euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Arkitekturako ikasleek Argiartean jaialdian parte hartuko dute

El evento reúne instalaciones de arte lumínico en el Jardín de la Memoria, y se enmarca en el festival Olatu Talka

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/29

Arkitekturako ikasleak bere proiektua lantzen. Argazkia: UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arkitektura Goi Eskola Teknikoko bosgarren mailako hamasei ikaslek lehenengo Argiartean jaialdian parte hartuko dute, Donostiako Arte Luminikoko Nazioarteko Jaialdian. Maiatzaren 31ko gauean ikusi ahal izango da, Rafael Moneo arkitektoak Loiolako Erriberetan eraikitako Iesu elizaren inguruan.

Argiarteanek paisaiarekiko, arkitekturarekiko eta herritarrekiko elkarrizketa bat proposatzen du, esanahi handiko toki batean, Oroimenaren Lorategian. Oroimena kontzeptuaren –adiera unibertsalenean– inguruko irudiak eta emozioak irudikatzeko espazio bat. Light art instalazioez gain, bai lorategian bai elizan programazio heterogeneoa eta dinamikoa izango da; hainbat diziplina, besteak beste, musika, poesia, bideo-artea eta astronomia argiztapenarekin estuki lotuko dira.

Ikasleek testuinguru horretan egingo dituzte instalazioetako hiru, Mario Sangalli eta Iñigo Viar irakasleen zuzendaritzapean: Iesu elizaren nartexaren barrukoa eta elizaren ondoko Oroimenaren Lorategiko iparraldeko eta hegoaldeko sarrerak lotzen dituen pasealekuan kokatutako biak. Kokapen horietan, Paisaiaren Arkitektura eta Proiektu Saiakeretarako Laborategia irakasgaietako ariketa bana egin ziren.

Behin betiko proposamenak ikastegian bertan ikasitako bi arkitektok aukeratu zituzten: Edorta Subijanak, Olatu Talkako programazio eta eduki arduradunak, eta garapen fasearen gainbegirale ere izango den Josian Llorentek. Andrea Alamillo, Imane Bouljaoui, Sarah Darmon, Cristina González, Ander González, Paco Julia, Natalia Mantilla eta Luna Paumé-Lesbats ikasleek aurkeztutako proposamena kanpoaldeko instalaziorako aukeratu zuten; Marina Aldazabal, Justyna Dunaszweska, Bárbara Giménez, Maia Lemmi, Laïla Medina, Wiktoria Stepien, Cristina Timm eta Oihane Urrutiak aurkeztutakoa, berriz, barrualdean egingo den instalaziorako. Bi taldeak hainbat nazionalitatetakoak dira, bertako ikasleak hainbat mugikortasun programatakoekin nahastuta osatu baitira.

Egileak beraiek ari dira behin betiko soluzioa garatzen eta eraikitzen, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzan egindako proiektuetatik ateratako elektronikako eta argiztapeneko material birziklatuak erabiliz ia bakar-bakarrik.

Proposamenetan arkitektoek erabili ohi dituzten diseinuko tresna asko baliatzen dira eta inkontzientzia, pertzepzioa, jolasa eta engainua, muga eta ibilbidea lantzen dira. Emaitza gisa, eduki interaktibo bat nahita barne hartuz, bisitariak instalazioan esku hartzea lortzen du. Horrez gain, bi instalazioetan narrazioa eta espazio-denborazko sekuentziak lantzen dira. Geometriaren, kolorearen eta erritmoaren bidez manipulatutako argi artifiziala da (sentsore programatuen bidez aktibatzen diren LED argiztapen sistema modernoak erabiliz sortua) joko espazial horietako protagonista.