euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Euskadin jokoa oso zabalduta dago 65 urtetik gorakoen artean, baina joko problematikoaren maila oso baxua da

Jokoaren Euskal Behatokiak “65 urtetik gorako pertsonak eta jokoa Euskadin” txostena aurkeztu du Gasteizen egin den jardunaldi batean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/25

Ezkerretik eskumara: Aidée Baranda Ortiz, Jokoaren Euskal Behatokia (EHU); Nerea Alday Garate, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaria eta Jokoaren Euskal Behatokiaren burua; Ixone Fernandez de Labastida, EHUko Arabako Campuseko errektoreordea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua; Ana Herrezuelo, ASAJEReko psikologoa; Iraide Fernández Aragón, Jokoaren Euskal Behatokia (EHU) eta Pedro Jiménez, Euskadiko Bingoen Elkartea. | Argazkia: Irekia

Ixone Fernández de Labastida EHUren Arabako Campuseko errektoreordeak inauguratu du gaur goizean Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuarekin eta Nerea Alday Jokoaren Euskal Behatokiko lehendakariarekin batera, Behatokiak, otsailaren 17an egiten den “Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna” dela-eta, antolatutako joko arduratsuari buruzko urteko jardunaldia.

Oraingo honetan, jardunaldiaren ardatz nagusi gisa, “65 urtetik gorako pertsonak eta jokoa Euskadin” txostena aurkeztu da Iraide Fernándezen, Jokoaren Euskal Behatokiko lantaldeko kidearen, eskutik.  Ikerketa ez da batere ohikoa arlo honetan, jokoak gizartearen segmentu horretan, beste adin-talde batzuekin alderatuta, eragiten duen parte-hartze handia eta problematizazio txikia direla-eta.  

Halaber, jardunaldia osatu da Zaragozako Unibertsitateko Yolanda López del Hoyok eman duen “Apustu-jokoa, gero eta arazo handiagoa osasun publikoan” hitzaldiarekin eta mahai-inguru batekin, eta bertan Euskadiko Bingoen Elkarteko Pedro Jiménezek, Hirugarren Sektoreko proiektuen teknikaria den Encina Díazek eta ASAJER elkarteko Ana Herrezuelok jokoaren sektoreak Euskadin dituen arriskuei eta aukerei buruz gogoeta egin dute.

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle eta Behatokiko ikertzaile Iraide Fernándezek azaldu duenez, Euskadiko 65 urtetik gorako pertsonen % 87,1ek jokatu du azken 12 hilabeteetan, eta horrek adierazten du jokoa ohikoa eta gizartean onartua dagoela.

Zentzu horretan, ikertzaileak azpimarratu du “joko tradizionalak eta aurrez aurrekoak hobesten direla, hala nola Loteria Nazionala edo ONCEren kupoia, joko horiek segurutzat eta kontrolatutzat jotzen baitituzte”. Gainera, “gehiengoak noizbehinka eta gastu moderatuarekin jokatzen du, eta tradizioagatik, entretenimenduagatik eta gizarte-laguntzagatik egiten dute, eta ez etekin ekonomikoak lortzeagatik”. Hori dela eta, “joko problematikoa baxua da talde honetan”.

Hala ere, hamar adinekotik zazpik zorizko jokoa euskal gizartearentzat arazo bat dela uste dutela gogorarazi du egileak. “Emaitza hauek agerian uzten dute jarraipen eta prebentzio estrategiak mantentzearen garrantzia, batez ere zaurgarritasun sozialeko testuinguruetan”, dio.

Era berean, Iraide Fernandezek dioenez, “jokoarekiko harremana bizitzan zehar eraikitzen da eta adina, osasuna eta sare sozialak bezalako faktoreek eragina dute”.

Ixone Fernández de Labastida EHUren Arabako Campuseko errektoreordeak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “txosten hau berritzailea da, eta jakintza-hutsune garrantzitsu bat betetzen du. Tradizioz, jokoari buruzko ikerketak gazteak eta online modalitateak izan ditu ardatz, eta adinekoak bigarren maila batean geratu dira, modalitate jakin batzuetan parte-hartze handia izan arren. Hain zuzen ere, hor unibertsitateak eginkizun garrantzitsua betetzen du: ezagutza zorrotza sortzea oraindik behar adina ez dagoen lekuetan”.

Bestalde, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azpimarratu duenez, Jokoaren Euskal Behatokiaren bidez EHUrekin lankidetzan aritzearen helburu nagusia da “jokoari buruzko ikuspegi zabala izatea, eta joko problematikoa edo patologikoa saihesteko eta prebenitzeko politika publiko egokiak eta eraginkorrak gauzatu ahal izatea”. Zupiriak nabarmendu duenez, 65 urtetik gorako pertsonen artean egindako ikerketa honen bidez jakin nahi izan dira “kolektibo horren jokoaren ezaugarri nagusiak, bai eta beren joko-ohiturak identifikatu eta jokoaren kalteak ikertu ere, besteak beste, arrisku- edo zaurgarritasun-egoerak identifikatuz”.

OHIKO JARDUERA 65 URTETIK GORAKOEN ARTEAN

Jokoaren Euskal Behatokiak egindako azterlan berriak, 750 inkestaren eta Euskadiko hiriburuetan eratutako hiru eztabaida-talderen ondoren, Euskadiko 65 urtetik gorako biztanleriaren joko-ohiturak jasotzen ditu, jokoaren jardueraren hedapenetik hasi eta bizitzaren etapa horretan duen osagai emozionalera arte.

  • Parte-hartze handia, baina gehienetan noizbehinkakoa eta kontrolatua

Euskadin 65 urtetik gorakoen % 87,1ek ausazko jokoren batean jokatu du azken urtean. Parte-hartze oso handia da, eta jokoa kolektibo horren aisialdiko errutinen parte dela egiaztatzen du horrek.

Hala ere, prebalentzia altu horrek ez du esan nahi joko-intentsitate handia dagoenik, kontuan hartuta % 58,7k hilean egun batean edo gutxiagoan jokatzen duela eta % 32,8k hilean bi-lau egunetan, eta oso txikiak dira asteroko edo eguneroko maiztasunak.

Batez besteko gastua ere moderatua da adin horietan. Inkestaren aurreko azken asteko batezbestekoa 7,78 eurokoa da (5 euroko mediana) eta azken hilabetekoa 34,88 eurokoa (20 euroko mediana). Egia bada ere Gabonetan gastuak gora egiten duela (batez beste 134,38 euro) eta asko igo daitekeela (sakabanatze handia ikusten da, 1.000 euroko tartearekin) kasu batzuetan, erdiko balioek adierazten dute gehienak nahiko kopuru neurritsuetan daudela, eta tradizioari eta gizarte-trukeari lotutako logika erritual eta salbuespenekoari erantzuten diotela.

  • Joko tradizionala eta presentziala nagusi

Adineko pertsonen artean gehien erabiltzen diren modalitateak dira loteria tradizionalak (Loteria Nazionala, Gabonetakoa eta “El Niño”, eta Primitiva) eta ONCEren kupoia. Horien atzetik, baina oso kasu gutxi dira, joko-makinak, bingoa edo kirol-apustuak daude; eta online jokoa eta kasinoa ia ez dira existitzen.

Eztabaida-taldeetan jasotako diskurtsoek ideia hori indartzen dute: adinekoek “betiko joko” gisa identifikatzen dituzte modalitate horiek, ohiturari, konfiantzari eta partekatutako ilusioari lotuta, eta argi eta garbi bereizten dituzte arriskutsuagoak edo arrotzak iruditzen zaizkien beste joko-mota batzuetatik.

  • Ilusioa, tradizioa eta sozializazioa

Nahiz eta % 66,2k arrazoi nagusi gisa “dirua irabaztea” aipatzen duten, analisi kualitatiboak erakusten du itxaropen ekonomikoa zozketaren ilusioarekin lotuago dagoela irabazia lortzeko anbizioarekin baino.  Arrazoi horren ondoan, tradizioak (% 22) eta entretenimenduak (% 8,2) leku garrantzitsua dute, eta jokoak funtzio instrumentala baino gehiago funtzio sinbolikoa eta errutinazkoa betetzen duelako ideia indartzen du horrek.

Era berean, azterlanak nabarmentzen du jokoa sakon txertatuta dagoela belaunaldi horiek sozializatu ziren testuinguru historikoak markatutako bizi-ibilbidean, eskaintza mugatua eta sozialki legitimatua baitzen.

  • Joko problematikoa

Jokatzen duten adinekoen % 98,8k ez dute joko-nahasmenduaren adierazlerik, DSM-V eskalaren arabera. Eskala horren arabera, joko patologikoa da “joko-jokabide iraunkorra eta desegokitzailea, klinikoki ezinegon esanguratsua eragiten duena”.  

65 urtetik gorako jokalarien % 0,4 baino ez dago joko patologiko arineko egoeran (ez da antzeman nahasmendu moderatuaren edo larriaren kasurik), eta joko problematikoko fasean egon litezkeen beste % 0,8 gehitu ahal zaio. Termino absolutuetan, biztanleriaren zenbatespenak adierazten du 4.000 adineko baino gehiago egon daitezkeela arrisku-egoeran Euskadin, eta 2.000 inguru joko patologiko arinaren egoeran.

Atzera begiratuz gero, txostenak jasotzen du % 2,4k aitortzen duela iraganean gehiegizko joko-arazoak edo mendekotasuna izan zituela.

  • Aldeak adinaren, generoaren eta bizikidetza-ereduen arabera

Azterlanak ez du arrakala handirik identifikatzen sexuaren arabera jokoaren prebalentzian, ezta joko problematikoan ere, eta horrek adierazten du zahartzaroan beste adin-talde batzuetan baino genero-desberdintasun gutxiago dagoela jokoan.

Bestalde, adinak gora egin ahala (batez ere adin nagusienetan) maiztasuna eta gastua pixkanaka jaitsi egiten dira. Zahartzaro gaztea izenekoan, pertsonen % 90,5ek jokatu du ausazko jokoetan azken 12 hilabeteetan, eta ehuneko hori zertxobait jaitsi egiten da tarteko zahartzaroan (% 87,5) eta nabarmenago jaisten da zahartzaro aurreratuenean (% 75,2). Era berean, gastuari dagokionez, zahartzaro gaztean dauden pertsonek dituzte batez besteko handienak, 8,5 euro azken astean eta 39,4 euro azken hilabetean. Tarteko zahartzaroan, eta, bereziki, aurreratuenean, batez besteko gastuak nabarmen egiten du behera, eta 6,5 eurokoa da astean eta 25 eurokoa hilean zaharrenen kasuan. Kasu honetan gizonek, batez beste, emakumeek baino gastu handiagoa egiten dute bai epe laburrean bai ertainean.  

Bizikidetza-motak alde nabarmenak erakusten ditu jokoan parte hartzeari dagokionez, eta etxean lagunduta bizi diren adinekoak dira gehien parte hartzen dutenak (% 90,1), eta, ondoren, bakarrik bizi direnak (% 85.2). Parte-hartze horrek nabarmen egiten du behera egoitzetan bizi diren edo laguntza formala duten pertsonen artean, eta kasu horretan % 54,4k bakarrik adierazi du azken 12 hilabeteetan jokatu duela.  

Datu horiek berresten dute adinean aurrera egin ahala jokoa noizean behingoa eta kontrolatuagoa izaten dela, arrisku-dinamiketatik urrun.

ONDORIOAK

Azterlan honen ondorioa da Euskadin 65 urtetik gorakoen artean jokoa, orokorrean, oso zabalduta dagoela, kulturaren eta belaunaldien ikuspegitik onartuta dagoela, jokatzen dutenek denbora pasatzeko eta sozializatzeko jokatzen dutela eta joko problematikoa oso urria dela.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Jokoaren Euskal Behatokiak informazioa biltzeko, aztertzeko eta interpretatzeko egindako lanari esker, ebidentzietan oinarritutako politika publikoak ezartzeko konpromisoa berresten du, lurraldean jokoaren eskaintza Euskadiko gizarte-errealitatera egokituta egon dadin.