EHUko errektoretza taldeak irmoki arbuiatzen du bere instalazioetan ke-poteak erabiltzea
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretza-taldeak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du gaur Arabako Campusean izandako istiluengatik
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/02
Gaur goizean, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. Urteurrenaren bezperan, eta aurreko urteetan gertatu izan den bezala, ikasle talde batek ke-poteak jarri ditu campuseko lau eraikinetan. Hori dela eta, prebentzio-protokoloa aktibatu da eta, ondorioz, hustu egin behar izan dira, suhiltzaileek dena bere onera itzuli dena baieztatu duten arte.
Irmoak izan nahi dugu: Onartezina da ikastegiak hustea sustatzea eta, ondorioz, irakaskuntza etetea. Ezin dugu onartu protestarako eskubide legitimoa bahitua izatea pertsonen segurtasunaren, bizikidetzaren eta gainerako unibertsitate-komunitatearen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen aurka jotzen duten metodoen bidez.
Hori horrela, gertatutakoaren aurrean, errektoretza-taldeak hurrengo adierazten du:
- Pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen duen ekintza eta jokabide oro gaitzetsi eta arbuiatzen du, eta ohartarazi nahi du leku itxi eta jendetsuetan ke-poteak erabiltzeak ondorio pertsonal larriak eragin ditzakeela.
- Bizikidetzaren eta aldarrikapen baketsuaren aldeko konpromiso irmoa adierazten du. Aldarrikapenerako eta protestarako eskubidea beti defendatuko ditugu, bai ikasleena, bai kolektibo ororena; unibertsitate bizi, kritiko eta aktibo batean sinesten dugulako. Baina jarduera hori pertsonak errespetatuz eta gizarte osoarenak diren ondasun publikoak zorroztasunez zainduta gauzatu behar da.
- Konpromiso kolektiborako eta pertsonak zaintzeko deia berresten du. Gure lehentasun nagusia izan da eta izango da gure erkidego osoaren segurtasuna eta ongizatea zaintzea.
EHUko errektoretza taldeak argi adierazi nahi du bere konpromisoa unibertsitate-komunitatea eraikitzen jarraitzeko elkarbizitzan, elkarrekiko errespetuan, elkarrizketan eta pertsonen eta espazio komunen zaintzan oinarrituta.