Feminismoa gizarteratzen laguntzen duten sariak
Genero-ikuspegidun GrAL, MAL eta tesiengatik saritutako hamaika lagunek beren lanek arlo guztietan aldaketa eragiteko duten balioa nabarmendu dute
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/13
Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatea genero ikuspegia sustatzen eta barneratzen zuten gradu amaierako eta master amaierako lanak eta doktorego tesiak saritzen. Joan den astelehenean, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Gasteizen egin zen ekitaldian, 2024ko hamaika sarituak eta sei accesitak aitortu zituzten. Saridun guztiak (aipatu beharrekoa da accesit bat gizonezko batek, Jaime Altuna Ramirezek, idatzitako tesirako izan zela) "feminismoa lekualdatzeko eta gizartean ezartzeko” lagungarriak dira Berdintasuneko zuzendariak, Maggie Bullenek, dioen moduan.
Lanak eta saria jaso duten hamaika ikasleentzako genero ikuspegiak zer esanahi duen jakin nahi izan dugu eta, horretarako, hiru galdera hauek egin dizkiegu:
1. Zeri buruzko da saritutako lana?
2. Zer ekarpen egiten dio genero ikuspegiak azterlanaren ondorioei?
3. Zergatik da lanak saritzea genero ikuspegia barneratuta dutelako?
IKASKETA FEMINISTEI EDO GENERO IKERKETEI BURUZKO TESI ONENAREN MICAELA PORTILLA VITORIA SARIA
Uzuri Albizu Mallea
Soziologia eta Gizarte Langintza saila
Tesia: Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak Ahots feministek lagundutako kartografia bat
1. Matematika-ikasgelan generoak hartzen dituen formak aztertu ditut, gaurko zein etorkizuneko hezitzaileen diskurtso, ekintza eta esperientzietan oinarrituz. Plano teorikoan, matematikaren eta generoaren arteko elkarreragin historikoen arteko hausnarketa bat proposatu dut, matematikaren eta matematika-hezkuntzaren izaera soziala agerian jarriz. Emaitzen atalean, matematikak gizartean zein eskolan duen pribilegio posizioa ezaugarritu dut, baita genero-estereotipoek matematika-hezkuntzan duten presentzia eta inpaktua ere. Matematika-ikasgeletan aurki daitezkeen partaidetza-eredu batzuk ere deskribatu ditut, inklusioaren galga ala akuilu diren ebatziz. Azkenik, matematika-hezkuntzan hutsegitea kudeatzeko zenbait moduk maskulinitate hegemonikoarekin dituzten loturak identifikatu ditut, eta zaurgarritasunari leku egiteak eskain ditzakeen inklusiorako aukerak esploratu.
2. Genero-ikuspegiak baino gehiago, ikuspegi feministak eragin die emaitzen egiturari eta fokuari. Izan ere, dagoeneko hamarkadak daramatzagu matematika-hezkuntza, partikularki, eta STEM hezkuntza, orohar, genero ikuspegiz behatzen, eta neskak eta emakumeak STEM arloetara gerturatzeko saiakerak egiten. Baina, hori egitean, neskengan jarri ohi da diziplina horietara gerturatzeko ardura, eta ez dira problematizatzen diziplina horien baitan dauden askotariko esklusio-dinamikak. Ikuspegi feministak eraman nau foku aldaketa bat proposatzera, eta galdegitera zerk daramatzan neskak eta emakumeak matematika zein beste STEM arlo batzuk hain gaztetatik baztertzera. Finean, tesiaren mezua da, matematika-hezkuntza inklusiboagoa izango bada, eraldatu beharrekoa diziplina bera dela.
«Neskengan jarri ohi da STEM diziplinetara gerturatzeko ardura, eta ez dira problematizatzen diziplina horien baitan dauden askotariko esklusio-dinamika»
3. Genero ikuspegiak eta, bereziki, ikuspegi feministak laguntzen digu izaera androzentrikoa duten ezagutzak edota ezagutza ekoizteko moduak auzitan jartzen, deseraikitzen eta eraldatzen. Izan ere, ikuspegi feministaz egindako ikerlan askoren baitan, badago arrazoia, objektibitatea eta zientzia bera klabe feministetan birdefinitzeko saiakera bat, eta gizarte berdinzaleago eta justuago bateranzko urratsak emateko asmo bat. Garrantzitsua da ikuspegi hori barnebiltzen duten lanak saritzea eta ikusgarri egitea, gizarte-konpromezutik ekoitzitako ezagutza horri azpimarra jartzea. Izan ere, azken finean, eta Evelyn Fox Kellerrek dioen bezala, bitartekoak jarri behar dira zientzia proiektu gizatiarra izan dadin, maskulinoa ordez.
MASTER AMAIERAKO LANETAN GENERO IKUSPEGIA BARNE HARTZEAREN MARÍA GOYRI XIII. SARIA
Naia Gambra Garcia
Abokatutza Masterra
MAL: Emakumeek jasan dituzten sumisio kimiko bidezko sexu-erasoen ikerketa: egungo gabeziak, erronkak eta zenbait proposamen
1. Nire master amaierako lanaren bidez, gaur egun, zigor-prozesuaren instrukzio fasean, emakumeek salatzen dituzten sumisio kimiko bidezko sexu-erasoak ikertzeko dagoen joeran dauden gabeziak eta arazoak ikertu ditut. Zehazki, azterketa honi esker, hurrengo bi ondorio garrantzitsu atera ditut: biktimak duen ikerketa eraginkor eta nahikoa izateko eskubidea etengabe urratu egiten da eta auzietan genero-ikuspuntua barneratzeko betebeharra ez da betetzen. Arazo hauen aurrean, ekarpen gisa definituko genukeen ideia edo proiektua aurkeztu dugu ikerketa lan honetan: Genero-ikuspegitik eta giza-eskubideen errespetutik garatutako sumisio-kimiko bidez egiten diren sexu-erasoen ikerketa gida
2. Hasteko, esan beharra dut genero-ikuspegia ezinbestekoa dela gaur egungo sistema judizial patriarkala ikertu ahal izateko, ez dut beste aukerarik ikusten; izan ere, ikerketa lan honek oinarrian sistema judizial feminista bat eraikitzeko borrokan alea jartzeko helburua du. Horrela, nire lanaren ondorio eta hausnarketen artean, bi erronka garrantzitsu mahai gaineratzen ditut gaur egungo sistema judizialari dagokionez: lehenik, bai Estatuko Segurtasun-Indar eta -Kidegoak bai instrukzioa burutzen dute organo judizialek formakuntza feminista etengabea jasotzeko beharra dutela, biktimaren arretan eta ikerketa egikaritzean genero-ikuspegia barnera dezaten; eta bigarrenik, biktimak salatutako egitateen egiaztapena lortzeko beharrezko ikerketa-eginbideak era eraginkorrean egikaritu behar dituztela, auziak inpunitatean gera ez daitezen.
«Bai Estatuko Segurtasun-Indar eta -Kidegoak bai instrukzioa burutzen dute organo judizialek formakuntza feminista etengabea jasotzeko beharra dute»
3. Horrelako lanak saritzen jarraitzeko beharra dugu, gaur egungo gizarte hetero patriarkala sustraietatik eraldatzeko eta ikuspegi feminista erreala arlo guztietan barneratzeko helburuarekin, eta horretarako aurrera pausuak beharrezkoak dira, hots, ikertu, gabeziak zehaztu eta aldaketen proposamenak egiten dituzten emakumeen errekonozimenduak ere sortzen du aldaketa.
GENERO IKUSPEGIA GRADU AMAIERAKO LANETAN BARNE HARTZEAREN FRANCISCA DE ACULODI SARIAK
- Arteak eta eta Giza Zientziak (euskaraz)
Maider Lumbreras Otamendi
Filosofian graduatua
GrAL: Amerikako Estatu Batuetako hirugarren munduko feminismotik Gloria Anzalduaren mestiza berrira hurbilpen bat
1. Lan honetan Gloria Anzalduaren mestiza berria identitatea aztertu dut, AEBko hirugarren munduko feminismoaren ekarpenetatik eta feminismo hegemoniko zuriari egindako kritikatik abiatuta. Mugimenduaren testuingurua eskaini ondoren, Judith Butlerrek emakume kategoriari egindako kritika nagusien analisia egin dut eta Butlerrek defendatzen duen subjektu feminista mestiza berria figurarekin lotzen saiatu naiz. Aurrekariak eta loturak azalduta, mestiza berrira hurbiltzeko gako batzuk proposatu ditut, aztergai daukadan identitatea testuinguru postkolonial eta diferentziaz beteriko eremuan kokatzen dutenak. Behin mestiza berria kokatuta, helburua mestiza berria identitateak borroka feminista zein postkolonialetan duen garrantzia erakustea izan da.
2. “Emakume” kategoria mugatu eta bakarraren alde egiten zuen feminismo zuri eta hegemonikoren aurrean, feminismoa diferentziaz beteriko komunitatea zela defendatzen zuen AEBko hirugarren munduko feminismoa aurkeztu dut, hori dela eta, generoaren ikuspegia, bere baitan, lanaren hezurdura izan da.
«Akademiaren testuinguruan eta filosofiaren esparruan, genero ikuspegia lantzeko erabakia hartzea ez da inoiz erraza izan»
3. Akademiaren testuinguruan eta filosofiaren esparruan, genero ikuspegia lantzeko erabakia hartzea ez da inoiz erraza izan. Hautu honen atzean aurkitzen ditugun aurreiritzi, kezka eta galderak emakumeak itzaletan mantentzen diren unibertsitateetan ikasi dugun ikasleon artean ez dira gutxitu: “Honek benetan garrantzia al dauka?”, “Zein filosofotan oinarritu beharko naiz Gloria Anzaldúaren pentsamenduari indarra emateko?”, “Emakumea izanagatik feminismoa lantzea dagokit?”, “Eta hau zertarako?”... Kapitalismoak, matxismoak, heterosexismoak, kolonialismoak eta arrazakeriak menperatzen duten gizarteari aurre egitea oztopoz beteriko bide bilaka daiteke. Hala ere, Anzaldúak dioen moduan, gure zauriak senda daitezen, zauriak ireki eta garbitu behar ditugu, eta garbiketa-lana saritu beharra da.
- Arteak eta Giza Zientziak (gazteleraz)
Claudia Yurena Larrad
Historian graduatua
GrAL: Tras las huellas de la desigualdad de género: dieta, trabajo y movilidad en el Calcolítico de la península ibérica
1. Lanak genero desberdintasunaren hastapenak bilatu nahi ditu eta, horretarako, historiaurreko funtsezko aldi bat aztertu ahi du: Kalkolitoa. Aztarnategiei eta gizabanakoei buruzko hainbat azterlanen berrikuspen bibliografikoa egin ondoren, une hartan, gizonezko eta emakumezko gizabanakoen arteko bizi mailako aldeak nabarmenak ez zirela ondorioztatu da. Aldiz, ehorzketetan ikusi diren ezberdintasunek erakusten dute sexuen arteko ezberdintasunak, errealak baino gehiago, eraikitakoak zirela. Horrela, patriarkatua ez da egitura finko bat, historian zehar eraikitzen joan den egitura baizik.
2. Historiaurrea (eta historia, oro har) ikuspegi androzentrikotik aztertu izan da tradizioz. Ikuspegi horrek ez zien ikusgarritasunik ematen eta emakumeei eta gizarte baitako dinamika eta elkarrekintzei. Genero ikuspegiak aukera ematen du ezarritako ereduak hausteko eta gure arbasoen bizitza nolakoa izan zen erakusten duen irudi globalagoa eta errealistagoa izateko, betiere ikerketa zientifiko eta zorrotzaren bidez.
«Kalkolitoan gizonezko eta emakumezko gizabanakoen arteko bizi mailako aldeak nabarmenak ez ziren»
3. Horrelako lanak saritzeak horiek zabaltzeko aukera ematen du eta genero ikuspegidun ikerketa publiko orokorragoari hurbiltzen dio. Horri esker, pixkanaka, akademia ikuspegi androzentrikoagoa baztertzen joango da. Era berean, era horretako sariek ikasketa arloak zabaltzen dituzten azterlanak egitea sustatzen dute, ikuspegi desberdina eta osatuagoa ematen baitute.
- Ingeniaritza eta Arkitektura (euskaraz)
Ihartze Diaz Cueli
Arkitekturaren oinarrietan graduatua
GrAL: Emakumeentzako tutoretzapeko zentroa Berangon
1. Lanak genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat eta haien unitate konbibentzialentzat tutoretzapeko zentro bat proposatzen du Berangon, Renaulten lantegi zaharra kokatuta egon zen lurzoruan. Espazio seguru bat baino gehiago izan nahi du: emakumeek eta haien unitateek bizitza duin bat berreskuratzeko aukera izan dezaten diseinatutako ingurunea da. Askotan, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat eraikitzen diren zentroak babes-leku bezala pentsatzen dira, baina benetan eskaintzen al dute bizi-kalitate egokia? Maiz, babesaren izenean, emakumeak baztertzen ditugu, gizartearen begietatik ezkutatuz, eta egiturazko arazoari aurre egin gabe. Arkitekturak konponbide parte izan behar du, ez arazoaren zati. Horregatik, espazio honek segurtasuna eta autonomia uztartzen ditu, isolamenduaren eta zaintza paternalistaren aurrean, eguneroko bizitza duina ahalbidetuz.
2. Genero-indarkeria pairatu duten emakumeen beharrei erantzuteko, ezinbestekoa da arkitektura konbentzionala gainditzea eta egiazko ongizatea bilatzea. Askotan, babes-etxeek emakumeak eta haien unitate konbibentzialak gordetzen dituzten guneak dirudite, babes azkar bat emateko sortuak, baina horrek badu arrisku bat: noiz arte babestu eta noiz hasiko dira bizitzen? Batzuetan badirudi espetxeak sortzen ari garela haientzat, eta ez haiek egoera horretara eraman dituzten gizonentzat. Diseinu honen bidez, eredu hori apurtu nahi da. Etxebizitzak malguak dira, autonomia bultzatzeko, eta komunitate-eremuak sortu dira, sare sozialak berreskuratzeko. Emakume hauek ez dira gizartearen arazo bat, ez dira ezkutatu beharreko errealitate bat; gizarteak berak du eraldatzeko ardura.
«Batzuetan badirudi espetxeak sortzen ari garela genero indarkeriaren biktimentzat, eta ez haiek egoera horretara eraman dituzten gizonentzat. Nire diseinuak eredu hori apurtu nahi du»
3. Genero-ikuspegia duten lanak saritzea ezinbestekoa da, batez ere gizartean egon daitezkeen desberdintasunak eta injustiziak ikusgai egiteko. Sarritan, genero-indarkeriari buruz hitz egiten den arren, ez gara konturatzen egoera horiek nolako errealitatea duten emakume eta kolektiboentzat, eta, horrez gain, ez gara konturatzen genero-desberdintzearen eskala eta dimentsioaz, are hauen eraginak eremu guztietan, gehiengo txikienetik handienera, nola eragin dezaketen. Genero-ikuspegia duten lanak saritzea beste aukera bat da errealitate horiek ikusarazteko, eta, aldi berean, emakumeek eta beste kolektiboek benetako ahotsa izateko. Ikerketa eta proiektuek, hala nola nire lanak, bizitzaren alde ilunagoak argitzea ahalbidetzen dute, eta genero-indarkeriaren inguruko sentsibilizazioa handitzen dute. Horrela, gizarteari benetako aldaketa bat ekar diezaieke, egoera hauen izaera eta ondorioak modu errealista eta konplexuan erakutsiz.
- Ingeniaritza eta Arkitektura (gazteleraz)
Maitane Gómez González
Informatikan graduatua
GrAL: Análisis de la base de datos Fox Insight y de su viabilidad para el estudio de factores diferenciadores según sexo en la enfermedad de Parkinson
1. Ikerketa honek Fox Insight datu basea eta ikasketa automatikoko teknikak erabiltzen ditu Parkinsonen gaixotasunarekin lotutako sexu desberdintasunak ikertzeko. Gainera, terapia hormonalek menopausian edo menopausiaren ondoren Parkinsona duten emakumeengan duten eragina aztertzen du.
2. Genero ikuspegiari esker, emaitza horiek modu kritikoan eta testuinguru sozialaren arabera azter ditzakegu. Adibidez, ikerlan honek erakusten du Parkinsonak gizonen autoestimuari eragiten diola. Hori zuzenean lotuta dago gizonezko askok (batez ere ikerketaren batez besteko adinean) beren balioa hornitzeko eta independenteak izateko gaitasunarekin lotzearekin eta, hain zuzen ere, horixe da gaixotasunak kentzen dien gaitasuna. Bestalde, badirudi emakumeak hobeto egokitzen direla gaixotasunera, baina ez eragina txikiagoa delako, gizarteak rol jakin batzuk hartzera baldintzatu dituelako baizik. Emakume askok zaintzaile rola betetzen jarraitzen dute, nahiz eta, askotan, haiek diren zaintza horiek behar dituztenak. Horren ondorioz, haien egoera ikusezin bihurtzen da, eta arreta eta laguntza gutxiago jasotzen dute. Horrek, aldiz berean, gaixotasunaren tratamenduan eta laguntzan dagoen aldea betikotzen du.
«Badirudi emakumeak hobeto egokitzen direla Parkinsonera, baina ez eragina txikiagoa delako, gizarteak rol jakin batzuk hartzera baldintzatu dituelako baizik»
3. Ikerketa orok genero ikuspegia barne hartu beharko luke, hori gabe ezin baita benetan objektiboa den azterketarik egin. Baina badakigu ez dela beti hala gertatzen. Sari hauek ikuspegi horren garrantzia bultzatzen eta ikusarazten laguntzen dute eta, aldi berean, ikerketa zientifikoan aurre egin beharreko arazo estrukturalak gogorarazten dituzte.
- Zientziak (euskaraz)
Olaia Farto Juaristi
Biologian graduatua
GrAL: Minbizi ginekologikoen markatzaile molekularren bila ausazkotze mendebaldar analisi bat
1. Minbizi ginekologikoen, hala nola, zerbixeko, endometrioko eta obulutegiko minbiziaren kasuak, historikoki prognosi eskasarekin eta tratamendu gutxirekin erlazionatu izan dira. Emakumeen artean gaixotasun horien prebalentzia handia bada ere, baldintza horien atzean dauden mekanismoak ezezagunak dira. Minbizi konplexu horietan, genetika arrisku-faktore garrantzitsua da. Lan honetan, DNAren metilazioaren eta deskribatutako gaixotasunen garapenaren artean lotura potentzialki kausalik dagoen aztertu da. Gure emaitzek zera iradoki dute: fluido endometrialaren epigenomak hainbat gaixotasun ginekologikoren patogenesian bitartekari gisa jardun dezakeela. Lan honek gaixotasun konplexuen etiopatogenia ulertzen lagundu gaitu.
2. Lan honek emakumeen osasuna ikertu beharra dagoela azpimarratzen du. Historikoki, osasun-ikerketetan gizonezkoen gorputza jarri izan da eredu bezala, eta horrek emakumeen osasuna alde batera utzi du. Minbizi ginekologikoak adibidez, guk uste baino arruntagoak dira eta ez dira beste gaixotasun batzuk bezainbeste ikertu . Zientziazko ikerketek denetarik ikertu beharko lukete, hau da, gaixotasun mota guztiak kontuan hartu beharko lirateke pertsona guztien osasuna bermatzea ezinbestekoa baita. Lan honek ikuspegi zahar hori zalantzan jartzen du, emakumeen gaixotasunen arriskuak jakinaraziz. Genero ikuspegiak lanaren emaitzei garrantzia eman die eta emaitza horiei esker emakumeek tratamendu eta prebentzio estrategia hobeak eskuragarri izango dituzte.
«Zientzian genero-desberdintasunak murriztea ez da soilik justizia kontua, baizik eta emaitzen kalitatea hobetzeko era bat ere»
3. Lanak saritzea ondo dagoela deritzot, askotan emakumeen osasuna alde batera uzten delako. Sarritan gaixotasun horiek ez dira ikertzen eta ikertzekotan, oso datu gutxi daude eskuragarri. Gainera, unibertsitateko lanak saritzeak hezkuntzan pentsatzen dugula esan nahi du. Euskal herriko unibertsitateari esker ikerkuntza zientifiko asko aurrera eraman ahal izan dira. Unibertsitatea hezkuntza da eta hezkuntzarekin lortzen dugu berdintasuna. Zientzian genero-desberdintasunak murriztea ez da soilik justizia kontua, baizik eta emaitzen kalitatea hobetzeko era bat ere. Zientziari dagokiola, betidanik errealitatean gertatzen dena islatu izan da, beraz, unibertsitatean egindako lanek eta ikerkuntzek gure errealitatea erakutsi beharko lukete ezta?
- Gizarte eta Lege Zientziak (euskaraz)
Ane Lapitz Kaltzada
Politika, Zientzia eta Kudeaketa Publikoan graduatua
GrAL: Parte-hartzearen eta indarkeriaren bidegurutzean: argiitzalak mendebaldeko saharako emakumeen kontakizunetan
1. Lan honek Mendebaldeko Saharako emakumeen bizipenak aztertzen ditu, parte-hartzea eta indarkeria ardatz hartuta. Horrela, iruditegi orkortuan nagusitu den ikuspegi partziala hautsi nahi izan da, emakumeak biktima soilak izatera mugatzen dituen irudiak ez baitu bere baitan hartzen emakumeek gatazka-testuinguruetan jokatzen dituzten askotariko paperak. Izan ere, berrikuspen bibliografiko sakonak eta burututako elkarrizketek baieztatu dute emakume sahararrek zeregin aktibo eta transbertsala jokatu dutela errefuxiatu-kanpamenduetako kudeaketan edota erresistentzia kultural eta politikoan. Dena den, ikuspegi honek ez du ukatzen emakumeak biktimak ez direnik. Are gehiago, gatazka testuinguruetan emakumeek genero indarkeria espezifikoak pairatzen dituzte. Mendebaldeko Saharako kasuan ikusi da lurralde okupatuetan errepresioak eta genero-indarkeriek modu integralean urratzen dituztela emakumeen eskubide eta askatasunak.
«Emakumeak biktima soilak izatera mugatzen dituen irudiak ez du bere baitan hartzen emakumeek gatazka-testuinguruetan jokatzen dituzten askotariko paperak»
2. Genero ikuspegia da ikerketa honen ardatz nagusia, eta hori gabe, emaitzek ez lukete zentzurik izango. Hain zuzen ere, lan honen abiapuntuetariko bat da generoa kategoria egituratzailea dela gatazka armatuetan, nahiz eta historikoki begirada androzentriko batetik aztertu diren, emakumeen esperientziak gutxietsiz eta rol pasiboetara mugatuz. Errealitateak, ordea, ikuspegi partzial hori gezurtatzen du: indarkeriak jasateaz gain, emakumeek parte-hartze aktiboa dute gatazka testuinguruetan, beren agentzia eta erresistentzia garatuz. Sarri asko bere parte hartzea funtsezkoa da gatazken garapenean, eta, aldi berean, genero-indarkeria espezifikoen biktima dira. Tamalez, ez dira bi baieztapen kontrajarri, txanpon beraren bi aldeak baizik, ezinbestekoak Mendebaldeko Saharako gatazka ulertzeko.
3. Genero ikuspegia barne hartzen dituzten lanak saritzeak aukera ematen digu genero-zeharkakotasunean aurrera egiteko. Izan ere, genero-ikuspegia ezin da ikuspegi marjinal bat izatera mugatu, errealitate sozialaren azterketaren funtsezko elementua izan behar du. Gainera, eraldaketa sozialarekin konprometituta dagoen ezagutza sortzea ahalbidetzen du, ezagutza ez baita inoiz "neutrala": ezagutza-ekoizpen orok botere-egitura zehatzei erantzuten baitie. Lan horiek aitortzea akademia kritiko eta feminista baten alde egitea da, desberdintasunak ikusaraziko dituena eta narratiba hegemonikoak zalantzan jarriko dituena.
- Gizarte eta Lege Zientziak (gazteleraz)
Natalia Navas Gil
Gradu bikoitza: Negozioen Kudeaketan + Lan Harreman eta Giza Baliabideetan
GrAL: Las mujeres en el sector artístico, creativo y cultural: precariedad y desigualdad laboral
1. Sektore baitako emakumeei egindako elkarrizketen bidez, hainbat gai ikertu dira, hala nola lan eta familia erantzukizunak orekatzeko zailtasuna, aitortzarik eza eta arlo artistikoaren maskulinizazioa. Hainbat alderdi sozioestruktural sakondu dira, hala nola emakumeen erreferenterik edo berdintasunezko presentziarik ez izatea sektorean, oro har, eta, zehazki, elkarrizketatuek betetzen dituzten lanpostuetan. Artea eta kultura historikoki emakumeei indarrez kendutako komunikazio eta adierazpen moduak dira. Historian zehar emakumeoi ezarri izan zaigun subjektu pasiboen rola aztertutako sektorean ere islatu da. Hala, emakumezkoak musa gisa ezarri izan dira eta haien istorio eta kontakizunei ahotsa ematea eragotzi izan da.
2. Funtsezkoa da genero ikuspegia aplikatzea, emakumeek hartzen dituzten erabaki asko askatasun faltsu batez mozorrotutako ezarpen sozioestrukturalek baldintzatzen dituztela ulertzeko. Genero ikuspegia aintzat hartuta bakarrik uler daiteke amatasunak ondorio negatiboak dituela bizitza soziolaboralean, artisten sormen prozesuek burua lanetik kanpoko kezketatik libre eduki behar dutela, eta abar. Emakume asko prozesu berberetan daudela egiaztatzeak agerian uzten du arazoa, indibiduala izan beharrean, kolektiboa dela, zalantzarik gabe. Horregatik, berdintasuna modu integral eta intersekzionalean bermatuko duten legezko neurriak eta araudiak behar dira.
«Artea eta kultura historikoki emakumeei indarrez kendutako komunikazio eta adierazpen moduak dira. Emakumeoi ezarri izan zaigun subjektu pasiboen rola»
3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu behar dugu jakintza arlo guztietan. Lan horiei aitortza emanda, emakumeek testuinguru akademikoetan, lan arlokoetan, sozialetan eta kulturaletan aurre egin beharreko desberdintasuneko errealitateak ikusarazten laguntzen da. Gainera, emakumeen esperientziak aintzat hartzeko eta ikerketaren barruan merezi duten lekua emateko aukera eskaintzen da. Berdintasunarekin lotuta, UPV/EHUk ikerketarako espazio seguruak sortzeko gune seguruak sortzea eta benetakoa eta eraginkorra den berdintasuna lortzeko beharrari balioa ematea du helburu, Hala, sari hauen bidez, ikasleen kezkak eta konpromisoak bultzatu eta aitortu nahi izan ditu.
- Osasun Zientziak (euskaraz)
Izaro Erzilla Etxegibel
Fisioterapian graduatua
GrAL: Disfuntzio sexual eta Dispareuniaren deskribapena Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleetan
1. Lan honen helburu nagusia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleen disfuntzio sexuala eta dispareunia egoeren deskribapena egitea izan zen, generoen arteko desberdintasuna aztertuz. Era berean, ikasleek gai honen inguruan eta bertan Fisioterapia Pelbiperineologikoak duen esku-hartzearen ezaguera aztertzea ere zen. Lanaren emaitzetan 18-25 urteko 168 parte-hartzailetatik, % 6-31 emakume eta % 2-11 gizonek disfuntzio sexualak izan zezaketela ikusi zen.
2. Lan honetarako garrantzitsua izan da genero ikuspegia kontuan hartzea, datu objektibo eta arrazoi biologistetatik aparte, garrantzitsua baita zientzia arloan ere faktore sozial eta kulturalak kontuan hartzea emaitzak interpretatzeko orduan. Are gehiago, sexualitatea bezalako gai batean, non genero desberdintasunek bete-betean zeharkatzen duten. Katherine Angelek ‘El buen sexo mañana’ liburuan dioen bezala, “quizá los hombres aprendan que pueden despreocuparse del placer de la mujer y las mujeres aprendan que deben priorizar el placer masculino por encima de su propio placer y disfrute. ¿Quién aprende que su papel es recibir placer a toda costa y quién aprende que tan solo debe pagar las consecuencias?”.
«Datu objektibo eta arrazoi biologistetatik aparte, garrantzitsua da zientzia arloan ere faktore sozial eta kulturalak kontuan hartzea emaitzak interpretatzeko orduan»
3. Sari hauek garrantzitsuak izan daitezke, genero desberdintasunen inguruko diskurtso negazionistak berriz ere gora egiten duten honetan, arrakalada hau mahai gainean jartzeko, disziplina desberdinetatik hainbat gai eta arazori ikusgarritasuna emanez.
- Osasun Zientziak (ingelesez)
Alma Ezquerro Hassenpflug
Psikologian graduatua
GrAL: Feelings of guilt and identification of sexual violence against women: myths, feminist identity and degree of familiarity
1. Gradu amaierako gure lanak erruaren pertzepzioan eta emakumeen aurkako sexu indarkeriaren identifikazioan sexu indarkeriari, identitate feministari eta erasotzailearekiko konfiantzari buruzko mitoek zer eragin duten aztertzen du. Emaitzek erakutsi zuten erasotzailearekiko familiartasuna edo konfiantza funtsezkoa dela abusua identifikatzeko, eta errazagoa dela indarkeria aitortzea erasotzailea, bikote erromantikoa denean baino, ezezagun bat denean. Gainera, korrelazio esanguratsua dago identitate feministaren eta biktimen erru sentimenduen artean.
2. Genero ikuspegiari esker, eraikuntza sozialek sexu indarkeria hautemateko moduan eta biktimen erruduntasunean nola eragiten duten ikus daiteke. Gure azterlanak agerian utzi duenez, erasotzailea gertuko norbait denean (bikotekidea, adibidez), zailagoa izaten da indarkeria aitortzea. Gainera, ikertutakoaren arabera, desberdintasunaren kontzientzia handiagoa duten emakumeek erru sentsazio handiagoa sentitzen dute biktima direnean. Horrek identitate feministaren eta erru sentimenduen arteko elkarrekintza konplexua dela iradokitzen du.
«Errazagoa da indarkeria aitortzea erasotzailea, bikote erromantikoa denean baino, ezezagun bat denean»
3. Genero ikuspegia barne hartzen duten ikerketak saritzea edo aitortza ematea funtsezkoa da desberdintasunak ikusarazteko eta gizarte aldaketak sustatzeko. Ikuspegi hori barne hartzen duten azterlanek mitoak desegitea eta indarkeriari aurre egiteko tresnak eskaintzea ahalbidetzen dute. Lan horiek saritzeak ikerketa horien garrantzia baliozkotzeaz gain, etorkizuneko belaunaldiak gai horiek aztertzen jarraitzera bultzatzen ditu. Beste nolabait esanda, gizartea eraldatzen lagunduko duen ezagutza sortzeko modu bat da.