Donostian hasiko dira Unibertsitate Orientaziorako Azokak
Noiz eta non
2016/01/23 2016/01/23
Deskribapena
Larunbatean, urtarrilak 23, 9:00etatik 14:00etara, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ignacio María Barriola Zentroan (Elhuyar enparantza, 1. Donostia), UPV/EHUk egingo dituen Unibertsitate Orientaziorako hiru azoketatik lehena ospatuko du.
Unibertsitate Orientaziorako Azoka unibertsitate-aurreko ikasleei, haien gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendua dago, nahiz eta edozeinek parte har dezakeen. Egitasmoaren helburua da UPV/EHUko graduei buruzko informazio zehatza ematea, unibertsitate-aurreko ikasleen zalantza guztiak argitu eta ikasketen aukeraketa errazteko. Zalantzak banan-banan zein taldeko informazio-saioen bidez argitu ahalko dira.
Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Nahi izanez gero, Orientaziorako Azoka egunean bertan, Campus bakoitzeko unibertsitate-egoitza bisitatzeko aukera izango duzu.
Vitoria-Gasteiz eta Bilbo
UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azokak hiru campusetan egiten dira; ondoz ondoko hiru larunbatetan. Gipuzkoako Campusean burutu ostean, Arabako Campusean egingo dira, urtarrilaren 30ean, Farmazia Fakultatean (Unibertsitateko Ibilbidea, 7), eta azkena Bizkaiko Campusean, otsailaren 6an, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Lehendakari Agirre hirbidea, 83. Sarriko, Bilbao).
UPV/EHUko unibertsitate-ikastegi guztietako zenbait irakaslek eta Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak azoketan parte hartuko dute hiru larunbatetan; egun bakoitzean Campus batean, hain zuzen ere. Hortaz, azoka bakoitzean UPV/EHUko hiru campusetan ematen diren gradu guztiei buruzko informazioa eskainiko da. Aurten, ezaguera-adarren arabera antolatuko dira UPV/EHUko 20 ikastetxeetako standak: Arteak eta Giza Zientziak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura. Informazio gehiago: www.ehu.eus/eu/web/sou/unibertsitate-orientaziorako-azokak
UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, urtarrilaren 30etik aurrera, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko web gunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.