euskaraespañol

Redes sociales campusa

'Ejercicios de Psicoestimulación cognitiva' izenburuko liburuaren aurkezpena

Noiz eta non

Noiztik: 2016/11/30 Noiz arte: 2016/11/28

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Asteazkena, azaroaren 30ean, 18:30etan, UPV/EHUren Psikologia Fakultateko Areto Nagusian, Donostian, ‘Ejercicios de psicoestimulación cognitiva' izenburuko liburua liburuaren aurkezpen-ekitaldia egingo da. Eskuhartze Psikosozialerako Lahar Elkargoak UPV/EHUren lankidetzarekin idatzitako lana da eta Erein argitaletxeak kaleratu du. Ekitaldian liburuaren eduki garrantzitsuenak azalduko dira eta horrekin  batera, Lahar Elkargoaren, irabazteko asmorik gabeko entitatearen, 25. urteurrena ospatuko da.

Liburua, pertsona nagusiekin psikoestimulazioa lantzea helburu duena, 2014. urtean euskaraz argitaratutako ‘Psikoestimulazioa lantzeko ariketak' liburuaren  gaztelaniazko bertsioa da eta bertan funtzio kognitiboak estimulatzea helburu duten jarduerak proposatzen dira.

Galera kognitiborik gabeko zein galera horiek pairatzen hasi diren pertsonei zuzendutako jarduerak dira eta Euskal Herriko kultura eta testuingurura egokituak daude.

Hiru dira, hain zuzen ere, ‘Ejercicios de psicoestimulación cognitiva' liburuaren helburuak:

  • 1. Alzheimerra eta antzeko dementziek eragindako galera kognitiboa atzeratzen laguntzea.
  • 2. Dementziarik ez duten adinekoen kasuan, galera kognitiboak prebenitzea.
  • 3. Euskal Herriko kultura eta testuingurura egokitutako  Psikoestimulazioa lantzeko jarduerak gaztelaniaz proposatzea, hau da, elebidunak ez diren edota gaztelaniaz hobeto moldatzen diren pertsonentzat psikoestimulazio kognitiboa lantzeko material praktikoa eskaintzea.

Aipatu gisa, ariketak Euskal Herriko kultura eta testuingurua kontuan izanik, prestatuak izan dira kasu gehienetan edukietan eta formatuan. Adibidez, euskal herriko geografia, euskal testuinguruko argazkiak, ohiturak, errezetak, eta abar erabili dira.
Liburuaren egileak izan dira Izarne Lizaso (UPV/EHU, Lahar Elkargoko kidea), Jaione Franco (Lahar Elkargoko kidea eta langilea), Pedro Bilbatua (Lahar Elkargoko kidea eta formakuntza ikastaroen koordinatzailea), Iratxe Arrillaga (Lahar Elkargoko kidea), Ibon Etxeberria (Lahar Elkargoko kidea eta administraria) eta Iñaki Aragón (Lahar Elkargoko kidea eta koordinatzaile orokorra). Egile guztiak Gerontologian adituak dira eta arlo horretan (bereziki Psikologiaren eta hezkuntza sozialaren ikuspegitik) hainbat urtetako esperientzia dute. Liburuaren argitaletxea Erein izan da.

Ariketak 8 ataletan banatu dira eta atal horietako bakoitzean funtzio kognitiboari buruzko sarreratxo bat azalduko da eta ondoren, hainbat ariketa praktiko proposatu dira. Lehenengo atalean arretari buruzko ariketak; bigarren atalean oroimenari buruzko ariketak (oroimen sentsorialari, oroimen laburrari eta oroimen luzeko ariketak, hurrenez hurren); hirugarren atalean orientazioari buruzko ariketak (denborari, lekuari eta banakoari buruzko ariketak); laugarren atalean lengoaiari buruzko ariketak: bosgarren atalean kalkuluari buruzko ariketak; seigarren atalean gnosiari buruzko ariketak; zazpigarren atalean praxiari buruzko ariketak eta azkenik, zortzigarren atalean, arrazonamenduari buruzko ariketak. Orotara, 138 ariketa prestatu dira.

Atal bakoitzaren orrialdearen izenburuan (goian eskuinera) kolore jakin bat erabili da funtzio kognitiboaren arabera, ariketa praktikoak modu errazagoan identifikatzeko.

Ariketa guztietan egitura berdina erabili da: lehenengo, ariketaren azalpena; ondoren –beharrezkoa den kasuetan soilik-, erabilitako materiala edo baliabidea. Ariketaren azalpenean, ariketa modu erraz batean deskribatzen da eta bakarka edo taldeka egin daitekeen azaltzen da. Kasu batzuetan, antzeko ariketak egiteko ideiak gomendatzen dira; beste kasu batzuetan, ariketaren iraupena zehazten da eta azkenik, proposatutako ariketa guztiak egokituak izan daitezkeela azaltzen da profesionalengandik zein senideengandik, estimulatu beharreko funtzio kognitiboaren gaitasuna kontuan izanik, zailtasun maila eta iraupena egokituz.
Material hau osatzen duten 8 funtzio kognitibo lantzeko prestatutako ariketa praktikoen ondoren, beharrezko kasuetan erantzun zuzena eskaintzen da, hurrenez hurren.

Material praktiko hau bereziki Alzheimer gaixotasuna bezalako dementziaren antzera, galera kognitibo arina izan dezaketen pertsonentzako prestatu bada ere, testuinguru horretan dauden inguruko profesionalentzat (psikologoentzat bereziki) zein senideentzat (Alzheimer motako dementzia duen ahaideentzat), Psikologia eta antzeko arloetako (Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte-hezkuntza, etab.) ikasleentzat, eta, gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat erabilgarria izan daiteke. Baita ere, prebentzioaren garrantzia kontuan izanik, 55 urtetik gorako pertsonentzat baliagarria izan daitekeela uste dugu. Pertsona kopuru handiarentzat baliagarriak izan daitezke lan honetan proposatzen ditugun ariketak psikoestimulazioa lantzeko. 

Galera kognitibo arina izan dezaketenen kasuan, Alzheimer bezalako dementzia edo endekapenezkoak diren beste dementziak gisa, psikoestimulazioa lantzeko proposatzen diren ariketak beste tratamendu farmakologikoarekin osatua behar du izan. Garunaren plastikotasunari esker, onura handiagoak lor daitezke tratamendu farmakologiakoaz gain, tratamendu ez farmakologiakoaren bidez, hau da psikoestimulazioa trebatzeko ariketa praktikoak landuz.

Egileek liburua argitaratu eta dohain banatu nahi dute.  Bestalde, paperean ez ezik liburua PDF formatuan interneten www.laharelkargoa.org webgunean (BLOG-ean) zintzilikatuta dago deskargatu ahal izateko.