaro Gonzalez del Rio (Zamudio, Bizkaia)

IAlvaro

Álvaro González del Río Leioako Fisikako graduko ikaslearentzat Batxilergoko Ohorezko Saria “lan eta ikaskuntza etapa oso bati egindako aitortza” izan zen. Azaldu du azterketari “ikasturteko azken ahalegin” gisa egin ziola aurre. Hortik lor zezakeen guztia gehigarri gisa ikusten zuen. Izan ere, bidaian zegoen emaitza jakinarazi ziotenean, eta ustekabeko «poz handia» izan zen.

Lorpena “jarraikortasunari eta interesari” egozten die, eta unibertsitaterako jauzia bere prestakuntzaren “jarraipen natural” gisa bizi du, sakontasun eta exijentzia handiagoarekin bada ere.

«Fisika gustatzen zait, gauzen kausa eta arrazoia ulertzea gustatzen zaidalako»

Unibertsitatean eman dituen lehen hilabeteetan, denbora gutxian eskuratutako ezagutza kopuruak harritu du gehien. “Lau hilabete eskas daramatzagu eta lehen iritsezinak ziruditen gaiak ikasi ditugu”, adierazi du. Testuinguru berri horrek ikasteko modua ere aldatzera eraman du. Álvarok azaldu du orain ikaskuntza askoz independenteagoa dela eta inplikazio pertsonal handiagoa eskatzen duela. “Gure aldetik askoz gehiago jarri behar da irakasgai guztietan egunean egoteko”.

Sariak ez dio presio gehigarririk sortu, eta “jada itxitako etapa” gisa ikusten du. Fisika aukeratu zuen motibazio argi batengatik: “Fisika gustatzen zait gauzen kausa eta arrazoia ulertzea gustatzen zaidalako”. Etorkizuna oraindik zehaztu gabe badu ere, adierazi du “edozein alderditan” laguntzearekin gustura egongo litzatekeela, “harri koxkor batek gauza asko alda ditzakeela” sinetsita.