EKAIA aldizkari zientifikoak zenbaki berezia eskaini dio adimen artifizialari
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/10

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak kaleratzen duen EKAIA aldizkariak, euskaraz argitaratzen den zientzia eta teknika dibulgaziokoa alegia, zenbaki berezia eskaini dio Adimen Artifizialari. Gure inguruan hainbat ikerketa eta lan talde dago gai hauen inguruan sakontzen eta gaiaren garrantzia ikusirik ale berezi monografikoa osatu da. Ale berezian, oinarrizko ikerketarekin lerrokatutako lanak, aplikazioetan enfasi gehiago jartzen dutenak eta baita hausnarketa bultzatu nahi dutenak ere bildu dira.
Artikulu batzuk Hizkuntzaren Prozesamenduaren ingurukoak dira, ChatGPT eredua aztertuz aplikazio konkretu batzuentzat, baita bere pareko eredu euskaldunak nola garatu azalduz ere: Latxa eredua, hain zuzen ere. Sare sozialetan suizidio-zantzuak antzemateko hizkuntzaren prozesamenduaren aplikazio bat erakusten da, gaurkotasun eta garrantzia handiko gaia, dudarik gabe. Robotikaren esparruan ere zeresan handia du adimen artifizialak eta gai hori ere jorratzen da monografikoan, arreta berezia jarriz robot sozialei, hau da, gizakiekin elkarreragiten duten robotei. Hizketaren sintesia ere presente dago: genero-anbiguoko ahots euskaldunen sintesia edo bioseinaleetatik ahotsa sortzeko gai diren sistemak azalduz. Ikasketa automatikoaren hainbat oinarrizko gai lantzen dituzten artikuluak ere badaude. Ebaluazio sistemen inguruko azterketa berriak proposatu zaizkigu alde batetik, eta bestetik, ikasketa paradigma berrien analisia ere ageri da, ikasketa auto-gainbegiratuan zentratuz. Teknologia horien aplikagarritasun zabala erakusteko, kontrol esparruan adimen artifizialak izan duen eragina (industrian) eta gaixotasun neurologikoen aurkako botikak aurkitzeko sistemak irakurgai ditugu. Bestalde, adimen artifizialaren onurak bakarrik erakutsi beharrean, arrisku batzuen inguruko gogoeta ere proposatu zaigu.
Izan ere, azken urteetan, adimen artifizialak aldaketa izugarriak eragin ditu gizartearen arlo gehienetan, eta ekarpenak nabarmenak izan dira osasungintzan, garraioan, irakaskuntzan eta beste hainbat esparrutan. Aldaketa horiek orain artean izan ditugun egiteko moduak birpentsatzera behartzen gaituzte eta sortzen diren egoera berrietan hausnartzea ere ezinbestekoa da.
“Adibidez, informatika arloko irakasle garen heinean- diote Itziar Irigoienek eta Olatz Arregik, biak Informatika Fakultateko irakasleak eta ale berezi honen editoreak-, gure buruari galdetzen diogu zer den ikasle batek jakin beharko duena eta zein gaitasun beharko dituen etorkizunean, eta ondorioz, nola ebaluatu behar ditugun ikasleak. Egoerak, orain arteko lan egiteko modua aldatzera behartuko gaitu oso epe motzean: gai baten inguruko lanak, edota programazioko ariketak, adimen artifizialak egingo ditu, eta behar izanez gero, zuzendu ere bai, nolakoa izan behar du ikasle-irakasle harreman pedagogikoak? Zein izango da irakaskuntzaren abiapuntua? Zein kontzeptu irakatsi behar dizkiegu ikasleei, eta zein gaitasun lortu behar dituzte? Gai honek, informatika irakaskuntzatik haratago, hausnarketa sakona eta diziplinartekoa eskatzen du baina une honetan behintzat, argi dago pentsamendu kritikoa, sormena eta arazo konplexuak konpontzeko gaitasuna, ezagutza soila baino gehiago baloratu beharko dugula”.
Adimen artifizialaren erabilera masiboak beste kezka iturri batzuk ere badakartza, esterako Adimen Artifiziala sortzaileen entrenamendurako behar den energia kontsumoa. “Erronka teknologiko eta ekologiko handia da adimen artifizialaren garapena modu jasangarrian bultzatzea. Adituen arabera, energia berriztagarrien erabilera eta algoritmoen eraginkortasuna hobetzea funtsezkoak izango dira ingurumenean eragina murrizteko”.
Arazoekin jarraituz, aberastasunaren banaketan arrakala eta gizartean desberdintasunak areagotzea ere etor daitekeela sistema horien erabileraren ondorioz azpimarratzen dute ale berezi honen editoreek. “Kontuan hartu behar dugu teknologia berri hauek ez badira gizartearen sektore guztietara iristen, desberdintasun sozialak gero eta sakonagoak izango direla”. Antzeko egoera suma daiteke hizkuntzen alorrean ere, hizkuntza txikiek, euskara kasu, arazoak izango dituzte hizkuntza handiek (ingelesa, gaztelania, txinera...) dituzten edo izango dituzten kalitate bereko tresnak garatzeko, “eta horrek, hizkuntza eta kultura aniztasuna arriskuan jar dezake”. Eta desorekekin jarraituz, “alborapen arazoa ere ezin dugu ahaztu. Sistema hauek alborapenak sortu ditzakete generoaren, arrazaren edo egoera ekonomikoaren arabera. Are gehiago, sistema hauen erabileraren hedapenak alborapen horiek anplifikatu ditzake gizartean, diskriminazioa areagotuz”.
Ikuspegi ezkorra arbuiatuz, “dudarik ez daukagu eta, arazo guztien gainetik, gauza on asko ekarri eta ekarriko dituela gure gizartera. Hor ditugu esaterako, desgaitasunen bat dutenentzat edota adinekoentzako dauden tresna adimenduak, edo ia ohar gabean dagoeneko gure egunerokotasunean erabiltzen ditugunak. Arazoetan arreta jartzeak aurrera begira egin beharreko bidea hobeto ezagutzen laguntzen du eta aurrekoak esanda, argi dago teknologia hauek modu etiko eta inklusiboan garatu eta erabili behar ditugula gizartearen onura eta aniztasuna bilatuko badugu”, diote Itziar Irigoienek eta Olatz Arregik.
EKAIA aldizkaria eskuragarri hemen.