euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Akatsak egitea ez da kaltegarria, eta, gainera, ikaskuntza hobetu dezake

EHUren ikerketa baten arabera, ikasten ari garenean, estrategia eraginkorragoa da probak egitea —nahiz eta akatsak egin—, behin eta berriz irakurtzea baino

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/09

Eugenia Marin eta Yerai Mera, EHUko Psikologiako Graduko irakasle eta ikertzaileak
Eugenia Marin eta Yerai Mera, EHUko Psikologiako Graduko irakasle eta ikertzaileak | Argazkia: EHU. Gorka Estrada

Eugenia Marínen taldearen ikerketa batek baieztatu du ezagutzak barneratzeko garaian probak egitea eraginkorragoa dela ikasketa-materiala berrirakurtzea baino; izan ere, ebaluazioetan egindako akatsak zuzentzeko feedbacka baldin badago, errazagoa da haiek gogoan hartzea. Ondorioztatu dutenez, onurak berberak dira probak ikasi aurretik zein ikasi ondoren eginda ere. Lanak nabarmendu duenez, beharrezkoa da akatsen inguruan dugun pertzepzioa aldatzea.

Akatsak egitea ikaskuntzaren berezko elementua bada ere, hezkuntza-inguruneetan hutsak saihesteko joera izan da ohikoena, oroitzeko gaitasuna oztopatuko ote zuen beldur. Nolanahi ere, gero eta argiago ikusten da huts egitea ez dela kaltegarria eta, aldiz, ikaskuntza hobetu dezakeela. Hala baieztatu du Eugenia Marínek zuzendutako ikerketa batek: “Ikerketak erakutsi du ikasten den bitartean akatsak egitea estrategia sendoa eta eraginkorra dela. Aztertu dugu nola jakintza berriak eskuratzeko garaian probak egiteak (ikasketa-prozesuan akatsak egitea onartuz eta are sustatuz) emaitza hobeak ematen dituela ikasi beharreko gaiak behin eta berriz irakurtzeak baino” adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikaskuntza eta Kognizioa taldeko ikertzaileak.

Ondorio hori hainbat esperimentu egin ostean atera dute. Esperimentu horien helburua zen aztertzea zer eragin duen ikasketa-prozesuan zehar probak une batean edo bestean egiteak. Ildo horretatik, EHUren ikerketaren xedea zen zehaztea akatsak ikasketa-prozesuko zer unetan eginez gero hobetzen den buruz ikasteko gaitasuna. Parte-hartzaileek elkarren artean harreman semantiko ahula zuten 108 hitz pare ikasi behar zituzten buruz (adibidez, foka-pilota). “Ikusi nahi genuen zer komeni den gehiago, azterketak edukia ikasi ondoren egitea (post-test delakoa) edo ikasi aurretik egitea (pre-test), lotura duten aurretiazko ezagutzak eta espektatibak aktibatuz, edukia ezagutu ez arren eta horrek akatsak egitea ekarri arren”, azaldu du Marinek.

Emaitzek erakutsi dute proben ordena ez dela faktore erabakigarria: “Pre-test edo post-test direlakoak egin zituzten pertsonek antzeko emaitzak lortu zituzten, eta, bi kasuetan, probarik egin ez zuen taldeko parte-hartzaileek baino emaitza hobeak izan zituzten”, erantsi du. Hala, ikerketak erakutsi du ikasteko estrategia gisa pre-testa edo post-testa erabili zutenek erantzun gehiago asmatu zituztela amaierako azterketan, ikasketa-fasean bikote lexikoak irakurtzera mugatu zirenek baino.

Beraz, EHUren lanaren aurkikuntzek baieztatu dute akatsetatik ikastea estrategia sendoa eta orokorgarria dela, eta hori egiteko hainbat modu eraginkor adierazi dituzte. “Ikasgelan, eduki bat azaldu ondoren proba bat egin daiteke, ikasitakoa finkatzeko, edo eskolaren hasieran oraindik landu ez den gai bati buruzko galdetegi bat planteatu. Are gehiago, beste ikerketa batean egiaztatu dugunez, pre-testa eskola baten amaieran egin eta feedbacka beste saio batean emanda ere, bi egun geroago, estrategia eraginkorra izaten jarraitzen du”, azaldu du Marinek.

Era berean, ikertzaileak azpimarratu du ez direla soilik irakasleek aplika ditzaketen metodoak, eta ikasleak animatu ditu probak beren kasa egitera: “Adibidez, ikasgai berri batekin hasi aurretik ikasleak begira dezake zer gai landuko duten aurki, eta bere buruari galdetu horri buruz zer dakien. Era berean, irakasgaia landu ondoren nork bere buruari azterketa egin diezaioke, prestakuntzaren zati gisa”.

Akatsak eginez ikasteko estrategiak gutxiesteko joera

EHUko ikerketak, bestalde, ikastunek ikasteko estrategiei buruz duten pertzepzioa ere jasotzen du. Esperimentuak amaitu aurretik, parte-hartzaileei galdetu zieten haien ustez zer zen onuragarriagoa, egindako akatsetatik ikastea edo erantzun zuzenak bakarrik ikastea, eta gehienek akatsik egin gabe ikastearen alde egin zuten. Hau da, informazioa berrirakurtzea bezalako metodoen alde.

 “Oro har, gutxietsi egiten da ikasteko fasean probak sartzearen eta akatsak egitearen potentziala. Horren arrazoia da zerbait berriz ikasten edo berriz irakurtzen dugunean aisetasun-sentsazioa dugula, informazio guztia gure buruan eskuragarri daukagun eta ikasi egin dugun sentsazioa. Aldiz, proba bat egitea eta irakurritakoa ahaztu zaigula egiaztatzea ez zaigu gustatzen, agerian uzten baitu badirela oraindik ondo ikasi ez ditugun gauza batzuk. Horregatik, epe luzera oroitzerakoan emaitza onenak ahalegin handiena eskatzen diguten ikaskuntza-estrategiek ematen dizkiguten arren, metakognitiboki, uste dugu ez direla hain eraginkorrak”, argitu du Marin doktoreak.

Ikerketaren egileak azpimarratu du epe luzerako ikaskuntzarik onenak ahalegina eskatzen duela: “Berrirakurtzen edo azpimarratzen dugunean erosoago sentitzen bagara ere, ahalegin handiena egitera behartzen gaituzten metodoak dira epe luzera arrasto esanguratsua uzten dutenak; adibidez, gogoratzen saiatzen garenean eta geure akatsei aurre egin behar diegunean. Akatsa ezagutzaren motorretako bat da, eta garrantzitsua da hura normalizatzea ikaskuntza-prozesuan”.

Informazio gehigarria

Eugenia Marín Psikologian doktorea da, baita Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko irakaslea eta ikertzailea ere. Eskolak ematen ditu Psikologiako Graduan eta Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboko Masterrean. Gaur egun, haren ikerketa-ildo nagusia ikasteko hainbat estrategiaren eraginkortasuna aztertzea da. Ikerketa hori “Testing, errors and learning” izeneko proiektuaren parte da, zeina Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatzen baitu, eta Eugenia Marín du ikertzaile nagusi. Artikulua Yeray Mera eta Nataliya Dianovarekin batera argitaratu du. Mera Psikologiako Graduko irakaslea da gaur egun, eta artikuluak haren doktorego-tesiaren zati bat biltzen du. Tesia 2025ean defendatu zuen eta Marin izan zuen zuzendari. Bestalde, Divanova Psikologia Fakultateko doktoretza aurreko ikertzailea da, Marinen zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoa