Duela gutxi argitaratutako liburu batek Errioxako mahasti paisaien historia sakona aztertzen du, Torrentejoko arkeologiaren bitartez. Hamar urtez egindako ikerketaren emaitza da eta gizakiak 4.000 urtez izandako eragina arakatzen du, historiaurreko asentamenduetatik hasi eta ardoaren industrializazioraino, eta paisaiak ondare nola bihurtzen diren hausnartzen du: zer gogoratzen den eta zer galtzen den.
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
Hamar urtez egindako lan arkeologiko batek Bastidan X. mendean aristokraten botere gunea zegoela ezagutarazi du
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/05
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ondare eta Kultur Paisaietan Ikerketa Taldeak ‘Torrentejoko proiektu arkeologikoaren’ behin betiko emaitzak argitaratu ditu ‘Memorias bajo los viñedos: Arqueología y paisaje histórico en Rioja Alavesa’ izenburupean. Indusketak eta laborategian azterketak egiten hamarkada bat eman ostean, liburuak gaur egun mahasti arteko baseliza bakartia besterik ez dela dirudien leku horretako 4.000 urteko etenik gabeko sekuentzia historikoa azaleratu du.
Arkeologoen aurkikuntzen arabera, Torrentejo ez zen nekazarien herrixka soila izan. Indusketek eraikin monumental bat (jauregi edo palatium bat, seguru asko) eta X-XI. mendeetako eliza pribatu bat identifikatu dituzte, lekua, San Millan de la Cogollako monasterioaren eskuetara pasa aurretik, tokiko eliteen eta Nafarroako monarkiaren botere gune izan zenaren ebidentziak.
Ikerketak Erdi Aroko "birpopulatzeari" buruzko teoria tradizionalak desegin ditu, tokiko komunitateek botere feudalak iritsi baino mende batzuk lehenagotik paisaia kudeatzen zutela eta bertan terrazak egiten zituztela frogatuz. Gainera, proiektuak fase moderno liluragarria dokumentatu du (XVII.-XVIII. mendeak). Horren arabera, baselizak (santutegi-zaindari bat bizi zen bertan) zeramika lantegi gisa funtzionatu zuen, eta puntu estrategikoa izan zen Errioxako Ebro ibaiaren ertzeko hiribilduekin izandako lurralde gatazketan.
Ikerketa honek, halaber, ondare horren hauskortasunaz ohartarazten du; izan ere, mahasti modernoen hedapen intentsiboa eta hondoa kentzeko teknikak lur azpian dagoen artxibo historikoa ezabatzen ari dira, eta, ondorioz, beharrezkoa da Ardoaren eta Mahastiaren Paisaia Kulturalaren kudeaketaren inguruko gogoeta berria egitea.
Postal turistikoa baino gehiago
Publiko zabalarentzat, Arabako Errioxa ardoa, abangoardiako upategiak eta Kantabria Mendilerroaren azpian dauden mahasti amaigabeen sinonimoa da. Baina proiektu arkeologiko honen abiapuntua premisa kritiko bat da: gaur egungo paisaia askotan askoz ere konplexuagoa eta anitzagoa den historia ezkutatzen duen azkenaldiko eraikuntza lana da.
Torrentejo, gaur egun Santa Lucía baselizari esker ezaguna dena, “laborategi ezin hobea” zelako aukeratu zuten. Ebro ibaiaren meandro batean dago, Errioxako Briñas herriaren parean, eta toki horrek metro koadro gutxitan laburbiltzen ditu eskualdeko tentsio historiko guztiak: mugako eremua da, laborantza emankorreko lurra, pasabidea eta gune sinboliko erlijiosoa da.
Argitaratu berri den liburua ez da indusketa txosten soila; hori beharrean, “paisaiaren bibliografia” egiteko saiakera ere bada. Ikertzaileek ez zituzten objektu politak bakarrik bilatzen, funtsezko galderak erantzutea baizik. “Proiektuak iraganaren ikuspegi estatikoari erronka botatzen dio. Gaur egun mahatsondoen monolaborantza dena, iraganean, zereal, baratze, baso eta larre eremuz osatutako mosaikoa izan zen. Ikerketak erakusten du eskualdearen identitatea ezin dela ardora bakarrik mugatu, aberastasun historikoa (soziala, politikoa eta ekonomikoa) baitu. Aberastasun hori, ordea, askotan, mahatsondoen azpian lurperatuta geratzen da, literalki eta metaforikoki”, nabarmendu dute editoreek.
Oinarrizko aurkikuntzak
Liburuak Kalkolitotik gaur egunera arteko sekuentzia estratigrafikoa jasotzen du. Aurkikuntzarik harrigarrienetako bat nekazaritzako sedimentuen metro batzuen azpian historiaurreko okupazio maila ukigabeak topatu izana izan zen. Tradizionalki, Arabako Errioxako Neolitoko eta Metalen Aroko populazioak Mendilerroko babesleku arrokatsuetan (Los Husosen edo Peña Largan, adibidez) soilik bizi zirela uste zen, eta haranera hildakoak trikuharrietan lurperatzeko bakarrik jaisten zirela. Baina indusketa lanetan, Kalkolitoan (K.a. 2.500 inguruan) datatutako txabola hondoa eta okupazio mailak aurkitu zituzten.
“Horrek baieztatzen du Ebro haranean uste baino askoz lehenago ari zirela modu egonkorrean bizitzen. Hau da, ez ziren urtaroko kokalekuak, elikagaiak prozesatu eta harria lantzen zituzten bizilekuak baizik. Aurkikuntza horri esker, gainera, Torrentejo da eskualdean dokumentatuta dagoen garai horretako aire zabaleko kokaleku bakanetako bat da, eta agerian uzten du bailara oso antropizatuta egon zela duela 4.000 urte baino gehiago”, baieztatu dute ikertzaileek.
Bestalde, narratiba historiko tradizional baten arabera, Erromaren erorialdiaren eta musulmanen inbasioaren ondoren, Ebro bailara ia hutsik geratu zen, eta Asturiasko eta Nafarroako errege-erreginek "birkonkistatu" eta "birpopulatu" zuten. Hain zuzen ere, Torrentejoko proiektuak ikuspegi gezurtatzen duten froga zientifikoak eskaintzen ditu.
Castrijoko muinoan (baselizaren ondoan) egindako geoarkeologia azterketen arabera, lehen nekazaritza terrazak K.o. VII. menden eraiki zituzten. Beste nolabait esanda, beraz, tokiko nekazarien komunitate antolatuak, orografia aldatu eta laborantza eremuak sortzeko behar adina gaitasun tekniko eta lan indar zutenak, Nafarroako errege-erreginak idatzizko agirietan azaldu baino mende batzuk lehenago zeuden bertan. “Basamortu demografikoa izan beharrean, VIII eta IX. mendeetako Torrentejo espazio dinamikoa zen. Harkaitzean induskatutako hilobi ospetsuen aurreko harlauzazko nekropoli bat (harrizko harlauzez osatutako hilobiak) identifikatu da. Horrek iradokitzen du tokiko nekazarien komunitateek lurraldea kudeatzeko gaitasuna zutela eta biztanleriak bertan jarraitu zuela; ondorioz, ez zutela maila handiagoko botereen tutoretzarik behar antolatu ahal izateko”.
Ezkutuko jauregia eta eliza pribatua
Horixe da, zalantzarik gabe, proiektuaren aurkikuntza mediatikoena. Gaur egungo baselizaren sedimentu eta gerora egindako erreforma lanen azpian, arkeologoek orain arte ezagutzen ez zen monumentu multzo baten zimenduak aurkitu zituzten. “Tamaina handiko bi eraikin identifikatu dira, kalitatezko harlanduz eraikiak (ondo landutako harria). Horietako bat bizitegi izaera zuen eraikin adierazgarri gisa interpretatu dute (seguru asko, palatium aristokratikoa). Ez zen laborantzako etxe soila. Hori beharrean, gizarte elitearen bizilekua zela uste da, lurraldea kontrolatzen zuten botereei lotua”, nabarmendu dute ikertzaileek.
Eraikin zibil haren ondoan, eliza primitibo baten aztarnak (gaur egungo eliza erromanikoaren aurrekoak) aurkitu zituzten. Interpretazio historikoak iradokitzen du jaurerrien botere zentroa izango zela. 1075. urtean, Nafarroako Antso IV.a erregeak Torrentejo hiribilduaren erdia eman zion Donemiliaga Kukulako monasterioari. Aurkitutako eraikina monjeak bertara iritsi aurretik errege-erreginek edo aristokraziak zuen boterearen adierazpen fisikoa izango litzateke.
Aurkikuntzak inguru hartako Erdi Aroko boterearen mapa aldatu du. Torrentejo ez zen beste herrixka bat; hori beharrean, Nafarroa eta Gaztelaren arteko muga gobernatzen zuten eliteen (seniorrak) bizilekua edo interes zuzenak zituzten lekua zen. Ondorioz, arkeologiak argitara atera du Erdi Aroko "mikropolitika", idatzizko agiriek apenas erakusten zutena.
Behe Erdi Aroko krisia eta bertan behera uztea
XII. mendetik aurrera, Torrentejo Donemiliagako monasterioaren "dekanotza" (etxaldea edo jabetza) bihurtu zen. Monjeek gaur egun zutik dagoen (oso aldatuta) eliza erromanikoa eraiki zuten (gaur egungo absidea garai hartakoa da). Baina herrixka desagertu egin zen.
Bastida hiribildua (bere foru eta harresiekin) eta inguruko beste hiribildu batzuk (San Vicente edo Guardia kasu) sortu izanak jendea erakarri zuen. Nekazariek Torrentejo bezalako herrixka irekietatik alde egin zuten, errege-hiribildu berrien segurtasuna eta pribilegio fiskalak bilatzeko.
Torrentejo jendez hustu zen, baina ez zen hil. Hori beharrean, eraldaketa jasan zuen. Hala, XVII eta XVIII. mendeetan, garai bateko parrokia eliza baseliza bihurtu zen. Arkeologiak hemen aurkitu duena eguneroko bizitza sutsua eta ustekabekoa da.
“Elizaren kanpoko indusketek tenpluari atxikitako etxe egiturak azaleratu zituzten –azaldu dute ikerlariek–. Bertan ermitau edo santutegi-zaindari bat bizi zen, Bastidako Udalak lekua zaintzeko enkargua eman ziona. Baina ez zuen otoitz bakarrik egiten. Izan ere, erreketa akatsak dituzten zeramika zati ugari (labeko probak) eta treberak (labeko bereizgailuak) aurkitu izanak han buztingintzako tailer bat egon zela iradokitzen dute. Torrentejoko ermitauak, seguruenik, zeramika beiraztatuaren ekoizpena fabrikatu edo kudeatzen zuen, bere diru sarrerak osatzeko”.
Baseliza eta ermitaua "lurraldea markatzeko" modu gisa mantendu ziren ondoko Briñas eta Haro udalerrietako bizilagunen aurrean; izan ere, Bastidak haiekin etengabeko liskarrak zituen larreak eta uraren erabilera zirela eta. Arkeologiak agerian utzi du arkitektura erlijiosoa ere baliagarria zela muga politikoak erakusteko.
Berrikuntza zientifikoa
Lanean emandako hamarkada honen emaitza paisaiaren arkeologian teknika aurreratuenak aplikatzearen ondorioa da. Izan ere, ez da izan XIX. mendean egin ohi ziren indusketen erakoa (altxorren bila), ikerkuntza integrala baizik.
- Arkitekturaren arkeologia: Elizako hormak "harriz harri" (paramentuen estratigrafia) irakurri dira, XII. mendeko zatiak, XVII. mendeko berreraikuntzari dagozkionak eta XIX. mendeko berrikuntza lanekoak bereizteko, begi hutsez ikusten ez den eraikinaren biografia azalduz.
- Geoarkeologia: Terrazetako lurzoruen analisi kimiko eta fisikoari esker jakin ahal izan da soro landuak nola eraiki ziren duela 1.300 urte eta nola aldatu zituzten nekazaritzako teknikak (zerealetik mahastira).
- Fotogrametria eta droneak: UAV (droneak) eta 3D modelaketak erabilita, eremuan bertan ia antzematen ez diren egiturak dokumentatu ahal izan dira, paisaiaren eta indusketen eredu digitalak zehaztasun milimetrikoarekin sortuz.
- Karbono-14 bidezko datazioa (C14): 11 datazio absolutu egin ziren, eta erabakigarriak izan dira nekazaritzako terrazen eta hilobien kronologia finkatzeko. Horiei esker, objektuen estiloan bakarrik oinarritutako estimazio lausoak gainditu ahal izan dira.
Gainera, liburuak aurkitutako materialen (zeramika, numismatika...) katalogo zehatzak jasotzen ditu. Horiek guztiek Torrentejon bizi izan ziren pertsona anonimoen eguneroko bizitzari buruzko zertzeladak eskaintzen dituzte.
Gainera, zooarkeologiari esker, bertako biztanleen dieta zein zen egiaztatu ahal izan da. Ardia, ahuntza eta oiloa ziren nagusi dieta hartan. Beste nolabait esanda, ardien abeltzaintzan oinarritutako nekazarien dieta da.
Liburuaren bukaeran, Arabako Errioxa lurraldearen kudeaketarako gaur egun interes gorena duen gogoeta kritikoa azaltzen da. Ikerketak mahastizaintza industrialaren intentsifikazioak (mahasti mekanizatuen eremu handiak) ondarearen kontserbazioan ondorioak dituela salatzen du.
Izan ere, mahasti berriak landatzeko hondoa kentzeko lanetan, lurra sakonera handian mugiarazten duen makineria astuna erabiltzen da. Liburuan dokumentatuta dagoenez, 2005ean eta 2014an, Torrentejoko aztarnategiaren zati batzuk suntsitu egin zituzten horrelako lanetan, induskatu aurretik. Mahasti "eraginkorrak" sortzeko antzinako terrazak, ezpondak eta aztarna arkeologikoak suntsituta, paisaiaren benetako historia ezabatzen ari dira. Horrekin lotuta, lanak argudiatzen du benetako “paisaia kulturalak” historiaren geruza guztiak babestu behar dituela, eta ez soilik gaur egun ekonomikoki errentagarria (ardoa) den hori.
Egileek paisaia fosilduko ez duen, baina aztarna arkeologikoen babesa nekazaritzaren kudeaketan txertatuko duen ondare ereduaren alde egiten dute. Torrentejo da mahasti bakoitzaren azpian kontatzeko zain dagoen 4.000 urteko historia egon daitekeela eta haren suntsipena atzeraezina dela erakusten duen adibide argia.
Egileei eta ikerketa taldeari buruz
Proiektu hau I+G+b-ren Plan Nazionalaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketari eta Bastidako Udalaren laguntzari esker egin ahal izan da.
Liburuaren editoreei dagokienez, Juan Antonio Quirós Castillo Arkeologiako katedratikoa da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Goi Erdi Aroko arkeologian eta paisaien arkeologian Europako aditu handienetakoa da. EHUko Ondare eta Kultur Paisaietan Ikerketa Taldea zuzentzen du. Bestalde, Carlos Tejerizo García Ramón y Cajal ikertzailea da Salamancako Unibertsitatean, eta nekazarien gizarteen arkeologian eta gatazkaren arkeologian espezialista.
Gainera, liburuan honako arlo hauetan espezialistek hartu dute parte: historiaurrean (Javier Fernández Eraso), Erdi Aroko historian (Igor Santos Salazar), arkeologia modernoan (José Rodríguez Fernández), numismatikan (José Ignacio San Vicente), zooarkeologian (Idoia Grau) eta geoarkeologian.
