euskaraespañol

Redes sociales campusa

Clara García Garzónek irabazi du EIA21 Arte Lehiaketaren IV. Edizioa

Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako 77 obra aurkeztu dira guztira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/10

Clara García Garzón, EIA21 Arte Lehiaketaren IV. Edizioaren irabazlea. | Argazkia: Fernando Gómez

EIA21 Arte Lehiaketa, Estudios e Ingeniería Aplicada XXI S.A. (EIA21) enpresak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateak elkarlanean antolatua, laugarren edizioko lan sarituak iragarri ditu. Txapelketaren irabazleak Clara García Garzón, Judith Voet eta Anna Firmberger ikasleak izan dira.

Lehen saria, 3.500 eurokoa, Clara García Garzónen Sonrisa obrari eman zaio. 162 x 114 cm-ko pieza honek pintura-prozesu batean oinarritutako tekniken konbinazioa erabiltzen ditu, hala nola collage-a, argazki-manipulazioa eta geruzen gainjartzea. Egileak “irudiaren eta abstrakzioaren arteko elkarrizketa aztertzen du, sorkuntza-prozesua bera esploratuz eta pintura ulertzeko modu berriak proposatuz”.  

1.500 euroko bigarren saria Judith Voeten In De Knoop-ek jaso du. Obra hau 45 x 45 cm-ko hamabi unitatez osatuta dago, eta formatu ertaineko argazkigintza analogikoan oinarritzen da.  

Halaber, hirugarren saria, 1.000 eurokoa, Anna Firmbergerren Sleepless Nights, Daily Shower lanak jaso du. 165 x 110 cm-ko formatu handiko obra honek hiru geruza gainjarriak ditu: begetal paper gaineko errotulagailua eta aluminiozko zinta erabiltzen ditu, konbinazio horrek egitura bisual konplexua sortzen du. 

Edizio honetan, 77 obra hautatu dira, graduko eta graduondoko ikasleek aurkeztuak. Pieza horiek formatu bikoitzak zein hirukoitzak hartzen dituzte, eta teknika eta adierazpen artistikoen aniztasun handia erakusten dute. Lan guztiak ikusgai daude EIA21 enpresaren Erandioko egoitza nagusian, bai eta lehiaketaren webgune ofizialean ere.  

2025eko maiatzaren 20an, EIA21eko zuzendaritzako ordezkariek, EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano-taldeko kideek, Durán Arte Y Subastas arte-erakundeko profesionalek eta bildumazaleek osatutako epaimahaiak bilera egin zuen saritutako lanak aukeratzeko. 

Erakusketa irailaren 12ra arte egongo da publikoarentzat zabalik, eta aukera paregabea eskaintzen du arte-sorkuntzan hasi berri diren belaunaldi berrien lanak gertutik ezagutzeko. Ekimen hau 2019an bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da.