euskaraespañol

Redes sociales campusa

Jardunaldia Nazionala

Bilboko Garunaren Asteak adimenaren sekretuak ezagutzera gonbidatzen du publiko orokorra

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2026/03/02 Noiz arte: 2026/03/07

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbo (Bizkaia)

Deskribapena

Martxoaren 2tik 7ra Garunaren Astearen bigarren edizioa ospatuko da Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldia DANA Foundation-en Brain Awareness Week nazioarteko ekimenaren barruan kokatzen da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu du, zehazki, Magdalena Wojtas doktoreak, Jose R. Pineda doktoreak eta Medikuntza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Lucia Perez doktoratu aurreko ikertzaileak.

Ekimenaren helburua da garuna nola aztertzen den erakustea, garunarentzako ohitura osasungarriak sustatzea eta neurozientziaren inguruko ezagutza gizarteari modu eskuragarri eta parte-hartzailean helaraztea, profesionalen eta herritarren arteko topagune baten bidez. Halaber, garunari buruzko jakin-mina, ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi dira adin guztietako jendearengan, arreta berezia jarriz hezkuntzan eta zientzia-dibulgazioan.

Martxoaren 7an, larunbata, familia giroan gozatzeko ate irekien jardunaldia izango da. Hamabi txoko interaktibo antolatu dira. Hurbilduko direnek esperimentu txikien eta jarduera interaktiboen bidez ikasiko dute garunaren atal bakoitzak zer egiten duen, animaliek ikerketan nola laguntzen diguten eta gure garunak mikroskopioan zer itxura duen.

Gainera, magia zientifikoko ikuskizun bat eskainiko da, ilusioak esploratzeko eta gure garunak informazioa nola interpretatzen duen hobeto ulertzeko. Sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Egun horretako egitaraua osatzeko, dibulgaziozko hitzaldiak eskainiko dira Baroja Auditorioan, profesionalek eskainita eta publiko helduari zuzenduak. Solasaldi horietan, ikerketan berriki egindako aurrerapenak aurkeztuko dira. Horrez gain, zirkulazio-istripu bat gainditu duen pertsona baten testigantza jasoko da, eta neurozientziari buruzko ponentzia bat azalduko da, animaliekin lagundutako esku-hartzeei buruzkoa.

Tailerretarako, hitzaldietarako eta ikuskizunerako sarrera librea eta doakoa da leku guztiak bete arte.

Astelehenetik ostiralera, eskola-tailerrak egingo dira Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleentzat. Jolasaren eta esperimentazioaren bidez haurrek ezagutuko dute nola funtzionatzen duen garunak eta nola ikasten dugun. Tailer hauetan Bizkaiko 11 eskolatako 434 ikaslek hartuko dute parte.

2026ko Garunaren Asteak hainbat erakunde babesleren laguntza du: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Neurozientziaren Espainiako Elkartea (SENC), ENLIGHT (ETN Neurosoft), Proquinorte eta Fisher Scientific. Gainera, kolaboratzaileen laguntza izango du: Leica, Europako Neurozientzien Federazioa (FENS), DANA Fundazioa, CIC Biogune, Achucarro zentroa, Biofisika Institutoa eta #SheMentoring proiektua.

Informazio gehiago jardunaldien web orrian.