UPV/EHUren XVII. Zientzia Astearen inaugurazioa Gipuzkoan
Noiz eta non
Noiztik: 2017/11/09 Noiz arte: 2017/11/08
Kokapena
Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Ostegunean, azaroak 9, 12:00etan, Tabakalera- Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan Donostian, UPV/EHUren Zientzia Astea 2017 inauguratuko da Gipuzkoan. Ekimen hau azaroaren 9tik 11ra egingo da Donostian, eta lehen aldiz izango du egoitza Tabakaleran.
Zientzia Astea izaera ludikoa eta pedagogikoa duen eta adin guztietako jendeari irekita dagoen jaialdia da. Eta bere helburua, euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea da, eta aldi berean euren jakin-mina piztea. Zientzia entzun, dastatu, ikusi, usaindu, ukitu, eta sentitzeko aukera paregabea da, eta hain zuzen ere, horretan egunero lan egiten duten UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen eskutik.
Inaugurazio-ekitaldian izango dira:
- Agustin Erkizia Olaizola, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea
- José Luis Martín González, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea
- Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatua
- Miren Azkarate, Donostiako Udalaren 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria
- Amaia Esquisabel, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria
- Ane Rodriguez, Tabakalera- Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Kultura zuzendaria
UPV/EHUren Zientzia Astea aurten beste hiru hiritan egingo da: Bilbon eta Barakaldon azaroaren 8tik 12ra, eta Gasteizen hilaren 9tik 12ra. Edizio honetan, Zientzia Astearen eskaintza, egoitza guztiak kontuan hartuta, 52 txoko zientifiko, 60 tailer baino gehiago eta 42 txangok osatuko dute. Gainera, zientzia-ikuskizun bat (lau egoitzetan egingo dira saioak), lau lehiaketa eta bakarrizketa zientifikoen Zientzia Club egitaraua atondu dira.
Ikasleentzako bisita gidatuak
Bihar ere, 9:30ean, Zientzia Asteak ateak irekiko dizkie Gipuzkoako ikastetxeei. Bigarren Hezkuntzako ia 1.800 ikaslek ostegunetik ostiralera egingo dituzte Tabakaleran jarritako txoko zientifikoetan ibilaldi gidatuak. Bisita horiek bereziki diseinatu dira Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, eta oso interesgarri eta zirraragarriak gertatu ahal zaizkie, batez ere, zein bide akademiko hartzeko unean daudenean.
Gipuzkoan, UPV/EHUk FECYT - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Donostiako Udalarekin, Euskotrenerekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, AVSrekin, Aranzadirekin eta Tabakalerarekin batera antolatzen du Zientzia Astea.