Biomaterialei buruzko nazioarteko biltzarra
Noiz eta non
Noiztik: 2015/10/07 Noiz arte: 2015/10/05
Deskribapena
Urriaren 6tik 9ra bitartean, Donostiako Miramar Jauregian, "5th International Conference on Bio-based and Biodegradable Polymers" (BIOPOL-2015) biltzarra egingo da. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatu du, Alacanteko Unibertsitatearekin eta European Centre for Nanostructured Polymers (ECNP) erakundearekin batera. Edizio honek jarraipena emango die aurretik Alacanten (lehenengo bi edizioak), Estrasburgon eta Erroman eginikoei, eta nazioarteko foro nagusietako bat bihurtu da, non ikertzaileek beren arloan eginiko lan berrienak aurkezten baitituzte.
Asteazkena, urriaren 7ean, 8:45etan, Donostiako Miaramar Jauregian, kongresuaren irekiera-ekitaldia izango da. Ana Arrieta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta Arantxa Eceiza (UPV/EHU) zein Alfonso Jiménez (Universidad de Alicante) kongresuaren zuzendariak ekitaldiaren buru izango dira.
Biltzarrak iraunkortasun handiko polimero berriztagarri eta biodegradagarriak ditu ardatz, baita horien aplikazio industriala ere. Hala ikerketa taldeetako kideentzat nola nazioko eta nazioarteko enpresetako ikertzaileentzat antolatu da, eta nazioartean ospe aitortua duten ikertzaileek parte hartuko dute. iltzarrak esparru bat sortu nahi du, biomaterialen inguruko nazioarteko ikerketaren eta teknologiaren azken joerak aztertzeko eta eztabaidatzeko. Halaber, ikertzaile gazteek eginbidean dituzten lanak erakusteko leku izan nahi du; horrela, arlo horretan esperientzia eta ezagutza zabala duten irakasleekin eztabaidatu ahal izango dituzte. Izan ere, oso interesgarriak dira plastikoaren sektorean eta gizartean, oro har.
Ekitaldira 250 ikertzaile inguru bilduko dira, eta 30 herrialdetako baino gehiagotako nazioarteko ordezkariak ere bertaratuko dira. Nabarmentzekoa da Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sistemako zentroetako 50 ikertzailek baino gehiagok parte hartuko dutela (bereziki, Euskal Herriko Unibertsitatekoak).
Informazio gehiago duzu hemen