Oñati aukeratu du EHUren errektoretza taldeak hautagaitzak hauteskundeak irabazi zitueneko urtemuga gogoratzeko. Joxerramon Bengoetxea errektoreak, gainera, Europako federalismoaren inguruan idatzitako liburua aurkezteko baliatu du aukera.
-
Franco: Historia y/o relato moral
-
Jarduera elektrikoa detektatu da lehenengoz Marteko atmosferan
-
Adimen artifizialaren egia ezkutua
-
Gorozkietan ezkutuan dagoen DNAk erakusten du iberiar otsoaren dieta
-
EHUk bere premiak zehaztu eta Legebiltzarrari eskatu dio 2026ko aurrekontuetan finantzaketa indartzea
Bengoetxea: “Ezagutzaren gizarte ekitatiboa eraikitzea da EBren legitimitate-iturri iraunkor bakarra”
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/01
Eskerrona adierazi die Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Joxerramon Bengoetxeak bere taldekideei orain urtebete hasitako bidean erakutsitako konpromisoagatik eta egindako lanagatik. Aldaketa handiko urtea izan da, ez bakarrik errektoretza aldaketak eragiten duenagatik, baita egonkortasun prozesuak EHUren egituran eragin dituen mugimenduengatik ere. Hala ere, “lan-dinamika berria errotzea lortu” dela adierazi du Bengoetxeak, Oñatiko Soziologia Juridikoaren Institutuan. Izan ere, leku horixe aukeratu du Bengoetxeak hilabeteotan amaitu eta berriki argitaratu duen “Will the Europe survive populist nationalism?” liburuaren aurkezpena egiteko. “Nire etxea delako eta EHUren aitzindari izan zen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatearen egoitza izan zelako Oñatikoa”, aukeratu du Bengoetxeak Oñatiko unibertsitatea. Oñatiko unibertsitateko liburutegiko eta Soziologia juridikoaren masterra prestatzeko erabilitako materialarekin osatu du, “Oñatiko herriari eskainitako liburua da”, esan du aurkezpenean. Aurkezpenean Ihintza Palacín zuzenbidearen filosofia (EHU) irakasle eta Bengoetxearen ikasle ohia izan du lagun errektoreak.
Federalismoa eta populismoa
Mugimendu populistek, eta estatu nazionalistek sustatzen dituzten populismoek, Europaren integrazioa zenbateraino mehatxatzen duten aztertu du Bengoetxeak liburuan: “azken hamarkadako europar integrazio prozesuaren inguruko gogoeta bat da”, laburbildu du. Azken hamarkadan agertu diren populismoaren adibide jarri ditu AEBko presidente Donald Trumpek adierazi izana EEBB izorratzeko sortu zela Europar Batasuna, Brexita gauzatzeko sortu zen populismoa edo Europaren integrazio prozesuaren baitan sortu direnak Frantzian, Herbehereetan, Alemanian zein Ekialdeko estatu batzuetan. EHUko errektoreak azaldu duenez, “nazio ikuspegi horretatik estatu subiraniaren inguruko mehatxua ikusten badute, horrek esan nahi du Europar Batasunak badaukala eraginkortasuna eta liburuan horixe balioan jartzen saiatu naiz”. Horren adibide lirateke Europak egindako urratsak sistema juridikoen integrazioan edo ekonomia integrazio areagotuan; “zehazki ikusi da pandemian edo Ukrainako krisian Europako estatuek modu bateratuan erantzuteko erakutsitako erabakimena”, esan du Bengoetxeak.
Inbertsioa unibertsitate eta ikerketan
Horrez gain, eta konpetentzia argirik egon ez arren, harmonizazio prozesuetan aurrera egiteko urrats gehiago egin daitezkeela iritzi dio Bengoetxeak, “europar gizarteetan garatzen diren erakunde garrantzitsuenen arteko gertutasuna gauzatzeko”. Izan ere, “gobernantza eta estatuen arteko erlazio federaletan ikusmira eta ideia oso berriak ekarri ditu Europar Batasunak. Baina urrats handiagoak eman behar dira, esaterako, ikerketaren eta unibertsitateen finantzazio publikoa sendotzeko eta AEBrekin lehiakorragoak izateko”.
Gogora ekarri ditu ikerketa finantzatzeko Horizon programa eta European Research Council (ERC) beka; “azken honek gobernantza eredu interesgarria dakar, zientzialariei ematen baitie eurek zuzendutako sistema eta independentzia, ekimenak kontrolatzeko estatuen tentaldietatik kanpo”, zehaztu du errektoreak. Baina harago joan beharra dagoela iritzi dio Letta eta Dragi txostenek, Heitor txostenak edo Finlandiako lehen ministro izandako Diistoren txotenek diotena bere eginez. “Denek jartzen baitute balioan ikerketan eta unibertsitatean inbertitzeko beharra eta Europak horretan konpetentziarik ez badu ere, koordinazio neurriak ari dira hartzen”, zehaztu du Bengoetxeak.
Ildo horretan zehaztu du oso inportantea dela “Europako gobernantza eredu hori ulertzea”, eta prozesu horretan estatu ez diren nazioak kontuan hartuak izateko aukera eta beharra eta garrantzitsua da “estatu kideek ere egitura eta sistema federalak garatzen joatea, ahotsa eman ahal izateko baita erregio horiei”.
