EHUko ikertzaileek parte hartu duten proiektuan, Goi Pleistozenoaren amaieran datatutako motrailu bat aurkitu dute. Analisiek adierazten dute batez ere landareak prozesatzeko erabili zela, ezkurrak ziurrenik, beste aukera batzuk baztertu ezin badaitezke ere.
Europan fabrikatu eta erabilitako motrailurik zaharrena aurkitu dute
EHU partaide izan duen ikerketak agerian utzi du landareek Historiaurreko gizakiaren dietan zuten garrantzia
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/11
Landareen kontsumoa funtsezkoa izan da eta izaten jarraitzen du giza populazioentzat, nahiz eta nekez zehatz daitezkeen kontsumo horren balio portzentuala eta dibertsitatea Historiaurrean. Elikagai horien izaera organikoa, kontsumitzeko metodoak eta testuinguru arkeologikoen kalitatea dira aztarnen kontserbazioan eragiten duten ikerketa alborapenetako batzuk. Elikagaien bilketan, prozesamenduan eta kontsumoan, tresna sail zabal bat erabiltzen zen, eta horietako batzuk tarteka-marteka azaleratzen dira aztarnategi arkeologikoetan.
Europan fabrikatu eta erabilitako motrailu/errota zaharrenaren kasua da, aparteko tramankulua, Martinarriko (Trebiñu) Historiaurreko aztarnategiaren beheko mailan aurkitua, Goi Pleistozenoaren amaieran datatua, eta agerian uzten duena landareek Historiaurreko gizakiaren dietan zuten garrantzia. Neolitoan, Iberiar Penintsulan, ezkurrak eta hurrak baziren ere basa fruitu bilduenetarikoak, haien inpaktua ia ikusezina da gizakiaren dietan.
Martinarrin tresna espezifiko bat aurkitu ondoren, seguruenik landare produktuak manipulatzeko erabilia, EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko Alfonso Alday eta Adriana Soto kide dituen taldeak ikerketa proiektu bat diseinatu zuen, tresnaren eginkizuna ulertzeko. Kontu handiz babestu zen, teknika ez-erasokorrekin garbitu zen, trazeologia bidez aztertu zen eta haren sedimentuaren laginak hartu ziren, fitolitoak eta polena analizatzeko eta aztarnategiko beste lurzoru batzuenekin konparatzeko.
Tresnaren morfologiak, higadura patroiek eta analisi bioarkeologikoek iradokitzen dute landareak prozesatzeko erabili zela, ezkurrak ziurrenik, beste produktu batzuk prozesatzeko ere erabili zela baztertu ezin badaiteke ere. Ebidentzia etnografikoek diote ezkurren kontsumoa ohikoa zela Martinarrikoa bezalako testuinguru ekologikoetan. “Ezkurrak biltzen ziren ziurrenik Martinarri inguruan, eta haien prozesamendua konbinatzen zen aztarnategi eremuan egiten ziren beste jarduera batzuekin. Besteak beste, ehiza, lanabesen fabrikazioa, animalien zatiketa eta larruen prozesamendua. Ziurrenik, lan neketsuenak kanpamentuan bertan egiten ziren”, adierazi du Alfonso Aldayk.
Martinarriko motrailua birziklatze funtzional kasu bat da, ehotze lauza bat berrerabili zelako, motrailu bihurtzeko, eta landareak prozesatzeko teknikak aldatu zirela adieraziko luke horrek. Motrailuarekin batera, birrintzeko elementua ere aurkitu zen. Datu horiek aditzera ematen dute ezen, klima eta paisaia aldaketen ondorioz, giza komunitateak eredu ekonomiko berriak garatzen ari zirela, hazkunde demografikoak, mugikortasun eredu berriek eta nitxo ekologiko berriak ustiatzeko interesak akuilatuta. Era batean edo bestean, estrategia berri hauek eragina izan zuten gizakien eta landareen arteko erlazioan.
Aztarnategi eredugarria
Martinarri eskualdeko aztarnategi eredugarri bat da, eta informazio baliotsua ematen du Pleistozenoaren amaierako giza komunitateen portaerari buruz. Aztarnategiaren egituren eta hondakin materialen banaketak agerian uzten ditu bertan bizi zirenen barne antolaketa eta ingurunearen ezagutza sakona, bai eta duela 14.000 urte inguru eremu horretan ondo garatutako basoak bertakoentzat zuen potentzial handia ere. “Antza denez, quercus generoko basoaren hedapenak ezkur kantitate gero eta handiagoa eskaini zien bertako gizakiei. Asentamendu estrategiak, bizirauteko praktikek eta talde mugikortasun patroiek iradokitzen dute aztarnategi irekien sare bat mantentzen zutela, behin eta berriro jotzen zutela horietara, eta bizitegi funtzioa eta funtzio espezializatuak konbinatzen zituztela”, gehitu du EHUko ikertzaileak.
Egin den analisi bakoitzak ebidentzia independente eta fidagarria ematen du tresnaren konfigurazioari, haren erabilerari eta Goi Paleolito berantiarreko gizarte batek landareak manipulatzeko zituen teknikei buruz. Gainera, erregistro arkeologiko mota honekin zuhur jokatzea komeni bada ere, analisi konbinazioak iradokitzen du, fidagarritasun maila altu batekin, aztertutako tresna ehotzeko lauza bat izan zela aurrenik, eta motrailu gisa berrerabilia izan zela ondoren, ezkurrak prozesatzek ziurrenik.
Historiaurrearen zatirik handienean, gizakiak izan ziren nagusiki ehiztari-biltzaileak, nekazaritza gizarteen aldi labur samar batean izan ezik. Horrek esan nahi du milioika pertsonek bizirik iraun dutela basa landare jangarriei esker, aurrez prozesatu beharrekoak ala ez. Martinarriko motrailuarena bezalako aurkikuntzek —ezaugarri hauetako Europako zaharrena— adierazten digute giza komunitateek eginahal handiak egin zituztela euren dietan landare baliabide prozesatuak sartzeko, ekonomia neolitikoa iritsi baino askoz lehenago.
Erreferentzia bibliografikoa
- Ancient Evidence of Plant Processing in Human Communities at the End of the European Pleistocene: The Martinarri Mortar (Treviño, Spain)
- Environmental Archaeology
- DOI: 10.1080/14614103.2025.2570555