Asier Gómez, Mónica Villalba eta Alvar Manjónekin Zientzia eta Teknologia Fakultatean egon gara, aurkezpen handiaren biharamunean. Hirurek hartu dute parte Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko Arrafela leizeko ezohiko aurkikuntzan: duela 4.000 urteko bisonte baten eskeleto ia osoa; gutxienez, 12.000 urte dituen lehoi baten masailezur eta haginkariak eta hainbat garaitako hegazti hezurrak.
Iraganeko paisaia ekologikoa alda lezaketen aztarnak
Orain 4.000 urte Urbasan bizi zirenek, gutxienez, bisonte bat ikusi eta ehizatzen saiatu zirela erakusten duten aztarnak aurkitu dituzte EHUko ikerlariek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/12
Ikerketaren hasiera dela kontatu digute, frogak egiten hasteko unea. DNA, isotopoak, metrikak… Emaitza horiek guztiek zehaztuko dute animalia bakoitzaren zehaztapen taxonomikoa, baita ea iberiar penintsulan aurkitutako lehen europar bisontearen alea den agertutakoa.
Kaxaz beteta aurkitu dugu bulegoa. Hezur eta fosilez beteriko plastikozko kutxa erraldoiak dira. “Denak ez dira Urbasako Arrafelakoak, ez”, argitu digu Gomez ikertzaileak. Izan ere, hainbat ikerketa proiektutan ari dira lanean, aldi berean. Behin proiektua amaituta zaintza eta begirale lana egingo duen erakundeak hartzen ditu, Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan, … dagokion lekuan.
Zabaldu dute kutxatako bat eta eskuan hartu dugu plastiko poltsa batean babestuta daukaten Arrafelako lehoiaren hagina. “Pisu ederra dauka!”, atera zaigu nahi gabe. Barreari ezin eutsita azaldu digu Alvar Manjon ikerlari gazteak solidoak direla haginak; “hezurrak ez bezala, ez daude hutsik. Gainera, aurkitu ditugun hezurren tamaina ikusita indibiduo handi batez ari gara; Arrafelako lehoia harra zen eta 250 kilo inguruko pisua izan zezakeen”. Tesia egiten ari da Manjon, eta lehoiaren aztarnen ikerketa izango da bere doktoregoaren parte.
Baina nola iritsi dira EHUko hiru kideak Urbasara? Lehenengo eta behin Arrafelako leizearen diziplinarteko ebaluaketan parte hartu zutelako Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzearen Instituzioak sustatuta eta Gomezek kozuzenduta .Arrafelara egindako lehenengo sarrerak urrian egindako interbentzioa eragin zuen, batez ere, bisontea eta lehoian oinarrituta, eta orain jasotako laginak analizatzea eta ikertzea tokatzen da, azaldu digu Gomezek.
“Aurkikuntzaren gauza harrigarrienetako bat da bisontea jausi egin zela, baina ez zela berehala hil; mugitu egin zen leizearen barrena eta horri esker ez da ezer jausi haren gorpuzkien gainera eta lagundu du hezurren kontserbazio optimoa. Ez da, esaterako, sarraskijaleen eskura egon”, zehaztu digu Gomezek.
Izan ere, leizea 40 metro luzeko zuloa da eta hara heltzeko ezinbestekoa izan da espeleologoen lana, soka bidez jaitsi ahal izateko. “Barrutik izugarri handia da leizea, sekulako azalera dauka eta gune bi daude, baina jaso diren hezurrak bista-bistara zeuden”, zehaztu digu Villalba doktoreak. Bera paleontologian doktorea da, hartzen eboluzioan espezialista eta urtebete pasatxo darama EHUn lanean. Fosilen analisia egiten kointziditu zuten beste aztarnategi batean “Nafarroan ere”, gogoratu digute biek ala biek.
Arrafelakoa sorpresaz beteriko leizea izan dela aitortu digute. Are gehiago, “zulotik atera ginen lehenengo egunean deigarriena zen lehoi baten aurrean geundela, eta hipotesia zen bobido handi hark potentzial handia zuela, baina artean ez genekien ze espezietakoa zen. Bigarren sorpresa datazioa izan zen”.
Eta gezi bat ere bazuela bisonteak, ala? Hori ere, a ze sorpresa! “Hasieran pentsatu genuen plastiko bat zela (barreak), baina bai, sorpresa handia izan zen”, dio Villalbak, “ez bakarrik kontatzen duen historiagatik, alegia, norbait animalia hura ehizatzen saiatu zela, eta zulora erori zela, baizik eta hezurren datazioa berresten duela”.
Oraindik detaileak falta dituzten arren, argi dutena da ez daudela metalezko punta asko kronologia horietan, “are gutxiago hain ondo kontserbatuak, morfologia hain definituarekin”. Analisiek zehaztu beharko dute haren jatorria, inportatua den ala ez.
Baina hori ere aztertzeko dagoela kontatu digute. Baita piezetako batzuk berregitea ere; bisontearen garezurra, esaterako. “Zatituta dago eta atal anatomiko batzuk ditu faltan”, esan digu Villalbak. Horregatik teknologia birtualak hartuko du lanaren zati bat eta eskanerraren laguntzarekin uste dute lortuko dutela falta diren atalak osatzea.
Bestalde, bisontearen aztarnei egingo zaizkien froga genetikoek argitu beharko dute bisonte europarra (Bison bonasus) den edo beste espezie batekoa. Hala balitz, lehenengo aldia litzateke Iberiar penintsulan horrelako bat identifikatzen dela. Izan ere, hainbat bisonte mota egon dira penintsulan, baina desagertu egin ziren une batean. “Europako beste zonalde batzuetan egon ziren bisonte europarrak, baina hemen ez. Uste izan dena da, ingurune honetan bizi zirenek behiak, ardiak zituztela eta oreinak edo basurdeak ehizatzen zituztela. Aldiz, europar bisontea dela baieztatuko balitz, orain arte geneukan paisaia ekologikoaren irudia aldatuko litzateke”, diosku Gomezek.
“Oraingoz dakiguna da Urbasan zeudenek, gutxienez, bisonte bat ikusi zutela eta ehizatzen saiatu zirela prestigio handiko arma batekin. Hori da oraingoz dakiguna”, laburbildu digu paleontologoak. Eta ez da gutxi. Hala iruditu zaigu guri, bederen. Izan ere, ikerketa taldeko kideak erritmo frenetikoan ari dira lanean. Urbasan, Karrantzan, Lekeition, Zestoan… Gustuko dute egiten dutena, aurkikuntza bakoitzaren atzetik lan handia eta geroz eta epe laburragoak egon arren. Ahalik eta arinena eman behar izaten dute indusketen berri, aurkitutakoa erakutsi, ikusgarri egin. Hala ere, eurena pasioa da eta transmititu egiten dute.
Aurretik Marokon
Urbasako leizean ez da, guk dakigula, giza aztarnarik aurkitu. Baina elkarrizketa baliatu dugu Gomezek parte hartu duen beste ikerketa batez galdetzeko. Izan ere, orain dela hilabete batzuk argitaratu zen Marokon aurkitu zituztela nNeanderthalen eta Sapiensen arteko azken arbasoaren aztarnak. Kontatu digunez, “Neandertalek badute zerbait karismatikoa; alegia, gizatasuna. Gure lehengusuak dira. Eurak dira gertueneko gizateria; aitona bat daukagu amankomunean”, esan digu. “Morfologikoki desberdinak gara, baina gurutzatu gaitezke eta izan bazuten espezializazio teknologiko gradu altu bat, seguruenik kultura bat, hildakoak errespetatzen zituzten… Baina desagertu egin ziren”, gehitu du. Eta horrek are erakargarriago egiten ditu gizarteentzat. Gomezek dioenez, “gure burua islatzeko ispilu dira”. Eta gogoratu digu Europan bizi izan zirela 150.000 urtez izugarrizko aldaketa klimatikoekin eta Belgikan mamutak ehizatzen zituztela eta gazelak Ekialde Hurbilean. “Nolabaiteko lotura emozionala egin dezakezu eurekin eta aztarna gutxi egonik oso interesgarriak dira guretzat, gure zuhaitz genealogikoaren inguruko informazioa ematen digutelako”.
