Astelehenean hasiko da EHUn matrikulazioa aurretiko izen-ematea egin duten 20.638 ikasleentzat
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/14
Euskal Herriko Unibertsitateak astelehenean, uztailak 14, ekingo dio 2025-2026 ikasturteko ikasle berriak matrikulatzeari. Ikasleek online edo aurrez aurre egin ahalko dute matrikula.
Notarik altuena izan duten graduak:
| Biomedical Engineering | 13.066 |
| Medikuntza | 12.780 |
| Fisika eta Ingeniaritza elektronikoa (gradu bikoitza) | 12.684 |
| Odontologia | 12.580 |
| Biokimika eta biologia molekularra | 12.360 |
Guztira 8.789 plaza
EHUk 106 gradu eskainiko ditu datorren ikasturtean, guztira 8.789 plaza, EHUra atxikitak hiru zentroetan barne: Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola eta Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola.
Katalogo osotik eskaera gehien jaso duten graduak Biomedical Engineering, osasun arloko graduak eta gradu bikoitzak dira. Hala ere, Urtza Garay Gradu eta Eraldaketa digitalerako errektoreordearen esanetan, “unibertsitatearen aberastasuna ere bada jakintza eremu guztietako graduak eskaintzen dituela, gizartearen erronka anitzei erantzuna egokiak eman ahal izateko”.
Matrikularen prozedura
Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu duten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak, besteak beste. Uztailaren 14tik 17ra luzatuko da lehenengo matrikularako epea eta gero, bigarren deialdian (uztailak 19) deitutakoak uztailaren 21ean matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (uztailak 23) deitutakoak, uztailaren 24an. Irailean, beste hiru deialdi egongo dira.
Onarpen eta matrikulari buruzko informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/matrikula
