-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
COP30 txiki bat Filosofiako irakasgai batean
Herritarren Batzar Klimatikoaren simulazioak ikaskuntza kritiko eta enpatikoko komunitatea osatzeko oinarriak ezartzen ditu
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/13
2025eko bigarren lauhilekoan, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Filosofia graduko ‘Justizia eta Eskubideak XXI. Mendean’ laugarren urteko hautazko ikastaroak Asanblada Komunitario Klimatiko baten simulazioa egin zuen. “Ikasketa teorikoa eta praktika esperientziala integratzea zen helburua, ikasleak egungo gobernantza klimatikoak planteatzen dituen dilema etiko, politiko eta ekologikoetan murgiltzeko”, azaldu du Antonio Casado irakasleak. Prozesua Emaus Gizarte Fundazioaren UPMS proiektuarekin elkarlanean egin zen, Júlia Barjau, Céline Moreaux eta Antonio Casadoren bideratze lanarekin. Esperimentuaren helburua izan zen Global Assembly for People and Planeti lotutako mundu mailako ekimenaren parte izatea simulatzea. Ekimen horrek ahotsa eman nahi die herritarrei aste honetan Brasilen egingo den Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konferentzian (COP). Hau da, EHUko ikasleek Belemeko COP30ean oinarritutako gogoeta egin zuten.
Ohiko eztabaida prozesuetan ez bezala, ikasle bakoitzak fikziozkoa, baina aldi berean sinesgarria zen pertsonaia baten rola hartu zuen bere gain. Pertsonaia hark Euskadiko hainbat ikuspegi sozial, generazional eta ekologiko ordezkatzen zituen, gizatiarrak ez diren erakundeak barne. “Horren ondorioz, batzarra belaunaldi eta espezie arteko justiziaren mikrokosmos simulatu bihurtu zen. Deliberazioa irudimen etikoaren eta narrazio kolektiboaren espazio bihurtu zen”, oroitzen du Casadok. Era berean, pentsamendu kritiko eta sortzailearen garapena, enpatia eta elkarlaneko erabakiak hartzea azpimarratu ziren, metodo pedagogiko gisa rol joko antzeztua edo LARP (Live Action Role Playing) erabiliz.
Hori bai, simulazio fase hori hasierako fasearen ondoren egin zen. Fase hartan, justiziari eta klima zientziari buruzko teoria politikoei buruzko eskolak eman ziren, klima gobernantzari buruzko egungo eztabaidei buruzko irakurketa gidatuak egin ziren, eta kanpoko erakundeekin lankidetzan aritu ziren. Eta simulazioa bera bi fasetan egituratu zen: martxoan alfabetatze klimatikoari eta megajoera globalen azterketari buruz eztabaidatu zuten eta, apiriletik maiatzera, ‘Pertsonentzako eta Planetarentzako Asanblada Komunitarioa’ izenekoa egin zuten.
Hiru eguneko batzarra
Batzarra 30 lagunek osatu zuten honako hauen araberako ordezkagarritasuna simulatzeko: genero aniztasuna, adina, jatorri sozioekonomikoa, komunitate zaurgarriak eta gizatiarrak ez diren erakundeen rolak (ozeanoak eta basoak, esate baterako). Batzarra hiru egunetan egin zen. Ikasleak bost taldetan banatu ziren gai nagusiak lantzeko: klima aldaketaren arintzea eta horretara egokitzea, izakien eta ekosistemen arteko interkonexioa, bidezko trantsizio globala, ingurumen justizia errestauratiboa eta naturaren eskubideak. Ikasketako fasean, talde bakoitzak baliabide didaktikoak prestatu eta aurkikuntzak batzar osoaren aurrean aurkeztu zituen.
Aurkezpenaren ondoren, deliberazioko eztabaida gurutzatua egin zuten taldeek haien ikuspegiak integratu eta dilema eta ideiak erregistratzeko. Azken fasean, gomendio politikoak idatzi, eztabaidatu eta bozkatu zituzten. Gomendio haiek gutxienez % 75eko babesa behar izan zuten onartzeko. Honako hauek dira iragazki hori gainditzea lortu zutenetako batzuk: etxerik gabeko pertsonen iritzia txertatzea klimaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuan; ingurumen aldetik eztabaidagarriak diren proiektuak etetea (Guggenheim Urdaibai kasu), eta gizatiarrak ez diren erakundeei nortasun juridikoa emango dieten lege erreformak bultzatzea.
Honako hauek izan ziren ikasleek esperientzia kalifikatzeko erabilitako adjektiboetako batzuk: “originala”, “desafiatzailea” eta “eraldatzailea”. Justizia errestauratiboari buruzko dinamika desberdina eta ikaskuntza ere nabarmendu zituzten; parte hartze aktiboak eta bideratzaile adituek sortutako motibazioa nabarmendu zuten, eta askotariko rolak hartzearen aukera aztertu zuten, horrek enpatia eta ulermen kritikoa areagotzen baititu.
b aldeari dagokionez, mugak aipatu zituzten: deliberazio sakonagoa egiteko behar adina denbora ez izatea, esleitutako rol batzuekin lotzeko zailtasunak eta taldeko dinamikan egon daitezkeen arazoak.
Baina bada oso argi geratu zitzaien zerbait ere: hobeto deliberatzen eta argudiatzen ikasteak eta ikaskuntza komunitate kritikoa eta enpatikoa osatzeak duen balioa. “Unibertsitateen eta gizarte zibileko erakundeen arteko lankidetza esperientziek, hala nola EHUrenak eta Emaus Gizarte Fundazioarenak, ikaskuntza eraldatzaileak sor ditzakete”, adierazi du Antonio Casadok.
