Komunikabideetan emakumezkoak zenbat eta nola azaltzen diren monitorizatzeko mundu mailako proiektu batean (GMMP) hartu dute parte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Publizitateko eta Kazetaritzako ikertzaileek, eta, metodologia bera erabiliz, EAEko eta Nafarroako hedabideen azterketa egin dute. Ikerketak agerian utzi du munduan ez dela joera nabarmenik antzematen emakumeen parte hartzea bultzatzeko, eta hemen, aldiz, urratsak ematen ari direla.
Emakumeen presentzia txikiagoa da oraindik hedabideetan, nahiz eta aurrerapausoak eman
Global Media Monitoring Project-en azken neurketaren arabera, munduan aurrerapena geldotu da; Hego Euskal Herrian hobekuntzak badaude ere, emakumeek %29ko presentzia baino ez dute hedabideetan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/04
1995ean abiatu zen Global Media Monitoring Project (GMMP) mundu mailako proiektua, eta berriki argitaratu dira azken ikerketaren mundu mailako emaitzak. Proiektu horren helburua da neurtzea emakumeek komunikabideetan zenbat agertzen diren eta zer rol duten, eta bost urtean behin egiten da neurketa. Oraingoan 160 herrialdetako datuak jaso dira. “Monitorizazio-lan hori egiteko, sekretupean izendatutako egun jakin batean argitaratzen diren albisteak aztertzen dira, mundu osoko egoeraren erradiografia bat lortzeko”, azaldu du Arantza Gutierrez Paz EHUko ikertzaileak. 2025eko maiatzaren 6an egin zen zazpigarren mundu mailako neurketa. Ikerketaren egileek diotenez, “une zehatz bateko argazki finkoa da, baina gogoetarako datu batzuk eman ahal ditu”.
EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko eta Kazetaritza Saileko ikertzaileak 2020an hasi ziren GMMPren Espainiako laginean EAEko eta Nafarroako hedabide batzuetako datuak gehitzen, “estatuko ikerlanean eskualdeen ikuspegia ere txertatu ahal izateko”. GMMP Spain taldetik egindako banaketan, EAE eta Nafarroako eremu administratiboak hartuta, honako hedabide hauek esleitu zizkioten EHUko taldeari: Gara, COPE Bilbao, ETB1eko Gaur Egun, Argia eta Diario de Noticias-eko webgunea.
Paraleloki, “pentsatu genuen metodologia berbera erabiliko genuela Hego Euskal Herriko komunikabideen lagin zabalago bat aztertzeko”, eta 2020an egindako neurketarekin konparatu dute. Aurreko komunikabideez gainera, Berria, Deia, El Correo, COPE, Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia eta Hamaika TB sartu dituzte laginean: orotara, 121 albistek osatu zuten (% 33 egunkarietan; % 28 irratietan; % 17,5 telebistetan eta % 21,5 agerkari digitaletan), horietako 64 euskaraz. Ikerketaren emaitzak Euskal Hedabideen Behatokian (Behategia) argitaratu dituzte.
Munduan, goranzko joera geldotu egin da
GMMP ikerketak erakutsi du mundu mailan ez dela ikusten aurrerapen handirik azken hogeita hamar urteetan: “Bederatzi puntu handitu da emakumezkoen hedabideetako presentzia (% 17 zen 1995ean, eta % 26 2025ean), baina azken urteotan joera hori geldotu egin da”, azaldu du EHUko ikertzaileak. Horrek esan nahi du, oro har, albisteetako lau protagonistatik bakar bat baino ez dela emakumezkoa; alegia, lau albistetik bat bakarrik sinatzen dute emakumeek edo lau albistetik bakarrean dira emakumeak protagonista.
Agerian geratu da nazioartean emakumeen testigantzak esperientzia pertsonalekin eta herritar arrunten iritzi azalpenekin lotzen direla (hau da, zilegitasun gutxiko ahotsekin), eta agertzen diren adituen edo bozeramaileen laurdena izatera ez direla heltzen. Horren guztiaren ondorioz, “esan daiteke Beijingen 1995ean ezarritako helburuetatik oso urrun gaudela, eta ez dela emakumeen parte-hartzea bultzatzeko joera nabarmenik ikusten”, iritzi dio Gutierrezek.
EAE eta Nafarroako hedabideetan parekidetasunik ez oraindik
Nazioarteko batez besteko datuekin alderatuta, Hego Euskal Herriko komunikabideetan, oro har, agertzen diren emakumeen portzentajea hiru puntu altuagoa da (% 29); eta, hala ere, ez da heren batera heltzen. Gainera, ikerketak erakutsi duenez, “emakumeek presentzia handiagoa dute bereziki euskarazko hedabideetan; baina oraindik ez dago parekidetasunik. Emakumeen ahotsak gizonezkoenak baino gutxiago badira ere, gero toki gehiago hartzen dute albisteetan, bereziki aditu edo talde baten bozeramaile gisa. Horrekin lotuta, maiz agertzen diren andrazkoak esparru publikoan ari diren politikari edo aktibistak izaten dira”.
Komunikabide-modalitateen araberako datuek erakusten dutenez, “idatzizko hedabideetan aldea laburtu da, baina arrakala handiagoa da beste komunikabideetan baino. Gizonezko ahotsak nagusitzen dira albisteetan, bai idazle eta protagonista bai informazio-iturri gisa”, azaldu du EHUko ikertzaileak. Telebistetan, ordea, datuek diote egoera parekideagoa lortzen ari direla. Eta hedabide digitaletan emakumeen presentzia handiagoa da Euskal Herriko komunikabideetan. Bestalde, ikertzaileak aitortu du irratiko datuek argazkia desitxuratzen dutela, “irratien lagina aldatu egin baita”.
Gutierrezek azaldu duenez, “agerian geratu da hemengo komunikabideetan egoera hobetzeko ariketa bat egin dela: idazgelak feminizatzen ari dira; gero eta emakume gehiagok azaltzen dute gaurkotasuna. Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu azken urteotan emakume batzuek euskal medioen gidaritza hartu dutela. Izendapenetatik harago, barne-prozesuak landu dira zenbait hedabidetan; eta, beste arlo batzuetan bezala, kosta egiten da ohituretan eragitea eta kristalezko amildegiaren mehatxua ezkutatzen ote den aztertu behar da, alegia, komunikazio-sektorea krisian dagoenean emakumezkoak gidaritzan jarri ote diren”. Ikertzaileak, halaber, garrantzi handia eman dio aldaketak eragiten jarraitzeari, eta “horretan gero eta ahots gehiago ditugu akademia mailan”.
Informazio osagarria
Arantza Gutierrez Paz Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle eta ikertzailea da, eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterraren arduraduna. Monitorizazio-lanak egin dituen EHUko taldearen koordinatzailea. Euskal Herriko Unibertsitateko GMMP 2025eko begirale-taldeko kide dira eta ikerketa honetan parte hartu dute Tania Arriaga Azkaratek, Maider Eizmendi Iraolak, Itxaso Fernandez Astobizak eta Erika Fernandez Cabellok.
